Ez dute egingo bide bera

Munduko Eskubaloi Txapelketak eta Gabonek eragindako geldialdi luzearen ondoren, asteburu honetan ekingo diote ABF ligari Itxakok, Bera Berak eta Kukullagak.

Ambros Martin, Reyes Karrere eta Lydia Montes, ezkerretik eskuinera. JON URBE-IDOIA ZABALETA-IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Denboraren joanak ez ditu aldatu Itxakoren, Bera Beraren eta Kukullagaren helburu eta asmoak. Hiru taldeek etzi ekingo diote ABF ligari, Munduko Eskubaloi Txapelketak eta Gabonek eragindako geldialdi luzearen ondoren.

Itxakok Rocasa seigarren sailkatua hartuko du etxean, 18:30ean. Hemezortzi punturekin, sendo, sailkapeneko lehen postuan dira nafarrak. Bera Bera ere sailkapeneko goialde horretan dago, hirugarren postuan, hamahiru punturekin. Donostiarrek Alcobendasen aurka jokatuko dute, Bidebietan, 19:00etan.Kukullaga, aldiz, sailkapeneko azken-aurreko postuan dago, bi punturekin soilik. Bizkaitarrak estreinakoz ari dira ABF ligan, eta nahi baino gehiago ordaindu dute esperientziarik eza. Eldaren aurka ariko dira, 20:00etan.

AMBROS MARTIN



Itxakoko entrenatzailea

«Txapeldunen Ligan irabazteko, pauso txiki bat ematea falta zaigu oraindik»

1. Egia esan, oso ondo joan da. Ez dugu partida bat bera ere galdu, baina horrek ez du esan nahi arazoak izan ez ditugunik. Partida batzuk irabaztea asko kosta zaigu, eta horrek adierazten du lehiaketa borrokatua izango dela sasoia amaitzen den arte. Orain arte ondo goaz, eta hori da garrantzitsuena; ez dugu puntu bakar bat ere galdu, eta lehen itzulia bukatzeko lau partida falta direla, neurketa guztiak irabazi nahi ditugu. Gero ikusi beharko da Txapeldunen Liga eta ABF liga nola uztartzen ditugun. Ordurako saiatuko gara aurkariekiko aldea handitzen.

2. Txapeldunen Ligan irabazteko,pauso txiki bat ematea falta zaigu oraindik. Eguneroko lana da horren guztiaren oinarria. Alor batzuk hobetu behar ditugu Europako talderik onenen pare egoteko. Argi dago erritmoa jaisten badugu atzetik datozen taldeekpasa egingo gaituztela. Gogor jarraituko dugu lanean.

3. Helburuak denbora laburrerako dira. Gure hurrengo helburu nagusia Rocasaren aurkako partida da. Egunetik egunera, astetik astera, jardunalditik jardunaldira joango gara. Gure mailarik onena aurrerago ikusiko da. Munduko Txapelketaren ondoren, izan ere, taldeka ari gara entrenatzen. 11 jokalari aritu dira euren selekzioekin, eta, ondorioz, entrenamendu zama ezberdina jarri diet horiei. Gainontzekoek ez dute partidarik izan, baina maila eta errekerimendu askoko entrenamendu saio pila bat egin dute. Txapelketa erritmoa falta zaie. Bi taldeak elkarren osagarri izateko, jardunaldi batzuk igaro beharko dira. Munduko Txapelketa jokatu ez duten jokalariek eramango dute datozen neurketen zama, eta besteek atseden hartu eta pixkanaka txapelketara egokitzen joan beharko dute.

REYES KARRERE



Bera Berako entrenatzailea

«Defentsak eta atezainakoso ondo jokatu dute, etahori da Bera Beraren sekretua»

1. Orain sailkapeneko hirugarren postuan egotea oso albiste ona da guretzat. Oraindik partida asko geratzen dira liga amaitzeko, baina horrela jarraitzen badugu, goialdean egongo gara, ziur. Ikusiko dugu geldialdi honek nola eragiten dion taldeari. Gu gustura gaude liga berriz ere hastera doalako.

