Jon Azkue. Bidasoa-Iruneko jokalaria

«Ez, ez zaigu burutik joan iazkoa»

Bidasoak bigarren urtez jarraian jokatuko du Benidormen aurka Espainiako Kopako final-laurdenetan. Iaz, galdu egin zuen. Gaur «arantza» atera nahi dutela dio Jon Azkuek.

«Ez, ez zaigu burutik joan iazkoa».
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Atzotik daude Bidasoako kideak Madrilen. Jon Azkuek (Orio, Gipuzkoa, 1994) asteburu osorako arropa eraman du. Urruti iristeko itxaropena duten seinale.

Buelta asko eman dizkiozue azkeneko jardunaldian Huescaren aurka galdutako partidari?

Ez. Partida ikusi genuen, eta gertatu zenaz hausnartu: batetik, gu baino intentsitate handiagoz aritu ziren, eta ez ginen gai izan horri aurre egiteko; bestetik, bigarren zatian, berdindu genuenean, bizpahiru huts egin genituen, eta garesti ordaindu genuen.

Galdu izanak balio diezazueke Espainiako Kopan belarriak tente izateko?

Guri inoiz ez zaigu gustatzen galtzea, baina balio dezake oinak lurrean izateko, eta are gehiago barneratzeko partida guztietan lehiatu behar dugula, ezin garela lo geratu, eta gure lana ondo egin ezean ez garela gai lehiak aurrera ateratzeko. Abisua da Kopari begira.

Honezkero lezioa ikasia izan behar duzue. Zortziko Finalera iritsi zarete azken bi urteetan, eta bietan galdu duzue lehen partida: duela bi urte, Cuencaren aurka, eta iaz, Benidormen kontra.

Asobal kopan ondo lehiatu izan gara [finala jokatu dute azken bi urteetan], baina Kopan ez dugu hori lortu azken bi urteetan, eta lehen egunean joan gara kalera. Barneratua dugu lehen partida jokatzeko zaila dela, nerbio askokoa. Saiatu behar dugu burua hotz izaten, oso argi izaten zertan jokatu nahi dugun, eta, ahal bada, partida aurrera ateratzen.

Iazko aurkari bera izango duzue: Benidorm. Aukeran, nahiago zenuten beste arerio bat?

Finalerako bidean Bartzelona saihestea, hori bakarrik nahi genuen. Bestelakoan, berdin zitzaigun arerioa, denak oso zailak baitira. Ligan, Benidorm ez dago goian [bederatzigarren postuan dago], baina oso garai onean dago. Iaz erakutsi zigun guri irabazteko gai dela. Lana gogotik egin beharko dugu irabazteko.

Iazko lehiaz gogoratzen zarete oraindik? 29-26 galdu zenuten.

Akordatzen gara, eta ez, ez zaigu burutik joan. Aukera dugu arantza ateratzeko, eta bete-betean saiatuko gara. Argi dugu bi partida irabazita Europan garela. Hori lortzeko borrokatuko gara.

Sasoi honetan, ligan, 30-26 irabazi zenioten. Bi partida berdin ez dauden arren, badakizue non min egin ahal diozuen?

Lehen zatian, min handia egin genion 5-1 defentsarekin, eta korri egiteko aukera asko izan genuen. Baina argi dugu lehiaketa guztiz ezberdina dela Kopa, lehen partida dela, eta halakoetan urduritasun eta zehaztasun falta handia izan ohi dela. Ez du izango ligakoaren antzik. Azkeneraino borrokatu beharko gara. Ziur une zailak izango direla, eta horietan burua hotz izaten saiatu behar dugu.

Iazko talde bera da Benidorm?

Antzeko jokamoldea du: eskuin alboan eskuin alboko bat jartzea gustatzen zaie, eta oso azkar eta ondo pasatzen dute baloia ezkerretik eskuinera; buruz burukoak egin zaleak dira, sei metroetatik gertu; eta piboteari pase asko ematen dizkiote Adi egon beharko dugu, eta haien erasoa ahal den urrutien mantendu.

Benidormeko entrenatzaileak esan du zuek zaretela faborito, eta «irabazi beharra» duzuela.

Argi dago zein den haren asmoa: presioa guregan jartzea. Baina ni ziur naiz haiek irabazteko esperantza guztia dutela. Guk oso argi dugu lehiaketa hauetan ezer gutxirako balio duela sailkapenean aurretik egoteak.

Oso ondo ari zarete ligan: bigarren zarete. Hori pizgarria da?

Bai. Aukera batzuk galdu ditugu bigarren postuan sendotzeko, baina oso denboraldi ona egiten ari gara. Bide onean gaude.

Jada normaltzat jo da Bidasoa goian egotea, baina oso zaila da hor eustea, ezta?

Oso. Geure burua baina batez ere zaleak gaizki ohitu ditugu: ia beti irabazten, bigarren posturako lehian... Baina ez da batere erraza. Ligan oso berdinduak dira partida guztiak. Horregatik du horrenbeste meritu azken urteetan egiten ari garenak. Guk badakigu zer zaila den hori egitea eta zenbat lan egin behar den hori lortzeko.

Osasun egoerak, gainera, are gehiago zaildu du dena, ezta?

Beste zailtasun bat da. Ez dakizu noiz gelditu beharko duzun, eta hamar eguneko geldialdiak min handia egiten dio taldeari: gorputza ez dago berdin, eta kosta egiten da buelta ematea. Lehen itzulian argi geratu da zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta hobeto; eta, zenbat eta gehiago gelditu, orduan eta okerrago.

Eta zu? Nola ari zara?

Sasoiko nago; zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta sasoikoago. Garai arraroa izan arren, gozatzen ari naiz.

Aurten beteko dira hamar urte Bidasoara iritsi zinenetik. Espero zenuen Arratetik iritsi zen 17 urteko gazte horrek horrenbeste urte egingo zituenik klubean?

Ez, baina oso zoriontsu naiz hemen, eta, gainera, taldeak gorakada handia izan du.

Denetik bizi izan duzu: Espainiako Ohorezko B Mailan jokatzea;Asobal ligan azkenak izatea; berriz igotzea; apurka, gora egitea; eta Txapeldunen Ligan aritzea.

Gorabehera asko egon dira hamar urte hauetan, eta denetik bizi izan dut. Baina hau bosgarren sasoia dugu jarraian Asobal ligan, eta urtero egin dugu gora. Nahi dudan tokian nago, eta kluba oso ondo ari da. Esperientzia zoragarria izaten ari dira Bidasoan daramatzadan hamar urte hauek.

27 urte dituzu. Hobetzeko grinari eusten diozu oraindik?

Noski. Kirolari batek beti eutsi behar dio hobetzeko grinari. Nahikoa egin duela edo gehiago ezin duela hobetu uste duenak hobe du bere ibilbidea bukatzea. Nik badakit gauza asko ditudala hobetzeko, eta geratzen zaizkidan urteetan horretan saiatuko naiz: Jon Azkuerik onena izaten eta taldeari ahal den gehiena laguntzen.

Adina eta ardura eskutik doaz?

Bai, ezinbestean: pistan eta pistatik kanpo.

Ondo eramaten duzu presioa?

Bai. Lasai nago, eta konfiantza dut neure buruarengan eta taldeak egin dezakeen lanean. Horrela errazago eramaten da presioa. Gainera, beti izan dut taldearen eta gertukoen laguntza. Asko eskertzen da hori.

Bidasoan oso gustura zaudela diozu behin eta berriro. Inoiz ez duzu tentaziorik izan beste liga batean jokatzeko?

Izan ditut tentazioak kanpora joan eta probatzeko, baina oso kontuan izan dut beti zein gustura nagoen Bidasoan eta zer garapen ederra daraman klubak. Pena izango zen hau dena ez bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.