22 urte eta lehen taldearekin 500 partidatik gora jokatu ondoren, Markel Susaetak (Eibar, Gipuzkoa, 1987) Athletic utziko du ekainaren 30ean. Jakina zena baieztatu zuen atzo, baina azken egunetan zabalduriko albisteen inguruko bere bertsioa eman nahi zuen. Erretiroa Athleticen hartzeko ilusioa zuen Susaetak, baina «egungo egoerak» ez du ahalbidetu hori. Taldearen azken eskaintza ez zuen entzun ere egin, eta «minduta» dago bere kontratuaren berritzeak sorturiko «eztabaidarekin». Hori bai, ez du erretiroa hartzeko asmorik: oraindik goi mailan jokatzeko moduan ikusten du bere burua. 31 urte ditu, eta hamahirugarrena da sasoi honetan Athleticekin minutu gehien jokatu duten jokalarien artean.
Galderarik onartu gabe, zazpi minutu eskaseko agerpen batekin, eta aipatu gabeko kontuak esanikoak baino gehiago diren sentipena barreiatuz esan zuen agur Susaetak. «Aurrerantzean izango dut gehiago hitz egiteko aukera. Ezin dugu ahaztu taldeak oraindik asko duela jokoan, eta sasoia ondo bukatzean jarri behar dugula arreta guztia». Diskrezioa maite izan du beti Susaetak, eta badirudi hori hautsi izana ez zaiola gustatu. «Denboraldi honetan nire kontratu berritzearekin sortu den eztabaidak min handia eman dit. Agian, nire errua izan da, ozen ez hitz egin eta taldearen interesa nire aurretik jartzeagatik». Duela hilabete, Bizkaiko hedabide batzuek negoziazioen inguruko informazioa zabaldu zuten, jarrerak urrun zeudela esanez.
Susaetak azaldu zuenez, iragan ostegunean bildu zen azkeneko aldiz zuzendaritzarekin, eta ez zuen eskaintza entzun nahi ere izan. Taldeak bere jarreraz hausnartzeko eskatu zion, eta jokalariak atzo publikoki eskertu zuen keinua, baina ez zuen aldatu: erabakia hartua zuen. Susaetak ez zuen argibiderik eman aurretik izandako negoziazioez, ez arlo ekonomikokoez, ezta iraupenaren ingurukoez ere. «Egoera honetan, eta hilabete luzez pentsatu ondoren, taldeko zuzendaritzari jakinarazi diot nik ez jarraitzea dela biontzat onena». Era berean, ukatu egin zuen Josu Urrutia aurreko presidenteak kontratua berritzeko eskaintza egin zionik.
Susaetak ez zuen espero inoiz Athletic utzi behar izaterik. 9 urterekin iritsi zen Lezamara, eta «talde bakarreko jokalaria» izatea zen haren asmoa. 506 partida jokatu ditu lehen taldearekin, eta bosgarrena da Athleticekin partida gehien jokatu duten jokalarien zerrendan. Susaeta, baina, maila onean jokatzen jarraitzeko adinean dago, eta hori du asmoa. «Nire pasioa da, eta egitea gehien gustatzen zaidana». Erdilariak, dena den, oraindik ez daki non jarraituko duen, eta, atzo azaldu zuenez, oraindik ez da bila hasi.
Esker oneko hitzekin bukatu zuen bere agerraldia. Athleticen aritzea «ohorea» izan dela esanez, eta orain arte zelaian emaniko babesa bazkide moduan mantenduko duela. Emaztearekin, alabarekin eta familiakoekin oroitu zen, baita taldeko langile eta entrenatzaile izandakoekin ere. Taldekideak ere goratu zituen, prentsa aretoan zeuden guztiak. «Athleticetik eramango dudan onena lagunak dira. Haiekin gerlara joateko modukoak dira». Kideen txalo artean utzi zuen aretoa. Bertan ziren Aitor Elizegi Athleticeko presidentea eta Jose Angel Iribar atezain historikoa.
«Ez jarraitzea, biontzat onena»
Markel Susaetak baieztatu egin du ez duela entzun nahi izan Athleticen azken eskaintza. «Oso minduta» dago bere kontratu berritzearen auziak sortu duen eztabaidarengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu