ATHLETIC-REALA DERBIA, GAUR. Ane Etxezarreta. Realeko jokalaria

«Ez gara erotuko, eta oraingoz ez daukagu antsietaterik»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Gaur minuturen bat jokatuz gero, Ane Etxezarretak (Beasain, Gipuzkoa, 1995) estreinako partida izango du Athleticen aurka ligan. Bigarren denboraldia du Realean. Bolada txarrean daudela aitortu du, baina balioa eman dio egiten ari diren jokoari.

Zer moduz zaudete denboraldiko partidarik berezienetako baten atarian?

Fisikoki ondo gaude, baina emaitzak ez dauzkagu alde. Ondo jokatzen ari garen arren, puntuak falta zaizkigu. Psikologikoki, hala ere, ez digu gehiegi eragin.

Zer ari zaio gertatzen taldeari?

Baloia ondo mugitzen ari gara, eta aurkariaren atera iristen gara, baina egia da aukera argi-argiak ez ditugula sortzen. Azken pasean eta jaurtiketan huts egiten ari gara; ez dugu asmatzen.

Taldea ez da hainbeste aldatu, baina joan den denboraldian onetik harrigarria zena sasoi honetan txarretik da harrigarria.

Ez dakit zer ari zaigun gertatzen, aurreko denboraldiarekin alderatuta oso antzekoa baita taldea. Jokamoldea ez dugu askorik aldatu, eta oso parekoa da orain arte jaso dugun gol kopurua. Gola sartzea falta zaigu, baina ez daukat azalpen zehatzik.

Helburuak aldatu egin behar dira lehenbailehen?

Aurreko denboraldiaren ondoren, presio pixka bat bageneukan sasoi honetarako, langa gorago jarri nahi genuelako. Baina partidaz partida joatea izan da eta izango da gure helburua. Ez gara erotuko, eta oraingoz ez daukagu antsietaterik. Emaitzak behar ditugu, eta azken minutuetan lekua galtzen ari gara, agian. Baina jarraitu egin beharra daukagu.

Jaisteko arriskurik badauka Realak?

Ez. Sailkapenari begiratuta, baietz esango dute batzuek, baina ez, ez. Badakigu epe motzean emaitzak iritsiko direla, jokoak fruituak emango dituela, lehenago edo geroago.

Astebetean hiru partida jokatuko dituzue, Athletic, Oiartzun eta Valentziaren aurka. Nola aurre egin behar zaio hain aste gogorrari?

Ilusioz eta motibazioz gainezka. Athleticen kontra areagotu egiten da grina hori, eta baita Oiartzunen aurka ere. Nekea kudeatzen asmatu beharko dugu.

Atletico Madril, Levante, Tenerife eta Bartzelona iritsiko dira urtarrileko aldapan. Errespeturik badiozue egutegiari?

Ez, ez. Ez daukagu beldurrik. Talde gogorrak dira, baina etxean jokatuko dugu Atletico Madril, Levante eta Bartzelonaren aurka, eta aurre egin diezaiekegu; inolako zalantzarik gabe, gainera.

Athletic ere sufritzen ari da denboraldi honetan. Zein izan daiteke gakoa derbirako?

Gure lana egin behar dugu, eta ea orain arte atean sartu ez diren baloi horiek sartzen diren. Ez dago sekreturik.

Athleticen zer azpimarratuko zenuke?

Esperientzia. Jokoan asko nabaritzen da heldutasun hori; oso talde gogorra da. Oso argi dauzkate gauzak, eta gutxitan barkatzen dute aurrean.

Aurreko denboraldian 5-0 galdu zenuten Lezaman. Arantza hura ateratzeko gogoa daukazue?

Ez bereziki. Ahaztuta dago hori. Zubietan jokatu genuenean argi gelditu zen gure benetako maila zein den. 1-2 irabazi ziguten, baina atzean sartuta eduki genituen.

Derbirako emaitza bat?

Ez naiz oso zalea, baina 1-2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.