Arrasto sakona ari dira uzten Aitor Hernandez (Ermua, Bizkaia, 1983) eta Olatz Odriozola (Urnieta, Gipuzkoa, 1983) Euskal Herriko ziklo-krosean. 36 eta 35 urte dituzte, hurrenez hurren, baina elite mailan erreferente dira oraindik. Bi gauza esan nahi ditu horrek: batetik, sasoiari ondo eusten diotela, eta, bestetik, azpitik ez dituela ia inork estutzen. Preseski, Hernandezek eta Odriozolak ez dute ikusten haiek lokatzetan uzten ari diren lorratz distiratsuari segitzeko prest dagoen belaunaldirik. Horren harira, biek ala biek uste dute hutsunea dagoela harrobian. Odriozolaren hitzetan, «maila asko jaitsi da» bera hasi zenetik. Hernandezek, berriz, «kezkagarritzat» jo du egoera.
Ermuarrarentzat, gizonezkoetan «betiko txirrindulariak» dabiltza punta-puntan; hots, bera eta Javier Ruiz de Larrinaga. Biak ari dira beren ibilbideen amaierara hurreratzen, eta, Hernandezen irudiko, «jende gutxi» dator atzetik. Gazte batzuk agertzen ari omen dira, baina ez behar bezainbeste. «Tokia egiten ari dira Xabier Murias eta Jon Munitxa, baina bi bakarrik dira, eta normalena zortzi edo hamar egotea litzateke. Gainera, egun, oraindik gainetik gaude Ruiz de Larrinaga eta biok. Pentsatzen dut guk uzten dugunean haiek hartuko dutela lekukoa. Baina ez dut jende gehiago ikusten, eta hori ez da seinale batere ona».
Antzekoa da egoera emakumezkoetan. Odriozolak azpimarratu duenez, «oso altua» da batez besteko adina. «Elite mailako sailkapenei erreparatuta, batzuek Master 40 mailan korri dezakete, eta ia denek Master 30ean. Nahiko tristea da». Azkenaldian azaldu dira txirrindulari berriak, hala nola Luisa Ibarrola eta Lierni Lekuona. Urnietarraren aburuz, dena den, «ikaragarria» da belaunaldi artean dagoen zuloa. «Ni 35 urterekin nabil lehian Elite Mailan. Eta Luisa 23 urtez azpikoa da. Beraz, tartean Lierni egon arren, hutsunea sekulakoa da. Ederra litzateke bospasei ziklistako belaunaldi on bat azaltzea».
Errepidean dabiltzan gazteak erakarrita hauspotu liteke harrobia. Alabaina, Odriozolak nahiz Hernandezek «oztopotzat» jo dituzte ziklo-krosarekin dauden aurreiritziak. «Errepideko taldeek ez dute baimenik ematen ziklo-krosean aritzeko, arriskutsutzat jotzen baitute. Hori aldatu ezean, ez dago zer eginik», azaldu du Herndandezek. Odriozola, berriz, ziklo-krosaren onurak hedatzeko beharraz mintzo da. «Kirol hau erorikoak eta lesioak izateko modu bat dela uste du errepidean dabilen jendeak. Ordea, nire iritziz, ziklo-krosa baliagarria da errepideko ziklistentzat, teknika, abilezia eta indarra ematen baititu. Alde on horiek erakutsi beharko litzaizkieke errepideko taldeei».
Hala limurtu beharko dira ziklista gazteak, baldintzek ez baitute amu gisa balio. Belgikan, Flandrian, Herbehereetan eta halako herrialdeetan ez bezala, Euskal Herrian kasik utopikoa da diziplina horretatik bizitzea; hiruzpalau txirrindularik baino ez dute zorte hori. Horietako bat da Hernandez. Specialized bizikleta enpresaren eta Ermuko udalaren sostenguari esker du ogibide ziklo-krosa. Odriozola, berriz, Bizikleta.com taldean ari da, baina ez profesional moduan. «Talde txikia da, eta taldekide guztiok afiziotzat dugu kirola. Bizikletak nireak ditut, baina taldeak bere gain hartzen ditu kostu batzuk. Edonola, ni ez nago bertan materialki ematen didatenagatik, zikliston arteko giroagatik baizik».
Sentipen kontrajarriak
Argi printza bat badago, Euskal Herriko lasterketen egutegia zabala baita oraindik ere. Ohiko legez, proba horietan pedal kolpe sendoa ari da erakusten Hernandez. Urduñan (Bizkaia), Legazpin (Gipuzkoa) eta Arbulun (Araba) irabazi du, eta, horiez gain, beste bost garaipen lortu ditu Euskal Herritik kanpo. «Oso pozik» dago, erritmo horretan laster gaindituko baitu iazko bederatzi garaipeneko marka. Hori bai, UCIko probetan oraindik ezin izan ditu besoak altxatu. Emaitza onena Elorrioko hirugarren postua du. Zernahi gisaz, ez dago kezkaturik. «Errealista izan behar dut: Felipe Orts sekulakoa da, eta oso zaila da hura menperatzea».
Helburuei dagokienez, seigarrenez irabazi nahiko luke Euskadiko Txapelketa, eta Espainiakoan podiumera igotzea gustatuko litzaioke. Proba horien ondotik, otsailean Bogensen (Danimarka) jokatuko den Munduko Txapelketari begira jarriko da.
Denboraldia oso bestelako sentipenekin hasi du Odriozolak. Iazko udan motor istripu larri bat izan zuen, eta orain ondorenak azaleratu zaizkio. Berandu ekin dio prestakuntzari, eta oraindik egoera fisikoa findu beharrean da. Nolanahi, sasoi txarrak adina baldintzatu diote matxurek denboraldi hasiera. Lasterketa bat irabazi du Medina de Pomarren (Espainia), baina ez dago pozik. «Oraindik ez zait lasterketa borobilik atera, eta horrek frustratu egiten nau apur bat. Nolanahi, ez dut ezusterik hartu. Espero dut gehiago entrenatu ahala sentipen eta emaitza hobeak izatea».
Munduko Txapelketan aurrenekoz aritu zen iragan denboraldian, eta berriro lehiatu nahiko luke. Horretarako, Espainiako Txapelketa ona atera beharko zaio. «Iaz ere ia ezinezkotzat jotzen nuen, eta azkenean lortu nuen. Orduan lortu banuen, oraingoan ere lor dezaket».
Ez dute erreleborik
Euskal Herriko ziklo-krosa lokatzetan katigatuta dakusate Aitor Hernandezek eta Olatz Odriozolak. Jaitsi egin ei da ziklista kopurua, eta, hartara, kalitatea ere bai. Uste dute «zulo handia» dagoela harrobian; nagusiki, «aurreiritziek» sortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu