Helvetia Anaitasunan Ander deitzea gaztetasunaren, ausardiaren, freskotasunaren, ikusmiraren eta kalitatearen sinonimo da. Dohain horiek guztiak dituzte Ander Izquierdok eta Ander Torrikok. Taldearen erdikoak dira, erasoko jokoaren antolatzaileak, iparrorratzak pistan. Lehen denboraldia dute elkarrekin jokatzen, baina ez dirudi halakorik, badirudi makina bat urte dihoaztela. Oso ondo ari dira biak, eta haien lana erabakigarria ari da izaten Iruñeko taldeak partidaz partida gora egin dezan.
«Oso erraza da haiekin lan egitea. Oso diziplinatuak dira: beti dute jarrera ona, eta beti daude adi-adi, ikasteko prest eta ikasitakoa kantxan gauzatzeko gogoz», azaldu du Quique Dominguez Anaitasunako entrenatzaileak (Pontevedra, Galizia, 1969). Badute antzik, haren arabera. «Gazteak dira biak [20 urte dauzka Izquierdok, eta 23 Torrikok], eta poza eta freskotasuna ematen digute. Golak sartzeko erraztasuna dute [lau baino gehiago sartu ditu bakoitzak partidako], eta iaioak dira penaltiak jaurtitzen».
Dominguezek haien beste dohain bat azpimarratu du: lehen lerroko hiru postuetan joka dezaketela. Horri esker, elkarrekin ere ari dira. «Torriko asko aritu zen albokoan aurreko denboraldian, Sinfinen. Gustura jokatzen du. Izquierdo, berriz, defentsan ere ari denez, eskuin albokoan ere jokatzen ari da. Gainera, gure jokamoldean jokalariak asko aldatzen dira tokiz; berdin dio zein postutan hasten duten jokaldia, beste batean bukatuko baitute. Biek elkarrekin jokatzen dutenean aurkariei kosta egiten zaie asmatzea zer-nolako jokoa egingo dugun. Irudimen handia dute, eta lortzen dute jokoa erakagarria izan dadila».
Elkarrekin joka dezakete, ondo jokatu ere. Baina Anaitasunako entrenatzailearen arabera, «berezko estiloa» dauka bakoitzak. «Oso irekia da Torriko, alaia, eta izaera hori pistara eramaten du. Alaitasunez eta ausardiaz jokatzen du; batzuetan, gehiegi. Baina oso bizia da. Ausardia eta poza ematen digu. Oso ondo mugitzen da lerro artean. Izquierdo, berriz, talentu hutsa da. Oso dotorea da, eta gauzak oso erraz egiten ditu, nahiz eta zailak izan. Oso adimentsua da, eta oso ondo mugitzen da erasoan eta defentsan, batez ere gurea bezalako defentsa irekietan. Intuizio handia du. Jokaldiei aurreratzeko gaitasuna du. Urrutiko jaurtiketa oso ona du ere».
Dominguezek azpimarratu duenez, gazteak izanda, badute zer hobetua. «Esparru taktikoan eta jokoaren antolaketan daukate gehien hobetzeko. Erdikoak izanda, oreka topatu behar dute: jokatu eta jokarazi. Jakin behar dute une bakoitzean zer behar duen taldeak, eta zer egin behar den. Esperientziak emango die hori, eta hori lortzeko, mesede egiten ari zaie Ibai Meoki edo Juan Del Arco bezalako jokalari eskarmentudunekin jokatzea. Pixkanaka-pixkanaka ari dira lortzen».
Taldeko giro onaren ispilu
«Harro eta apur bat lotsatuta» entzun dituzte Izquierdok eta Torrikok haien entrenatzailearen laudorioak, eta berehala nabarmendu dute haiek ere «oso gustura» ari direla haren aginduetara.«Eta hori pistan islatzen da gero. Gero eta hobeto ari gara, eta espero dugu joera horri eustea», esan du Izquierdok.
Adi entzun dituzte hobetzeko dituztenak, eta ados daude. «Gazteak gara, eta badakigu asko dugula hobetzeko. Adibidez, gazteak izanik, batzuetan kosta egiten zaigu aginte makila eramatea. Gogo bizia dugu, baina eskarmentu handirik ez. Eta halakoetan asko eskertzen dugu Juan bezalako jokalari esperientziadunen laguntza. Ikusi, entzun eta ikasi egiten dugu haiekin. Harro gaude halako taldekideak izateaz».
Zer hobetua dutela argi utzi izanagatik ere, «pozik» daude egiten ari diren lanarekin. Baina segituan jarri dute taldea norbanakoaren gainetik. «Talde kirola da hau. Guk ezer gutxi egingo genuke taldekideen laguntzarik gabe. Eta izugarri ari zaizkigu laguntzen. Batasuna da talde honen indarra», aldarrikatu du Torrikok.
