Ordizia errugbi taldeak bere esku dauka beste denboraldi batez Espainiako Ohorezko Mailan jarraitzea. Horretarako, Bartzelona menderatu beharko du bihar, edo, bestela, Pozuelok eta Belenosek, ligako azken bi sailkatuek, bihar elkarren aurka jokatu behar duten partidaren emaitzaren zain egon beharko du. Izan ere, bere partida galdu eta Pozuelok edo Belenosek, bietako edozeinek, irabaziko balu, Ordiziak jaitsierako kanporaketa jokatu beharko luke Ohorezko B Mailako azpitxapeldunaren aurka. Hortaz, kosta ahala kosta, kanporaketa zail hori ekidin eta denboraldia bihar bertan amaitzea du helburu Fede Galloren taldeak.
«Ezustekoa izan da sailkapenaren behealdean egotea. Sasoia hasi aurretik bagenekien denboraldi zaila izango zela, baina pentsatzen genuen gorago egoteko taldea bagenuela. Nik oraindik gauza berbera pentsatzen dut, baina denboraldia beste modu batera joan da. Orain, azken partida hau irabazi eta aurrera begiratzea tokatzen da», dio Mikel Perez Ordiziako jokalariak (Hernani, Gipuzkoa, 1993). Hirugarren denboraldia du taldean. «Onena eta txarrena bizitzea egokitu zait bi urte eta erdi hauetan. Iritsi nintzenean, Ohorezko Mailako finala jokatu genuen; aurreko denboraldia gorabehera handiko trantsizio urtea izan zen; eta oraingoa denboraldi gogorra izan da, emaitzak lortzea kostatzen ari zaigu eta».
Denboraldi hasiera izan zen bereziki zaila eta gogorra Gipuzkoako taldearentzat. Izan ere, Belenosen aurka Altamiran 34 eta 35 galduta abiatu zuen urtea. Alcobendasen etxean irabazi zuen bigarren jardunaldian, eta, ondoren, bost porrot kateatu zituen. «Taldea asko aldatu da aurten: jokalari asko ailegatu dira, eta hasieran asko kostatu zitzaigun pieza guztiak uztartzea. Asko kostatzen zitzaigun gure jokoa egitea, eta puntu asko egiten zizkiguten, gainera. Bilera bat izan genuen, eta jokoa aldatzea erabaki genuen. Inflexio puntu bat izan zen».
«Bi taldeentzat final bat da, eta hori nabaritu egingo da intentsitatean eta partidaren gogortasunean. Antzeko egoeran gaude bi taldeak, eta baliteke tentsioak eta urduritasunak eragina izatea partidaren bilakaeran».
MIKEL PEREZ Ordizia errugbi taldeko jokalaria
Aldaketa horri esker, emaitzak berahala ailegatu ziren: urtarrilean eta otsailean jokatutako ligako bost partidetatik lau irabazi zituen Ordiziak. «Jokoa defentsako lanaren inguruan oinarritzea erabaki genuen, eta horrek eragin du aldaketa. Egia da huts txiki batzuek partidak galtzera eraman gaituztela, baina defentsan lortutako sendotasun horrek eman digu partida guztietan lehiatzeko gaitasuna. Garapen handia ikusi diot taldeari hilabete hauetan. Hainbeste, bi Ordizia ikusi baititut sasoi honetan. Horrekin batera, hasi gara erasoan ere puntu gehiago sartzen, nahiz eta puntu gehiago lortzea falta izan zaigun, azken metroetan egindako huts batzuk eta izan dugun urduritasuna dela medio. Hori ere bada gaur egungo egoeraren erantzule».
Etxekoen babesean
Etxean jokatuko du Ordiziak denboraldiko azken partida izan daitekeena. «Egia da Altamira oso zelai gogorra zela duela sasoi batzuk, baina aurten ere talde indartsuenei kosta egin zaie bertan irabaztea, eta batzuek galdu ere egin dute gure zelaian. Ea Altamira betetzen den, eta zaleen bultzada hori ere jasotzen dugun beti bezala, beharko dugu eta». Bartzelonaren aurka, lehen itzulian, 17 eta 22 nagusitu zen Ordizia, eta Perezek uste du «antzeko» partida izan daitekeela. «Jokoari dagokionez bai behintzat. Dena den, bientzat final bat da, eta hori nabaritu egingo da intentsitatean eta partidaren gogortasunean. Antzeko egoeran gaude bi taldeak, eta baliteke tentsioak eta urduritasunak eragina izatea partidaren bilakaeran».