Osasunaren historian neurketa gehien jokatu duten atezainetan hirugarrena da Sergio Herrera (Miranda de Ebro, Espainia, 1993). 2017an iritsi zen Iruñera, eta ordutik, 218 aldiz zaindu du Osasunaren atea. Soilik Javier Bikuña (232 partida) eta Roberto Santamaria (291) ditu aurretik. «Lan asko egin behar izan dut horren urrun iristeko». Eta oztopo batzuk ere gainditu behar izan ditu; lehen sasoian, adibidez, belauna puskatu zuen. «Hortik aurrera, ordea, ia dena nahieran atera da. Eta orain, nire ibilbideko garairik onenean nago».
Europako postuak hurbil dituzue oraindik, baina partida bakarra irabazi duzue azken hamahiru partidetatik. Hori ikusita, baikor ala ezkor zaude?
Ni baikorra naiz. Sasoi hasieran sinatuko genukeen orain gauden egoeran egotea. Aurten agian zortzigarren sailkatua ere Europan sartuko da, beraz, borroka horretan gaude, beste talde askorekin batera. Anbizioa izan behar dugu, eta ahalik eta partida gehien irabazten saiatu.
Kontua da, ordea, aspaldian irabazi ezinik zabiltzatela.
Partida asko berdindu ditugu, eta horietako zenbait irabaztea merezi genuen. Ordea, xehetasun txikiak eta zorte txarra tarteko, ezin izan ditugu puntuak hirunaka bildu. Futbolean halako boladak izaten dira, eta hori ondo dakigu Osasunan. Beste batzuetan, arreta eguneroko lanean jarrita eta taldearen kalitatean sinetsita egin izan dugu aurrera. Hots, badakigu zein den bidea. Europara iristeko partida gehiago irabazi behar ditugu, Sadarren babesa baliatuz.
Salbatze hutsa gutxiegi izango litzateke aurten?
Ez dugu erdibidean gelditu nahi, hau da, azkeneko partidetan jokoan deus gutxi izan nahi dugu. Ilusioari bukaerara arte eutsi nahiko genioke. Baina salbatzeari ezin zaio baliorik kendu.
Jagoba Arrasaterekin sei urte egin ostean, Vicente Morenoren agindupean zaudete orain. Uste baino samurragoa izan da aldaketa?
Bi teknikari ezberdin dira. Bakoitzak bere lan egiteko modua dauka. Hala ere, Jagobak garbi utzi zion Vicenteri nolako taldea garen, eta zer aurkituko zuen hemen. Vicente ederki egokitu da, eta hasieratik oso lan ona ari da egiten. Egia esan, ez dut aldaketa handirik nabaritu.
Taldearen jokoak kritikak piztu ditu zenbait partidatan, etxetik kanpo batez ere. Anbizio eta ausardia falta leporatu dizuete. Zer iritzi duzu zuk?
Ez dut uste anbizio kontua izan denik. Ordea, zalantzak sortzen zaizkizu irabazten ez duzunean. Uzkurrago jokatzen duzu, nahi gabe bada ere. Ez zaude horren solte. Eta zorte txarra ere izan dugu: Las Palmasen, adibidez, errebotez jaso genuen gola. Asko hitz egin da partida horren inguruan, baina 0-1 irabazi izan bagenu, kritikak ez ziren hainbestekoak izango. Edo bigarren golaren bila abiatu eta ordena galdu izan bagenu, agian hori ere gaizki irudituko zitzaion hainbati.
«Futbol profesionalean ia partidarik jokatu gabe iritsi nintzen Iruñera. Ez neukan oinarri handirik. Sekulako bilakaera izan dut hemen»
Morenok urte bakarrerako sinatu zuen Osasunarekin; hots, sasoi amaieran bukatuko zaio kontratua. Haren esanetara egon nahiko zenuke aurrerantzean ere?
