Aspeko pilotaria

Joseba Ezkurdia: «Ez gara faborito, baina ez gara inor baino gutxiago»

Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak hirugarren garaipena lortu dute binakakoan, eta bete-betean sartu dira kanporaketarako sailkatzeko lehian. Argi du: «Borrokarako gaude».

(ID_13504181) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-01-16, Eibar. Pilota
ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 18a
05:05
Entzun

Joseba Ezkurdia (Arbizu, Nafarroa, 1991) ia hilabete egon da astea pozik hasi ezinik, lau astez jarraian galdu izanaren ondorioz. Baina, azken partida irabazita, bolada txarra eten dute hark eta Xabi Tolosak. Animatuago daude. 

Asteari gogoz ekiten zaio irabazi eta gero?

Bai, noski. Irabazi eta gero, animoak eta konfiantzak gora egiten dute. Lasaiago, hobeki eta ilusio gehiagorekin gaude orain Xabi [Tolosa] eta biok; txapelketan buru-belarri sartuta gaude.

Zer esan zenioten elkarri aste honetan lehen aldiz batu zinetenean?

Asteartean izan zen, Olaberrian [Gipuzkoa]. Han geratu ginen biok, Gasteizera, pilota aukeraketara, elkarrekin autoan joateko. Bidaian, azken partidari buruz hitz egin genuen. Biak berdin gaude: oso gogotsu, eta hurrengo partida jokatzeko ilusio handiarekin.

Irabazi beharra zenuten. Aurreko lau partidak galdu zenituzten.

Behar genuen. Ez ginen nahi bezala aritu lehen itzulian. Guk ikusten genuen gurea eginez gero aukera izango genuela. Ikusi, eta egin: bi bikote gogorri irabazi genien [22-11 Peio Etxeberriari eta Jose Javier Zabaletari, eta 22-21 Jokin Altunari eta Julen Martijari]; beste batzuei, berriz, aurre egin genien partidaren zenbait zatitan. Baina beste batzuetan, ordea, ez ginen ondo aritu, eta partida erabakigarri batzuk galdu genituen. Horrelakoa zen azken neurketa: oso garrantzitsua, presio handikoa, eta irabazi beharrekoa txapelketan bete-betean sartzeko. Oraingoan, irabazi egin genuen. Oso gustura bukatu genuen.

Txapelketan jokatu duzuen partidarik onena izan da?

Irabazi ditugun hiru partidetan oso ondo jokatu dugu.

Oraingoan, gainera, biak aritu zineten ondo.

Bai, eta horren beharra ere bagenuen. Galdu ditugun zenbait partidatan Xabi ez da ondo aritu, eta beste batzuetan, aldiz, ni. Oraingoan, ordea, biak aritu ginen egoki. 

Partida amaitzean esan zenuen konplexuak kendu zenituztela. Zer esan nahi zenuen?

Ez garela faborito, baina ez garela inor baino gutxiago. Badakigu zaila dela, baina badakigu ere gurea egiten badugu goiko aldean egon gaitezkeela, gauzak ongi egin ditzakegula. Horretan saiatu behar dugu, inolako beldurrik eta presiorik gabe.

«Ondo nago, sasoiko eta txinpartarekin. Horrek ematen dit amorru gehien, ez dudala ondo lan egin buruarekin»

Zenbait partidatan pentsatu duzue gutxiago zaretela?

Ez dugu pentsatu gutxiago garenik, baina, zenbaitetan, partida ez da hasi guk nahi bezala, aurkariek lauzpabost tantoren aldea lortu dute, eta azkarregi atera gara partidatik, eta galdutzat eman. Etsita eta haserre aritu gara batzuetan, eta hori zuzendu beharra dugu. Ez da ezer pasatzen lauzpabost tanto azpitik joateagatik; lanean segitu behar dugu.

«Burua ondo badugu, ondo jokatzen dugu». Hori ere esan zenuen. Orain ondo duzue burua?

Bai. Badakigu adi bagaude ondo aritu gaitezkeela. Horretan saiatu beharra dugu. Fisikoki ondo gaude, txinpartarekin, eta burua ondo badugu, barruan duguna aterako da.

Zer moduz zaude zu? Zer moduz ari zara?

Denetarik izan dut: hiruzpalau partidatan aurkariek tanto sorta bat egin digute, eta ezinean hasi naiz, eta etsita amaitu dut. Baina ondo nago, sasoiko, eta txinpartarekin. Horrek ematen dit amorru gehien, ez dudala ondo lan egin buruarekin, eta zenbait partidatan ez naizela egon behar nuen bezain adi. Hori zuzendu beharra dut.

Laugarren urtez jarraian zabiltza estu eta larri sailkatzeko: bitan Tolosarekin, eta behin Ladis Galarzarekin eta Julen Martijarekin. Noizko binakako lasaiago bat?

Iaz, Martija eta biok gaizki aritu ginen [ez ziren sailkatu kanporaketarako], baina, duela bi urte, Tolosarekin, bigarren itzuli oso ona egin genuen, eta kanporaketarako sailkatu ginen. Azken bi aldiak ez dira izan nahi bezain onak, baina, Tolosarekin jokatu nuen aldi horretan, gozatu egin genuen biok, eta ondo aritu ginen bigarren itzulian; horri erreparatzen diot. Aurten ere hori da helburua: bigarren itzuli ona egitea, eta berriro elkarrekin gozatzea. Bidean gaude: gero eta hobeki ari gara. 

Mugarriren bat egon da?

Tolosan [Gipuzkoa] Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren aurka jokatu genuen partida. Galdu egin genuen [22-15], baina gustura aritu ginen: niri ondo irten zitzaidan pilota eskutik, min egin nion Peiori, eta tanto onak egin nituen; Tolosa, berriz, oso ondo aritu zen bigarren zatian. Partida hark animatu egin gintuen; bidea hori zela ikusi genuen. Ahalik eta erritmo gehien sartu behar diogu partidari, eta erritmo horretan aritu; ea horrela min egiteko gai garen.

Irabazita, bete-betean sartu zarete lehian.

Bai, hor gaude, borrokarako prest. Oso estu dago dena: sei bikote gaude hiru garaipenetan, eta bost partida falta dira. Igandeko partida oso-oso garrantzitsua da bi bikoteentzat; irabazten badugu, oso ongi jarriko gara: aurrea hartuko genieke [Jokin Altunari eta Martijari].

Oso garrantzitsua, eta oso gogorra?

Dudarik gabe. Haiek oso ondo ari dira. Oso ondo aritu beharko dugu aukera izateko. Partida polita da, eta giroa egongo da. Gozamena dira halakoak. Ea ondo lehiatzen garen. Buruarekin jokatu behar dugu, tantoz tanto.

gaur hasiko da hamargarren jardunaldia, mungian

Gaur ekingo diote Binakako Txapelketako ligaxkako hamargarren jardunaldiari, Mungian (Bizkaia), 17:00etan. Aitor Elordi eta Beñat Rezusta Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka ariko dira. Peio Etxeberria eta Zabaleta bigarren dira, Erik Jakaren eta Jon Mariezkurrenaren arrastoan: zazpi partida irabazi dituzte. Elordi eta Rezusta, berriz, bosgarren dira, lau garaipenekin, eta azken sei partidetatik bakarrean nagusitu dira. Suspertu beharra dute, estutasunak saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.