Euskal Herriko itzulia. ERRELEBOKA

Ez, ez da izan egun lasaia

Ion Izagirre.
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Biharkoa egun lasaia izango da», edo antzeko esaldiak entzuten ditudanean haserretu egiten naiz. Onartu egin behar dut. Normalean egun lasaiak izan behar duten horiek ez direlako lasaiak izaten. Agian, bai etxetik ikusteko, edo esaldi horiek esaten dituztenentzat, baina tropelean ez. Eta hori pasatu da. Egunak gutxi izan du lasaitik. Ihesaldiak tarte handia ireki du hasieran; jende ona zegoen tartean, gainera. Bagenekien lehenago edo geroago esprinterren taldeek estutu egingo zutela. Egun lasaia izango den ustearekin irteten bazara, zureak egin du. Halakoetan erne irten behar duzu erritmora ondo egokitzeko. Sunwebek eta Astanak tropela luze jarri dute, eta guk ederki nabaritu dugu hanketan.

Nik pozik bukatu dut; etapa gogorra izan da, eta hankek ondo erantzun dute. Astelehenean egun txarra izan nuen, ez dakit zer gertatu zen: lehen eguneko ajea, eguraldi txarra... Baina gorputzari buelta eman diot. Anaia hain ondo ikusteak ere piztu egin nau, eta ilusioz ekingo diet azken bi etapei. Oraindik ere oso argi dut nire maila emateko gai naizela. Eta horretarako lehen egun aproposa gaur da.

Asko hitz egin da erlojupekoa aurreratzeaz. Niri gustatzen zait ideia. Lau-laua da, ez du zer ikusirik azken urteetan Itzulian egon direnekin. Anaia eta biok otsailean joan ginen ibilbidea aztertzera, eta gaur goizean ere joango gara. Egia esan, ez du misteriorik: eman eta eman. Oso bizkor joango da jendea. Irabazlea, batez beste, orduko 50 kilometrotik gora ibiliko da. Roglic, Castroviejo, Kirienka... orduko 51 kilometro ingurura ibiliko dira. Hori haizeak ez badu eragozten. Toki haizetsua da, eta eragin handia izan dezake. Nik ere uste dut Roglicek kolpe handia eman dezakeela sailkapenean.

Niri dagokidanez, uste dut egon naitekeela sailkapen nagusirako lehian daudenen mailan, Roglic alde batera utzita. Igotzaile petoekiko denbora berreskuratu dezakedala uste dut, eta berriz ere sailkapen nagusirako lehian sartu. Hori garrantzitsua da, anaia eta biok hor egonda, azken bi egunetan mugimendu taktikoak egiteko aukera izango genukeelako. Oraindik Euskal Herriko Itzuli erdia falta da, eta edozer gauza gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.