Ez dute bozkatu proposamena

Nazioarteko Pilota Federazioko Batzorde Exekutiboak erretiratu egin du Euskadiko Federazioaren onarpenaren inguruko puntua. Euskadiko Federazioak nabarmendu du lanean jarraituko dutela

Euskadiko Pilota Federazioaren ofizialtasunaren aldeko elkarretaratze bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Bozkatu aurretik zapuztu da Euskadiko Pilota Federazioa ofizial izateko ametsa. Oraingoz, ez da halakorik izango. Nazioarteko Federazioko Batzorde Exekutiboak erretiratu egin zuen atzo lehen puntua, Mexiko Hirian egin zuen ezohiko batzarrean. Bilera horretan, federazioaren estatutu aldaketa eta Euskadiko Federazioaren onarpena bozkatu behar ziren. Hamabi herrialdek babestu zuten batzordearen erabakia, «pilotaren batasunaren mesedetan».

Enaitz Olaeta izan zen Mexikon, Euskadiko Pilota Federazioaren izenean. Bizkaiko Federazioko presidentea da Olaeta, eta, erabakiaren berri izan ostean, hau adierazi zion ETBri: «Egia da beste helburu batzuk genituela hona etortzerakoan. Baina honek ahalbidetzen digu partidan sartuta jarraitzea, lanean jarraitzea. Ez da ezezko bat izan: gertatu dena da ez dela bozkatu». Antzera mintzatu zen Gotzon Enbil presidentea. «Beharbada, gaur atzo baino hobeto gaude. Gure ahaleginak bizirik jarraitzen du, eta egin behar duguna da lanean jarraitu Espainiako Federazioak gu bertan egotearen kontra konbentzitu dituen herrialdeak gurera erakartzeko. Ezezkoa izan balitz, denbora igaro beharko luke berriz ahalegintzeko [bi urte, estatutuen arabera]».

Bigarrenez bozkatu zuten Euskadiko Pilota Federazioa Nazioartekoaren kide gisa onartu edo ez.Lehen aldiz duela 21 urte egin zuten, 2002ko abuztuan, Iruñean jokatu zen Munduko Txapelketaren harira. Venezuelak egin zuen proposamena, baina ezezko nabarmena jaso zuen erantzun gisa.

Atzokoan, ordea, itxaropentsuagoa egoteko arrazoiak zeuden. Ezohiko batzarra Nazioarteko Pilota Federazioaren presidente Xavier Cazaubonek berak proposatuta egin zen. Gainera, Cazaubonek nazioarteko idazkariaren kargua kendu zion Espainiako Pilota Federazioko buruJulian Garcia Angulori hil honen hasieran, Euskadiko Federazioaren kontrako kanpaina egiteagatik.«Iraintzea eta eraso egitea» egotzi zion Cazaubonek Garcia Angulori, gutun baten bidez.

Bestalde, egun berean bi bozketak egitea bera ere beste aurrerapauso bat zen. Berez, gai bakarra izan behar zuen ezohiko batzarrak: Euskadiko Federazioa onartzeko estatutuak aldatu edo ez erabakitzea. Baina, atzo, Euskadiko Federazioa onartu edo ez ere bozkatu behar zuten. Ez zuten bakar bat ere egin.

Lau argudio

Batzarra Mexiko Hirian egin zuten. Nazioarteko Federazioan 33 herrialdek dute ordezkaritza, eta hamabostek bozkatzen dute; bakoitzak boto kopuru jakin bat du, munduko azken txapelketan parte hartutako diziplinen araberakoa. Esaterako, Espainiak, Frantziak eta Mexikok bederatzina boto dituzte; eta Kubak eta Argentinak, zortzina. Bozketan parte hartu behar zuten beste federazioak hauek izan ziren: Bolivia, Txile, Costa Rica, El Salvador, Guatemala, Italia, Peru, Uruguai, Venezuela eta Haiti. Guztira 76 boto ziren. Bozketa egiteko, arau batzukzeuden: botoa presentziala izatea, eta federazio bakoitzean titular batek edo ordezko batek baino ezin zutela botoa eman. Gainera, batzarra egin ahal izateko, batzarkideen erdiek behintzat joan beharko zuten.

Euskadiko Pilota Federazioak lau arrazoi nabarmendu zituen herenegun nazioartekoan onartua izateko. Ekonomiari, nortasunari, lehiari eta marko legalari erreparatu zien. Pilota euskal herritarrek «odolean» daramaten kirol bat dela defendatu zuen, eta «eskubide osokoa» zela «euskal gizarte osoa» ordezkatua izatea Nazioarteko Pilota Federazioan.

Bestalde, ohartarazi zuen Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izango balitz lehia nabar men handituko litzatekeela. Berrehun klub eta 6.200 kirolari baino gehiago daude Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta denek izango lukete aukera nazioartean jokatuko diren txapelketetan parte hartzeko. «Ikusleentzat erakargarriagoak lirateke».

Ekonomikoki Euskal Herria lurralde «aurreratua, modernoa eta ahalmen ekonomiko handikoa» zela azpimarratu zuen federazioak. «Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izanez gero, pilota nazioartean zabaltzeko aukera bat egongo litzateke, eta horren onurak Nazioarteko Federazioaren kide guztiek jasoko lituzkete: gure inklusioarekin Euskal Pilotako Munduko Txapelketak orain arte ikusi ez den maila hartuko luke».

Lege ikuspegitik, Euskadiko Federazioa oinarritu da Espainiako Gobernuak duela hilabete batzuk onartu zuen kirolaren 39/2022 legean. Horren arabera, «autonomia erkidego bateko selekzioak» nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.