Ni pozik nago Vicenterekin. Uste dut oso ondo prestatuta dagoela, eta Osasuna ondo kokatu duela sailkapenean. Askorentzat agian are gorago egon beharko genuke, baina, nire ustez, harro egon behar dugu sasoi honetan egiten ari garen lanaz. Hasi aurretik beldur handia zegoen, entrenatzaile aldaketa zela eta. Ezkortasun handia nabaritzen nuen. Ni pozik nago taldearen egoerarekin, eta baikorra naiz Vicenteri dagokionez.
Zuri datorren urtean bukatuko zaizu kontratua. Hasi zara solasean klubarekin, edo ez dago presarik?
Klubak arreta beste kontu batzuetan du jarria orain. Udako merkatua gero eta gertuago dago, eta datorren denboraldiko taldea osatzen hasiak izango dira. Nik oraindik beste urtebeterako kontratua dut, eta gauza bakarra esan dezaket: oso pozik nagoela hemen. Asko eskertzen diot klubari urte hauetan guztietan nirekin izan duen jarrera.
Osasunaren historian partida gehien jokatu duen atezain bihurtzeko bidean zaude. Akuilu handia da zuretzat?
Estatistikak hor daude, eta ilusioa eragiten didate. Lan asko egin behar izan dut horren urrun iristeko. Baina halako markek ez naute itsutzen. Osasunatik alde egindakoan klubaren historian partida gehien jokatu duen atezaina banaiz, gauza handia izango da, noski. Baina ez dut asko pentsatzen horretan.
Duela zortzi urte iritsi zinen Osasunara. Nola aldatu zara pertsona eta atezain gisa?
Pertsona gisa, helduagoa naiz orain. Hutsegiteetatik ikasiz joan naiz. Eta kirol arloari erreparatuz, sekulako hobekuntza izan dut. Futbol profesionalean ia partidarik jokatu gabe iritsi nintzen Iruñera. Ez neukan oinarri handirik. Sekulako bilakaera izan dut, Richardi [Sanzol, atezainen prestatzailea] eta izan ditudan entrenatzaile guztiei esker. Denboraldirik zailena, akaso, aurrenekoa izan zen, belaunean lesio larri bat izan bainuen, eta, gainera, taldea nahi baino makalago aritu baitzen. Hortik aurrera, ordea, ia dena nahieran atera da. Eta orain, nire ibilbideko garairik onenean nago.
«Kapitain besokoak ez dizu ezer aldatzen. Normaltasunez hartu behar da. Ez zaitu besteak baino gehiago egiten»
Nola sentitzen zara kapitain besokoa jantzita?
Ez dizu ezer aldatzen. Normaltasunez hartu behar da. Ez zaitu besteak baino gehiago egiten. Horren ordez, eredu izan behar duzu taldekideentzat. Kapitainak klubaren barruan ibilbide luzea duen norbaitek izan behar du, berdin dio zer postutan jokatzen duen. Egia da atezainak epaileengandik urrun egoten garela, eta, horregatik, guretzat zailagoa izan da besokoa lortzea. Baina araudian izandako aldaketek mesede egin digute.
Zu, gainera, nabarmendu egiten zara zelaian. Oso jokalari suharra zara.
Taldekideei eta zaleei energia transmititzea gustatzen zait. Niretzat lagungarria da futbola horrela bizitzea, eta, taldekideei ere on egiten badiet, ba are eta hobeto. Era berean, errespetuz jokatzen saiatzen naiz beti, inori iseka egin gabe, nahiz eta batzuetan aurkarien zaleek nire keinuak gaizki hartu. Futbola bizitzeko nire modua da, eta uste dut bat datorrela Osasunaren zaleen izaerarekin.
Zer amets bete nahiko zenuke Osasunatik joan aurretik?
Europa Sadarrera ekarri nahiko nuke. Sekulakoa litzateke. Ea sasoi honetan bertan lor dezakegun Europa ligarako sailkatzea. Valentziari irabaztea urrats garrantzitsua litzateke. Irabazi egin behar dugu. Era berean, Valentzia ezin dugu gutxietsi; hobera ari da egiten, eta jokalari onak ditu. Erne ibili behar dugu. Gauzak behar bezala eginez gero, ziur naiz garaipena etxean geldituko dela.