2. Defentsak eta atezainak oso ondo jokatu dute, eta hori da Bera Beraren sekretua neurri handi batean. Gauza asko ziurtatzen ditu horrek, eta bide horretan egiten dugu lan. Dena den, galdu edo berdindu egin ditugun partidetan gehiago emateko gai izan garela uste dut, eta ez dugu eman. Azken finean, xehetasun txiki batzuen erruz partida pikutara joan daiteke. Hala ere, defentsa bera zenbait alorretan hobetu egin behar dugu. Erreboteek, esaterako, gureak izan behar dute beti. Zenbait momentutan taldeak azkarrago jokatu beharko luke; guri hori gustatzen zaigu eta hori posible egiteko gai gara. Hori da gure estiloa.

3. Geldialdi honen ostean, lehengo maila bera izan behar dugu. Denbora honetan lagunarteko partida batzuk jokatu ditugu, eta oso gustura ibili gara. Partida horietan eman dugunitxura ematea da helburua: abiadurarekin, defentsa onarekin, alaitasunarekin jokatzea... Partidak irabazi nahi ditugu, eta gogor entrenatu gara horretarako.

EHF kopari dagokionez, berriz, helburua kanporaketa pasatzea da. Badakigu egokitu zaigun aurkaria oso indartsua dela [Errusiako Ligako Lada taldea], baina horrela da lehiaketa. Gure aldetik maiatza arte ariko ginateke—orduan izango da finala—, eta, horretarako, oso aurkari onak kanporatu beharko ditugu. Badakigu talde oso indartsuak direla, baina guk gure jokoa erakutsiko dugu. Ez dago beste sekreturik. Ea horrela irabaztea lortzen dugun. Oraingoz sei aste hauetan jokatuko ditugun bederatzi partidei begira gaude. Banan-banan joango gara. Erraza da esatea eta zaila egitea, baina hau gustatzen zaigu eta irabazteko entrenatzen gara.

LYDIA MONTES



Kukullagako entrenatzailea

«Ez diogu utziko amets egiteari, matematiken arabera ezinezkoa den arte behintzat»

1. Entrenatzailea zaren aldetik, beti espero duzu gehiago, baina bagenekien lehiaketa guztiz ezberdina izango zela eta zailtasun asko izango genituela bertara egokitzeko. Nire jokalariak, azken finean, Ohorezko B mailan jokatzeko prestatuta zeuden. Aldaketa itzela izan da eta asko nabaritu dugu. Aurkarien kalitatea ere askoz handiagoa da; munduko ligarik onenetariko batean ari gara jokatzen. ABF ligan aritzea ametsa zen jokalarientzat.

2. Jokalariek egiten duten ahalegina da gehien gustatzen zaidana. Daukaten onena ematen dute entrenamendu saio guztietan, eta merezi dute aipamen hori egitea. Jokalari gehienak ez dira profesionalak; ikasketekin eta lanarekin uztartzen dituzte entrenamendu saioak. Kirol arloan, baina, asko dugu hobetzeko, eta, horretarako, lanean jarraitu behar dugu. Goi mailako talde sendo bat izatea lortu nahi badugu, egunetik egunera hobetu behar dugu oinarria. Hori bai, hankak lurrean ditugula beti.

3. Lehiaketara itzultzeko gogotsu gaude. Horretarako prestatzen gara, hori delako guretzat normaltasuna. Dena den, geldialdia luzea izan da, eta izango du eragina jokoan, ziur asko. Halere, saiatu naiz jokoaren erritmoa eta maila askorik ez jaisten, baina ez da berdina. Lesioekin ere ez dugu zorte askorik izan, eta partidetan hori ordaintzen ari gara, jokalari zerrenda mugatua dugulako. Aurrekontuak ez digu jokalari gehiago fitxatzeko adina ematen. Baldintzetara egokitu behar dugu une oro, eta ahalik ondoena egiten saiatzen gara. Ditudan jokalariek, dena den, sakrifizio izugarria egiten dute. Ez naiz aspertuko errepikatzeaz. Ikustekoa da partida bakoitzean zer-nolako indarrarekin eta gogoarekin irteten diren pistara.

Denboraldi honetaz gozatzen jarraituko dugu. Ez diogu amets egiteari utziko, matematiken arabera ezinezkoa den arte behintzat. Beste urtebetez maila honetan jokatzen jarraitu ahal izateko borroka egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.