Ez mugitzea da gakoa

Fleche Wallone klasikoa jokatuko da gaur, eta, urtero bezala, Huyko hormak emango du epaia. Azken hamar urteotan azken 400 metroetan sartuta iritsi dira eraso erabakigarri guztiak.

unai zubeldia
2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ezetz, alferrik dela. Ez mugitzeko. Ez mugitzea dela irabazteko gakoa. Kilometroko pankartapetik pasatuta, eutsi tentazioari. Segi babesean. Igo erritmoa, baina segi artaldean. Ezkerrera bihurgunea lehenengo, eskuinera gero. Eta sufrimendua. %26 batez besteko aldapa. 400 metro. Eutsi. Eta 198,7 kilometroko berotuaren ondoren, orduan bai, mugitu, jo erasoa, astindu astindu beharrekoak... eta altxatu bi besoak. Horixe da Fleche Wallone, 198,7 kilometroko beroketa lana eta 300 metroko mugimendua. 2004tik iaz arte, azken 400 metroetan sartuta jotako erasoek soilik izan dute arrakasta Huyko horman gora.

Orain bi urtekoa izan zen erasorik goiztiarrena, Joaquim Rodriguezek (Katuxa) 400 metro falta zirela jo zuena. Ryder Hesjedal (Garmin) eta Lars Petter Nordhaug (Skyn 2012an, Belkinen orain) azken gerri kolpeak emanez iritsi ziren Huyko magalera, baina kataluniarraren erasoak txikitu zuen multzoa. Urrutitik jo zuen erasoa Katuxakoak, baina ez zen lehertu. Huyk arrisku hori daukan arren; igoeraren berotasunean goiz samar mugitzea eta azken 300 metroetan ezinean geratzea. Igor Antonek (Euskaltelen 2010ean, Movistarren orain) daki ondo Huyko ezina zer den. Orain lau urte, 525 metro falta zirela mugitu zen bizkaitarra, oso goiz, indarrean, Alberto Contador (Saxo) gurpilean zuela. Eutsi zion joari. Baina 100 metro falta zirela agertu zen Cadel Evans (BMC), ordura arte ezkutuan ibilita. Lehertuta, laugarren amaitu zuen Antonek, sei segundora.

Iaz, Carlos Alberto Betancur (Ag2r) behe-behetik ausart mugitu ondoren, 200 metro eskas falta zirenean jo zuen erasoa Dani Morenok (Katuxa), eta 100 metro aurrerago harrapatu zuen kolonbiarra; 2011n helmugarako 250 metro falta zirenean egin zuen erritmo aldaketa Philippe Gilbertek (Omegan orduan, BMCn orain), Christophe Le Mevelen (Garminen orduan, Cofidisen orain) ahalegina ezerezean utzita; Huyko hormatzarra amaitzeko 150 metro falta zirela mugitu zen 2009an Davide Rebellin (Serramentinorduan, CCCn orain); 175 metro falta zirela Kim Kirchen (Highroaden orduan) 2008an eta DaniloDi Luca (Liquigasen orduan) 2005ean; eta are berantiarragoak izan ziren Rebellinen 2007ko mugimendua —150 metro eskas falta zirela—, Alejandro Valverderen (Caisse d'Epargnen orduan, Movistarren orain) 2006koa —100 metro falta zirela—, eta Rebellinen 2004koa —75 metro falta zirela—.

2003an, Astarloa ihesaldian

Azken hamarkadan odol hotzak saria izan du, beti, Huyn gora. Baina 2003an aspaldiko lasterketarik arraroena eta ikusgarriena izan zuen lasterketak. Euskal zaleen begietara, bereziki. Huyko lehen jaitsieran osatu zen ihesaldia, hamabost txirrindularikoa, eta tartean sartu ziren, besteak beste, Igor Astarloa (Saeco) eta Aitor Osa (iBanesto.com). Biak elkarrekin iritsi ziren Huyko azken igoerara, eta ermuarrak altxatu zituen, azkenean, bi besoak, 200 metro falta zirela egin zuen mugimendu indartsuarekin. Ezohiko amaiera izan zuen 2003ko Fleche Wallone hark, gehien-gehienetan azken 300 metroetan sartu arte ez mugitzea izaten delako garaipena lortzeko biderik samurrena.

11:00etan hasita, Bastogne eta Huyren artean (199 km) ahalik eta beranduena mugitzeko estrategia joko horretan, bospasei txirrindulari ageri dira gaur faboritoen zerrendan: Gilbert —Amstel Gold Race irabazi berritan—, Valverde, Michal Kwiatkowski (Omega), Jelle Vanendert (Lotto), Daniel Martin (Garmin) eta Moreno.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.