Olaizola II.a-Barriola 22. Bengoetxea-Zabaleta 11

Ez dute elkar ahaztu oraindik

Olaizola II.a-Barriola Bilboko torneoko finalerako sailkatu dira, bikote sendoa osatzen dutela berriz erakutsita

Abel Barriola pilota jotzen, atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokaturiko partidan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Iraupena. 75:46.

Pilotakadak. 596.

Saketik. Olaizola II.ak 1, eta Bengoetxea VI.ak 1.

Markagailua. 1-0, 1-1, 2-1, 3-2, 4-2, 4-3, 5-3, 8-4, 9-6, 9-7, 10-7, 10-8, 16-8, 17-8, 19-9, 20-11, 22-11.

Bestelakoak. 1.100 ikusle Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Apustuak 100-60ri irten ziren gorrien alde.

Ez dute elkar ahaztu Aimar Olaizolak eta Abel Barriolak. Bikote oso sendoa osatzen dutela erakutsi zuten berriz, atzo, Bilboko torneoko lehen finalaurrekoan. Bengoetxea VI.a-Zabaletari 22-11 irabazi zieten. Partida bukaerako emaitzak erakusten duena baina borrokatuagoa izan zen, hala ere. Lan erdietara iritsi arte, paretsu ibili ziren, hala emaitzan nola jokoan. Bengoetxea VI.a eta Olaizola II.a jostalari ibili ziren aurreko koadroetan, eta Zabaleta ez zitzaion Barriolari nagusitu. Nor baino nor aritu ziren bi atzelariak. Zabaletari, baina, ez zitzaion pilota eskutik ongi atera, eta partida hasi aurretik Barriola dominatuko zuela bazirudien ere, ez zen halakorik gertatu. Hor egon zen partidako gakoa.

Partidaren erdialdera, gorriek sei tanto egin zituzten jarraian (10-8tik, 16-8ra). Zabaleta ez zebilen eroso. Tanto horietako hiru bere hutsak izan ziren. Hain gozakaitz ibilita, ezin izan zion Barriolari bizkarra erakutsi. Zazpi pilota galdu zituen guztira. Zama astunegia aurkariak zeintzuk ziren kontuan hartuta. Bengoetxea VI.a, hala ere, saiatu zen partidari norabidea aldatzen, baina ordurako abiada hartuta zuten gorriek. Partida amaitzear zela Zabaletak susperraldia izan zuen, eta gozatzen hasi zen. Hiru pilotakada ikusgarri ere jo zituen, zaleen gozamenerako. Bengoetxea VI.ak atzelariaren nagusitasuna baliatuz hiru tanto polit egin zituen, baina beranduegi zen.

Barriolak oso partida txukuna jokatu zuen. Seguru —pilota bakarra galdu zuen—, eta konfiantzaz lepo. Pilotari jo ez ezik moztera ere ausartu zen, eta partida hiru tantorekin amaitu zuen. Aurrean, Olaizola II.ak, eduki zituen aukerak baliatu zituen, maisutasun handiarekin. Zortzi tanto egin zituen guztira. Atzo agerian geratu zen ez zela batera jokatzen zuten lehen aldia. Elkarren artean etengabe animatuz eta hitz eginez, konfiantza handiarekin jokatu zuten.

Bost urte ziren profesionaletan ez zutela elkarrekin jokatu. Afizionatu mailan, baina, maiz jokatu zuten. Orduan, txapelketa gehienetan bikotekide ziren, eta hamaika txapel lortu zituzten batera. Elkarren osagarri direla agerian gelditu zen. Barriolak kantxa asko estaltzen du oraindik, eta garai bateko kolperik ez duen arren, oso pilota gutxi galtzen ditu. Goizuetarraren defentsa ere aipagarria da, eta uda honetan partida asko jokatu arren, freskotasuna mantentzen ari da.

Beste finalerdia, gaur

Olaizola II.ak eta Barriolak gaur jakingo dute zeinen aurka ariko diren finalean. Xala-Beroizek jokatuko dute Martinez de Irujo-Apraizen aurka (18:00). Beroizek Miarritzeko torneoa irabazi berri du, eta maila bikaina erakusten ari da uda osoan zehar. Gainera, ongi ezagutzen du Xala, aurretik Aspen egon izan baitzen.

Aurrean Apraiz izango du. Azken hilabeteetan susperraldia izan du, eta Bilbokoa du udako honetako lehen torneoa. Irujo eta Xalarekin, aurrean erakustaldia bermatuta dago, behin Xalak pairatutako lesiotik osatu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.