Apur bat estututa, desio bat plazaratu dute. «Gustatuko litzaiguke elkarrekin gehiago jokatzea. Oso ondo moldatzen gara, eta gozatu egiten dugu elkarrekin ari garenean», aitortu du Izquierdok. Pistatik kanpo ere bikain moldatzen dira. «Hasieratik konektatu genuen. Gure harremana eskubaloiaz haratagokoa da. Egunerokoan ere maiz egoten gara elkarrekin». Torrikok argi du horrek «mesede» egiten diela. «Egunerokoan norbaitekin ondo moldatzen bazara, hori pistan islatzen da. Eta horixe gertatzen ari zaigu. Oso ondo eramaten naiz Anderrekin, baina baita taldekide guztiekin ere. Giro ederra dugu taldean, eta hori igarri egiten da pistan».
Batak bestea aztertzeko eskatu bezain laster hasi da laudorioen festa. «Jokalari puska da. Izugarri laguntzen digu», esan du Izquierdok. Taldeari dion atxikimendua azpimarratu du ere. «Aulkian dagoenean pozarren ospatzen ditu gol guztiak, eta horrek zoriontsu egiten nau». Torrikok, berriz, taldekidearen gaztetasunari erreparatu dio. «20 urte besterik ez ditu, baina sekulako lotsagabetasunarekin jokatzen du Asobal bezalako liga indartsu batean. Hankek eta eskuek ez diote dar-dar egiten baloi erabakigarriak jokatu behar dituenean. Aitzitik, hazi egiten da. Garapen ikusgarria darama, eta horrela jarraituz gero, urruti iritsiko da. Ea orain arte bezala segitzen duen, gure mesederako izango baita. Asko ematen digu».
Izquierdok duela bi urte pasatxo egin zuen estreinakoa Anaitasunarekin, eta erabat egonkortuta dago taldean. «Aurreko denboraldia izan zen nire lehen sasoia lehen taldean, eta oso gustura aritu nintzen. Pena izan zen koronabirusgatik liga bertan behera geratzea. Baina aurten ere oso gustura ari naiz, lasaiago, eta garrantzitsuena dena: taldekideek ere hori helarazten didate. Eskertuta nago Chocarro, Meoki edo Del Arco bezalako jokalari beteranoei».
Torrikok, berriz, bosgarren sasoia du Asobal ligan: bi egin zituen Benidormen, eta beste bi Sinfinen. «Gozatzen» ari dela dio. «Anaitasunak familia bat izatearen ospea du. Eta iritsi bezain laster ikusi nuen hala dela. Oso ondo tratatzen gaituzte. Oso gustura nago».
Familia oso eskubaloizaleak
Badago biak lotzen dituen beste gauza bat: familiatik datorkiela eskubaloiarekiko pasioa. Izquierdoren aitak (Nacho) eta aitona batek (Jose Luis) Anaitasunan jokatu zuten. Torrikoren etxean, berriz, baloi txikia da nagusi: aita (Andres), ama (Maria Angeles) eta arreba (Sara) eskubaloian aritutakoak dira. Atarrabiarrak futbola ere zuen gustuko, eta zumaiarrak tenisa, baina biak geratu ziren baloi txikiari katigatuta.
Baina dena ez da eskubaloia, eta etorkizunari begira, ikasten ari dira biak: Izquierdo, Administrazioa eta Marketina; eta Torriko, Soin Hezkuntza. Biek nabarmendu dute «esfortzua» dela eskubaloia eta ikasketak bateratzea, baina argi dute «formatu beharra» dutela. Asmo horretan, biek dute ikaskideen eta irakasleen laguntza.
Etorkizunari begira daude, baina oraina bizi dute. Eta orainak dio gaur partida dutela, etxean, Navaren aurka (19:00). Azken partidetan izandako gorakada indartzeko aukera dute —azken hiru lehiak irabazi dituzte—. «Gorabehera batzuk izan ditugu, baina unerik onenean gaude. Gainera, oraindik hobetu dezakegu. Ea urtea amaitu arteko hiru partidak aurrera ateratzen ditugun», dio Torrikok.
Ikuslerik gabe ariko dira berriro gaur. Aurki alda daiteke hori, Nafarroako Gobernua aztertzen ari baita zaleak itzultzea harmailetara. Hori iristeko «irrikan» daude. «Zaleak ilusionatuta daude taldearekin. Ea laster berriz ere denak elkarrekin egon gaitezke».
Ez esan 'iparrorratz', esan 'Ander'
Helvetia Anaitasunako erdikoak dira Ander Izquierdo eta Ander Torriko gazteak. Oso ondo ari dira: jokatuz eta jokaraziz. Haien lana erabakigarria gertatzen ari da taldeak partidaz partida gora egin dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu