Urruti dago Galizia Euskal Herritik, baina oso gertu ari da ikusten aste osoan Mikel Arostegi (Orio, Gipuzkoa, 1984), San Pedroko arraunlari eta entrenatzailea. Eusko Label ligan jarraitzeko beste aukera bat irabaztea du jokoan han, bihar eta etzi, eta azken lau estropadetako aurkari zuzena, Astillero, atzean utzi izanak ikusarazi dio aukerak badituztela.
Astilleroren aurretik zaudete, eta, ikusita nola zeundeten duela gutxi, ez dago gaizki, ezta?
Bagenekien atzean ibiliko ginela hasieratik, eta gure asmoa zen ligari ekin genionean bi atzean uztea. Baina Isuntza indartsuagoa izan da. Astillerorekin, berriz, lau puntuko atzerapenarekin ere ibili ginen, eta ez da denbora asko pasatu ordutik. Haiek harrapatzea jarri genuen helburutzat, eta lortu dugu nahi genuena.
Nola daukazu taldea bi final hauei begira?
Egoera onartzea ez dugu zaila izan, garbi genuelako non ibiliko ginen. Sailkapenean azkenak izan garenean ere, taldeak sekulako gogoarekin segitu izan du entrenatzen, eta, azken estropadako emaitza on hauekin, Astillerorekin batera jarrita, ikusi dugu oraindik ere aukerak dauzkagula ez jaisteko eta kanporaketara joateko.
Taldeak gogotsu jarraitu duela esan duzu, baina garairik txarrenean etsialdirik izan duzue?
Ez zaigu horrelakorik etorri. Lan ona ari gara egiten lan saioetan, eta ez gara erori pentsamendu txar eta ezkorretan.
Estropada onak ere egin dituzue, baina emaitzak ez hain onak, askotan ibili baitzarete zorterik gabe kale zozketan.
Hala da. Ez naiz aitzakiak jarri zalea, eta ez noa horretara, baina zorterik gabe ibili gara. Txarra tokatu izan zaigunean, ondorengo txandei begira nengoenean, ea gure kaletik besteren batek irabazi zuen begira egoten nintzen, eta ez dut uste inoiz irabazlerik izan denik guk aurretik arraun egindako kale txarretatik. Gertatzen da zuk lan txarra egin, kaleari errua bota, baina ondorengo txandetan kale horretatik beste bi taldeak azkar ibiltzea. Hori gertatzean, garbi egoten da zuk egin duzula lan txarra, baina, aurten, gure kasuan, gure kale txar horietatik gero ez du inork irabazi.
Nola ikusten duzu aurkari zuzena, Astillero? Azken estropadetan ez da fin ibili.
Zazpi aldiz irabazi digu, eta ondo dakigu bihar eta etzi ere lehian ibiliko dela. Ezin gara gure bidetik atera; ezin gara despistatu. Azken estropadetan guk aurrea hartu diegunez, normala da haiek behera egitea konfiantza aldetik, eta guk, aldiz, gora. Baina garbi daukat: Galiziako bi estropada hauetan gurea egin beharko dugula. Oso arriskutsua da Astillero, gai da lan ona egiteko.
Bueu eta Boiroko bi eremuak haizetsuak dira. Egokiak al dira zuen ezaugarrietarako?
Oso berdindua joan da liga, eta, kale zozketa gorabehera, dantza handia ibili da aurten postuetan. Horrek ematen dit kezka gehien biharko eta etzirako. Aukeran, alboan nahi dut Astillero, eta ez gu punta batean eta hura bestean. Badaezpada ere, gertu nahi dut, kaleen arteko ezberdintasuna egonda ere, ahalik eta txikiena izateko. Haizearena-eta denontzako berdina da azkenean.
Kaleetan zorte onik ez, eta zuek emaitza ona lortu duzuen egunetan ere ez: zuen eta Astilleroren artean, bitan bakarrik sartu da beste talderen bat tartean.
Guk beti izan dugu itxaropena besteren bat gehiago sartuko zela bion artean, baina ez. Begira Zarautzen, aurreko asteburuan: larunbatean, Cabo ez zen sartu gu bion artean, hiru segundogatik, eta, igandean, Kaiku geratu zen gure aurretik, bi segundogatik. Horrela atera dira gauzak, eta onartu egin behar ditugu.
Ez da dudarik asteburua oker ateraz gero eta gaizki arituz gero kolpe bat izango zela, baina udazkenean arrisku hori barneratua zenuten.
Baten batek izan behar du azkena, hori garbi dago. Iaztik arraunlari asko falta zaizkigu, eta etxekoekin eta kanpotik etorritako pare batekin osatu dugu trainerua. Azkena egitea pena litzateke, baina, datorren urtera begira talde osoak jarraituko balu, aurtengo lanak balioko liguke.
Ondo ateratzen bada asteburua, berriz, kanporaketara joango zarete. Zer tankera hartzen diozu?
Ematen du, eta errespetu guztiarekin esanda, KAE 1 ligakoak gure aldean aurten pixka bat beherago daudela, baina kanporaketako lehen estropada, Bermeokoa, oso arriskutsua izaten da. Gainera, behetik datorrenak sekulako ilusioa edukitzen du, eta azkenean, aurkari guztiak dira arriskutsuak.
Kanporaketa jokatu eta Eusko Label ligan segitzea Kontxako Bandera irabaztearen parekoa litzateke zuentzat?
Bai, sekulakoa litzateke. Kanporaketara joatea ere, udazkenean geunden bezala egonda, bandera bat irabaztearen antzekoa izango litzateke guretzat.
Taldea atzean ibili dela kontuan izanda, entrenatzaile zaren aldetik, lan psikologikoak aurreko urteetan baino garrantzi handiagoa izan du?
Denetik egin behar izaten da. Entrenatzen ondo ibili garenez, gozatzeko aukera ere izan dugu, eta, arrauna benetan gustatzen zaigunez, hori ere gure alde izan dugu emaitza txarrenak izan diren garaian behera ez egiteko. Daukagunari eta garenari ahalik eta errendimendu onena ateratzen saiatzen ari gara. Oso garrantzitsua da garbi edukitzea zer daukazun eta nor zaren, ezin baitira jarri bete ezin diren aurreikuspenak. Bakoitzak bere mugak dauzka.
Astillero, zuek eta Isuntza hari batean zabiltzate uda osoan. Gogorra da, ezta?
Gogorra izan da, eta kale zozketan zorte handiena izan duenak dauzka puntu gehien.
Zer iritzi duzu Urdaibaik Joseba Fernandezi dagokionez hartu duen erabakiaren inguruan?
Pena da denboraldian zehar entrenatzailea edo arraunlaria botatzea. Erabakiak dira, eta haiek jakingo dute.
Arrauna. Eusko Label liga. Mikel Arostegi. San Pedroko entrenatzailea
«Ez jaisteko aukera dugula ikusi dugu»
Zirt edo zart egiteko ordua da San Pedrorentzat. Azken bi estropadak ditu bihar eta etzi, Galizian, eta Astillerorekin berdinduta dago, azkenarekin. Bat jaitsi egingo da Eusko Label ligatik, eta bestea kanporaketan ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu