Athleticeko jokalariak zalantzaz josita daude. Duela pare bat hilabete Europako txartela esku artean ikusi ostean, saria lortzea nekeza izango dela konturatu dira. Aspaldian asko ari zaie kostatzen puntuak irabaztea, eta horrek eragina izan du futbolarien konfiantzan. Carlos Gurpegik, kapitain gisa, lan handia izango du taldekideak animatzen.
Real Madrilek San Mames bisitatu ostean, jokatu dituzue txapelketako lau onenen aurka jokatu beharreko neurketa guztiak. Athleticek ez du puntu bakar bat irabazi zortzi neurketa horietan. Zer diozu?
Estatistikek ez dute gezurrik esaten: bistan da zerbait falta zaigula talde horiei aurre egin ahal izateko; ez dugu asmatu.
Vila-realek Marchena zelairatu zuen zentralen aurretik eta ezerezean utzi zuen Llorente. Real Madrilek gauza bera egin zuen Pepe euskarri gisa zelairatuta. Athleticek ez al du B planik taldeko erreferentzia zainduta dagoenerako?
Horrela begiratuz gero... Alde positiboa aztertzea izango da onena. Goi mailako taldeek defentsan aritu beharko den euskarri bat zelairatu izanak erakusten du zerbait bagarela. Hala ere, horrelako oztopoak izan ditugunean ez gara gai izan gure jokatzeko era aldatzeko.
Europarako giltza San Mamesen zegoela esan duzue luzaroan. Kontua da etxean jokatutako azken lau partidetatik hiru galdu egin dituzuela.
Hala da. Zer esango dizut bada... Europarako txartela eskuratu gura badugu, etxean geratzen zaizkigun hiru neurketak irabazi beharko ditugu. Eta, hala ere, kanpoan bat edo beste irabazteko premia izango dugu. Goi mailako aurkariak izan ditugu aurrean, baina egia da ez gaudela bolada onean. Ea Realaren aurka zaleen aurrean neurketa bikainak jokatu dituen Athletic bueltatzen den.
Aspaldian asko ari zaizue kostatzen puntuak eskuratzea.
Ikaragarri. Lau garaipen jarraian eskuratu genituenetik asko aldatu dira gauzak. Hurrengo laurak galdu egin genituen. Eta ordutik gorabeheratsu ari gara. Ez gara gai Europarako urratsa ematea ahalbidetuko diguten bi edo hiru emaitza on kateatzeko.
Lau talde ari zarete Europako Liga jokatzeko aukera emango duten hiru postuetako bat lortzeko borrokan. Zure ustez zein geratuko da sari barik?
Athletic sailkatzen bada, berdin zait zer gertatzen den gainerako hiru taldeekin. Nik ez dut pentsatzen kanpoan geratuko garenik, baina, hala gertatuz gero, kolpe itzela izango litzateke jokalari eta zaleentzat. Denbora asko daramagu saria lortzeko borrokatzen.
Datorren jardunaldi bietan Osasuna eta Reala izango dituzue aurkari. Derbiak beti dira kanpromiso handiko norgehiagokak.
Osasunaren kontrako partida oso gaitza izango da. Gorritxoek arazoak dituzte berriz. Nafarroako Erresuma berez da zelai zaila, eta, Mendilibar ezagututa, are eta gogorragoa izango da. Asko presionatuko gaituzte. Osasunak aurreratu egingo du atzeko lerroa, eta, beraz, asko kostako zaigu baloiaren jabetza izatea. Euren gogo eta intentsitate berberarekin zelairatu ezean, ez dugu aukera handirik izango.
Zaldibarko entrenatzailea fitxatu zutenetik aurpegia aldatu zaio Osasunari. Talde arriskutsuagoa da orain.
Guk ondo ezagutzen dugu Mendi. Jokalariari berak duen gogo eta energia guztia igortzen dio.
Nafarroako Erresumako giroa beroa izango da. San Mames txiki bat dela esan daiteke.
Hala da. Guk badakigu zer aurkituko dugun han. Ondo ezagutzen dugun zelaia da. Gainera, azken urteotan ez dugu emaitza onik eskuratu. Denboraldion bi partida besterik ez du galdu etxean Osasunak. Lan ona egiten ari dela erakusten du horrek.
Nafarra zara, baina ez duzu sekula Osasunan jokatu. Hala ere, ez zaituzte asko maite.
Nik ez dakit zein den arrazoia. Nik estimu handia diot Osasunari. Ez dut ulertzen zaleek nirekin izan duten jarrera.
Azken jardunaldi bietan eskuin hegalean aritu zara. Harritu egin al zaitu entrenatzaileak hartu duen erabakiak?
Ez nago harrituta. Etxetik kanpo ez gara ondo aritu. Presioan ez dugu asmatu, eta, horregatik, aurkariek eroso jokatu dute. Horri buelta emateko Almerian eskuin hegalean zelairatu ninduen. Gauzak ondo atera zirenez, berriz ere jarri ninduen hor Real Madrilen aurka teknikariak.
Osasunaren kontra euskarrira bueltatzeko aukera handiak dituzu. Zu zara Javi Martinezen lekua betetzeko hautagai nagusia, hura zigortuta baitago txartel pilaketa tarteko.
Iturraspe eta ni gara hautagaiak. Iturraspe oso ondo aritu da azken neurketa bietan. Hala ere, gogotsu nago postu horretara bueltatzeko.
Eskuin hegalean ondo aritu zaitezkeen arren, zu zelai erdian nabarmentzen zara.
Nik erdian gozatzen dut gehien. Euskarria naiz. Hala ere, hegalean jokatzeko agintzen badidate, gustura hartzen dut ardura.
Athleticen ibilbideaz gain, klubean badira beste kontu asko. Caparrosen etorkizuna da horietako bat. Llorente entrenatzailearen kontratua luzatzearen alde agertu da. Eta zu?
Futbolariok ez dugu gai horren inguruan iritzirik eman behar. Hori bai, emaitzak onak izan dira.
Bestalde, hauteskundeak ere ate joka daude. Presidente ona izango al litzateke Josu Urrutia?
Ufff! Ziur naiz presidente ona izango litzatekeela.
Azkena. Kontratua luzatzeko negoziatzen ari zara. Zer daukazu kontatzeko?
Behin elkartu gara. Laister egingo dugu bigarren bilera. Ez dut uste arazorik egongo denik. Nik Athleticen jarraitu gura dut, eta klubak nik jarraitzea gura du.Kontratua sasoia amaitu aurretik luzatuko dudala uste dut.
Carlos Gurpegi. Athleticeko jokalaria
«Ez gara gai Europara eramango gaituzten emaitza onak kateatzeko»
Andosillako jokalariak Javi Martinezen hutsunea beteko du, euskarrian, euskal derbian. Sasoia amaitu aurretik Athleticekin duen kontratua luzatu egingo duela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu