Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi

Ez dute gerrikoa askatu nahi

Biharamun gozoa bizi dute Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi pilotariek, Laboral Kutxa Masterra irabazi eta gero. Argi erakutsi dute pilota gozoarekin ez ezik mistoarekin ere dohainak dituztela. «Gustura aritu gara». Adinez helduagoak diren arren, soka luzea dute oraindik gazteekin «saltsan» aritzeko.

Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre txapelarekin, finala irabazi ostean, herenegun, Irunen. EMAKUME MASTER CUP.
Mikel O. Iribar.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Adinak ez du mugarik Iera Agirre (Leitza, Nafarroa, 1987) eta Maite Ruiz de Larramendi (Beasain, Gipuzkoa, 1973) pilotarientzat. Iaz, Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako garaileak izan ziren pilota gozoarekin. Konfiantzaz gainezka zeudela, euren buruari erronka handiagoa jartzera ausartu ziren: pilota mistoarekin txapeldun izatea. Bada, irabazlearen txapela jantzi zuten herenegun, Irunen (Gipuzkoa), Laboral Kutxa Masterreko finalean, Olatz Arrizabalagari eta Naroa Agirreri gailendu berritan. Adinez helduagoak diren arren, «gazte» sentitzen dira, eta ez dute gerrikoa askatu nahi.

Txapeldun batek biharamun gozoa dastatu ohi du, eta bi pilotariak ere ez ziren garaileen hodeitik erori. «Finalak irabazteko dira, eta irabazten duzunean izaten duzun sentipena bat eta bakarra da: mundiala», adierazi du Agirrek. Ruiz de Larramendi «umoretsu» esnatu zen ametsetik. «Finalaren bezperan tximeletak sentitzen nituen sabelean, urduritasunagatik; atzo [herenegun], ordea, irribarretsu nengoen une oro». Nahi bezala ez, baina, nola edo hala, ospatu zuten egindako balentria. Elkarrekin bazkaldu zuten Hernaniko (Gipuzkoa) Oialumezar sagardotegian, eta partidako gorabeherak izan zituzten hizpide. «Xumea bezain handia», bien esanetan.

Agirrek eta Ruiz de Larramendik aitortu dutenez, «plazera»izan da elkarrekin bikote modura aritzea. «Harreman eta konplizitate handia dugu aspalditik. Segurtasuna eta konfiantza ematen diogu elkarri», azaldu dute biek.

Orain ez, baina, hemendik gutxira, «tentsio handikoa eta laburra» izan den txapelketa honetaz oroituko dira. «Hiru partida jokatu ditugu finala kontatuta, eta, lehia bakarrera izanda, irabaziz gero aurrera zindoazen; galduz gero, berriz, etxera», azaldu du Leitzakoak. Bestalde, Eulaten (Nafarroa) bizi den atzelariak berebiziko garrantzia eman die txapeldun izateko egin dituzten entrenamenduei. «Ordu asko sartu ditugu, eta lortutako emaitza lan handiaren saria izan da».

Buruan ongi iltzatua duten finala telebistan ikusteko astirik izan dute Agirrek eta Ruiz de Larramendik, «urduritasunak alde batera utzita». Hain zuzen, final «gogorra» eta «takada handikoa» izan zen, irabazleen esanetan. Hamabosgarren tantora arte oso berdinduta joan zen partida. «Ikusten zen sufritzeko moduko lehia izango zela eta edozein aldetara eror zitekeela txapela», adierazi du Agirrek. Alta, partidako bigarren zati ikusgarria egin zuen bikote txapeldunak; 13-15 atzetik joan eta gero, bederatzi tanto egin zituzten jarraian, eta 22-15 irabazi. Defentsan zein erasoan erakutsi zuten «sendotasuna» eta «eraginkortasuna» gakoak izan ziren finala irabazteko, Ruiz de Larramendiren ustez. «Buruarekin gehiago jokatu genuen, eta aurkariek huts gehiago egin zituzten», zehaztu du Agirrek.

Gazteak, ate joka

Txapela jokoan dagoenean, patxada eta eskarmentua makulu izatea beti da lagungarri demaren bilakaera irakurtzeko eta kudeatzeko. «Adinez nagusiagoak izateak buruz indartsuagoak izaten lagun diezaguke», esan du Leitzako pilotariak. Dena dela, ñabardura bat egin du: «Eskarmentu handiagoa dugu palan pilotan baino». Eulateko atzelariari ere ez zaio gustatu eurei «beteranoaren» etiketa jarri izana. «15 urterekin utzi nion ezkerparetan jokatzeari, eta orain dela bospasei urte hasi nintzen berriz. Bitarte horretan, beste modalitateetan aritu izan naiz; trinketean, esaterako. Baina oso ezberdina da. Ezkerparetan berriro egokitzeko prozesua egin behar izan dut, eta oraindik ere egiten ari naiz. Adinez helduagoak garen arren, beterano motaren arabera, gazteen azpitik gaude batzuetan».

Hain justu, pilotari gazteak atzetik «indarrez» ate joka datozela nabarmendu dute biek ala biek. «Baina, urteen zama dugun arren, soka luzea dugu oraindik gazteekin saltsan egoteko, baita haiei irabazteko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.