Xanti Zabaleta. Orioko entrenatzailea

«Ez genuen espero liga irabaztea bi estropada falta zirela»

Orioko emakumezkoen traineruko entrenatzaile lanean bigarren urtez segidan irabazi du Euskotren liga, eta esan du «motibazio eta poz berezia» eragin diola: «Asko kostatakoa izan da egoera orokorragatik».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Orio</i>
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Xanti Zabaleta (Orio, Gipuzkoa, 1968) pozik dago. Aurpegian antzematen zaio. Euskotren liga irabazi du Orioko emakumezkoen traineruko entrenatzaile lanetan, bigarren aldiz segidan, eta hori bezainbat betetzen du eta irribarrea ere sortzen dio taldea aurten ere hazten ari izanak.

Zer hausnarketa eragin dizuEuskotren liga irabazteak?

Gizartean bizi izaten ari garen egoera kontuan izanda, zaila egin zait lehiatik kanpo gozatzea, baina estropadetan beste gozamen bat bizi izan dut, gentozen egoeratik etorrita. Gustura ibili gara, nahiz eta irregular aritu, beste guztiak bezala, egoerak eraginda. Bi jardunaldi falta direla liga irabaztea ez zegoen gure aurreikuspenetan. Oso gustura nago taldearen lanarekin eta emaitzarekin. Bigarren liga da, oso ezberdina, eta motibazio eta poz handia eragin dit, asko kostatu delako egoera orokorragatik.

Irregulartasunarena zergatik aipatu duzu, estropada guztietan lehian bazabiltzate?

Taldean ohitura ezarrita daukagu estropada bakoitzaren ondoren autokritika egiteko, eta gauza batzuetan fin ez gabiltzala ikusi dugu. Taldea ikasten ari da autokritika kudeatzen. Lan zaila da, baina taldea heldutasunaren bidean doa.

Arraunlari guztiei ematen ari zara aukera aurten ere, eta denek irabazi dute banderaren bat.

Gure lanerako joera hori da, baina arraunlariek ere irabazi dute hala izatea. Konpromiso handia erakusten ari dira, eta zergatik ez denei aukera eman? Ez da erraza, batzuetan emaitza bera jartzen delako dantzan, baina heziketa aldetik hazkuntza da. Taldea hazteko onuragarria da, eta errazagoa da testuinguru horretan lan egitea.

Ligako etxeko estropada eta Euskadiko txapelketa ez irabazteak zenbateko mina egin dizu?

Min handia. Bietan joan ginen irabaztera, baina Donostiarrak ondo irabazi zizkigun bi estropadak. Zoriondu egiten ditut. Lehiaketa bat da, eta gauza txikiak eta handiak ondo egiten dituena izaten da irabazlea.

Euskadiko txapelketaren ondoren, berriz ere irabazle izan zarete hurrengo bi estropadetan. Erori bai, baina jaiki ere bai.

Euskadiko txapelketan neure buruari egur handia eman nion. Azken bi minutuetan sartu ziguten muturra, eta autokritika egin nuen, neure buruarekin, eta taldearen aurrean. Berriz ere lanerako jarri ginen, eta galdu izanak beste hauspo bat eman zigun, hurrengo asteburuan lan ederra egin genuelako. Segida eman behar diogu orain, eta konfiantzarekin daude arraunlariak. Horrelako kolpea hartu eta horrela jaikitzea ezin dezake edonork egin. Heldutasuna erakusten du. Berriz etortzen bada galtzea, hau kirola da, eta kirol legez onartu behar dugu. Zergatik irabazi ez dugun autokritika egin, eta aurrera.

Euskadiko txapelketako emaitzak belarriak erne jarri dizkizu Kontxara begira?

Errespetua diegu aurkari guztiei, eta talde bakoitzak dauzka bere baliabideak, eta nahi dituen bezala erabiltzen ditu. Interpreta dezaket Euskadiko txapelketan ligako araudirik gabe eman egin digula Donostiarrak, baina ezin dut ezkutatu azken bi minutuak arte lehian ibili ginela. Gogorra da aurkaria, eta gauzak ondo egin beharko ditugu. Ona da guretzat hori.

Zarauzkoa helburu berezia da?

Orion, gizonezkoetan, klasiko bat da Zarauzkoa, eta emakumezkoetan ere horrela izatea gustatuko litzaidake. Badugu aukerarik irabazteko, baina gauzak ondo egin beharko ditugu.

Segida ona hartuta zaudeten honetan, asteburu honen ondoren, hamazazpi egun egongo zarete lehiatu gabe, Kontxako sailkatze estropadara arte. Zuentzat une txarra da etena egiteko?

Jakina zen hala izango zela, eta ez nau asko arduratzen. Pena ematen dit beste asteburu bat gehiago ez lehiatzeak. Udaberrian egin ez zen lana egiteko balia dezakegu, edo arraunlariak indarberritzeko.

Zertan hobetu behar du taldeak?

Blokea egitea falta zaigu, eta konfiantza indartzea ere bai. Ez da erraza horiek hobetzea, baina hobetuz gero, asko ematen dute ondoren.

Txiki traineru zaharra utzi, eta San Nikolas berria hartzea erabaki zenuen ekainean, eta horrekin zabiltzate. Zergatik?

Aukera genuen traineru berria hartzeko, eta pentsatu nuen aurrerapausoa zela materialaren arloan. Apustu arriskutsua izan da, baina hor gabiltza. Kirola eta arrauna arriskua ere badira. Gustura gabiltza, kostatzen ari zaigun arren moldatzea. Iazko trainerua da, berria, eta teknikoki asko eskatzen du, hutsak agerian lagatzen dituelako, traineru zaharrak ez bezala.

Ausardia behar du, gero, ekainean halako apustua egiteko, hiru hilabetez lehorrean egon ondoren.

Batzuen ustez, astakeria zen, baina taldearen ezaugarrien arabera erabakia.

Nola ari zara hartzen COVID-19a lehian eragiten ari den guztia?

Oso arraroa da. Birusa bueltaka daukagu, eta ez dugu bermerik ez kutsatzeko. Gizarteari falta zaio beldur pixka bat edukitzea, baina bertatik bertara bizi izan ez duenak ez dio garrantzirikematen. Horrelakoak gara pertsonak. Arraunean, interesa jarri da kirolariok egin dugun lan handiari balioa emateko. Pozik nago gauzak nola eramaten ari garen ikusita, baina pena handia hartu nuen Arraun Lagunak lehiatu ezin izan zirenean. Arrisku hori hor dago, eta ,agian, gu gera gaitezke Kontxa jokatu gabe. Egunero gabiltza neurriak hartzen, testak egiten tarteka, arraunlariei galdezka zeinekin egon diren, eta abar. Azkenean, ondorioa ez da norbera gaixotzea bakarrik, gure kasuan; bat gaixotzen bada neurriak ez hartzeagatik, talde osoaren lana doalako pikutara. Eguneroko kezka dut neska bat etortzea ondo ez dagoela esanez. Disgustua litzateke.

Zer iruditzen zaizu ligaren protokoloa? Adibidez, ezin zarete dutxatu estropada lekuan.

Gabeziak daude. Leku bakartuetan jartzen gaituzte estropadetan, eta ondo dago. Baina euria egiten badu, zer? Ordu eta erdi egon beharko genuke euritan. Gero, aldagelarik ez daukagu. Onartu egin ditugu baldintzak, baina salduta bezala sentitzen naiz, ez dut babesik aurkitzen. Badakit zaila dela hamasei talderentzat aldagelak aurkitzea egoera honetako baldintzak betetzeko, baina beste hausnarketa sakonago bat behar zen azpiegituretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.