Garaipenaren gozoa dastatzen ari da oraindik Esther Arrojeria (Usurbil, Gipuzkoa, 1994). Bera Berako kapitainetako bat da, eta klubaren zazpigarren liga eskuratu zuen larunbatean taldekideekin.
Zazpigarren liga zuretzat ere bada.
Erraz esaten da, baina azken urteetan oso denboraldi onak ari gara egiten, eta sasoi guztietan irabazi dugu tituluren bat edo gehiago. Oso pozik nago arrakasta horiek bizi izateagatik, eta irabaz ditzagula gehiago.
Erraz esaten da, bai, baina egitea ez da hain erraza. Zer dago, adibidez, liga titulu honen oinarrian?
Azken urteetako arrakastak lortzeko, aurretik sekulako lana egin zen, nahiz eta urte horietan ez zen irabazi. Hau guztia haren fruitua da. Denboraldiro erronkak jartzen ditugu, eta Espainiako lehiaketa guztiak irabazten saiatzea izaten da gure asmoa. Horretarako prestatzen dugu taldea; horretarako osatzen du taldea klubak, eta orain, horrela segitzea da erronka.
Zeinen garrantzitsua den klubak bidea garbi izatea, ezta?
Bide bat hartu zuen duela urte asko, eta erronka da hor segitzea. Aurrekontuak ematen duena ematen du, eta saiatzen da hor sartzen kluba, ahalik eta talderiklehiakorrena osatzeko.
Espainiako lehiaketetan erronkak betetzen ari zarete, baina Europan gehiago kostatzen ari zaizue.
Bai. Sartu izan gara multzoen fasean, baina sasoi honetan ez, eta urrats txiki hori falta zaigu. Txikia bezain handia, aldi berean. Azkenean, koska handia dago. Baina uste dut oraintxe harrapatu izan bagenu Europa Ligako kanporaketa [Errusiako Zvezdaren aurka galdu zuten] pasatzeko moduan izango ginela. Taldeak aurrerapauso handia eman du ordutik.
Beste heldutasun eta lasaitasun batekin ari zarete orain, ezta?
Segurtasun aldetik aldaketa handia egin dugu. Sasoiaren hasieran, nik neuk ez nuen taldea elkar hartuta ikusten; koordinazioa falta zitzaigun. Uste dut jokalari askok pausoa eman dutela aurrera, eta orain ari dira erakusten zergatik dauden Bera Beran. Hobekuntzaren gakoetako bat hori da. Imanol [Alvarez, entrenatzailea] jokalari guztiak ari da erabiltzen, eta jokoan ez da nabaritzen ari. Hori ere gakoa da. Ateratzen dena ateratzen dela taldearen mailak ez du behera egiten. Jokalari kopuru handiagoa daukagu beste taldeen aldean, eta horrek abantaila ematen digu.
Abantaila bai luzera begira, baina denboraldiaren hasieran ez, nonbait. Espainiako Superkopa eta Kopa irabazi ezinda geratu zineten. Nola barneratu zenuten taldean?
Kolpe gogorrak izan ziren, bi titulu irabazi ezinda geratu ginelako. Kopan, final-laurdenetan kalera joatea gogorra izan zen. Taldea osatu gabe harrapatu gintuen, baina Elxek merezita irabazi zigun. Lan handia egin beharko genuela jabetu ginen. Gero etorri zen beste kolpea, Superkopakoa, Malagaren aurkakoa. Kale egin genuen. Baina taldea ez zen erori; lanean jarraitu genuen, eta orain jaso dugu fruitua.
Galtzea pizgarri ere izan daitekeela, alegia.
Hori da. Baina zalantzekin ere hasi ginen, eta hori ezin da ukatu. Batek baino gehiagok pentsatu zuen aurten ez genuela maila emango. Baina balio izan zigun gure artean hitz egiteko, eta denaren bila joan ginen. Garbi genuen zertarako gai garen. Uste dut oraingo gure maila ez dutela ligako beste talde askok emango.
Ezta Kopan ere?
Espero ezetz. Hil ala biziko lehiaketa da, eta edozer gerta daiteke. Baina oso maila onean iritsiko gara [maiatzaren 21etik 23ra da, Telden, Kanaria uharteetan]. Aukerak baditugu irabazteko, eta azkenaldian bezala jokatzen badugu, aukera handiak dauzkagu Kopako titulua Donostiara ekartzeko.
Aurkari zaila tokatu zaizue: Malaga. Baina haiei zailagoa?
[Barrezka]. Ez dute nahiko gure aurka jokatu, baina egia da guk ere beste aurkari bat nahiagoko genukeela. Kopa berezia da, ezberdina; beste giro bat egoten da.
Lastima Donostian ez izatea, azkenean.
Bai, baina ea datorren denboraldian hemen jokatzen dugun. Ilusioa egiten dit. Gertuena Barakaldon jokatu genuen, eta oso giro berezia izan zen, eta ea hemen ere halako erantzuna dagoen datorren urtean. Ea zaleak kiroldegietara sartzeko moduan diren ordurako.
Tenerifen zaleak izango dira harmailetan, ia denboraldi guztian ez bezala. Aldaketa hori antzeman egin dezakezue?
Azkenaldian, partida bat edo beste izan dugu zaleekin, baina ohitu egin gara harmailetako isiltasunera. Gure garrasiak inoiz baino gehiago entzuten dira orain. Dena dela, pozgarria da zaleak izatea Kopa honetan. Azken batean, kirolak berezko saltsa galtzen du zalerik gabe.
Larunbateko ospakizunetan, zuen atzean harmailak hutsik ikusteak tristura eragiten zuen.
Beroketan pentsatu nuen egoera normala balitz harmailak beteta egongo zirela. Pena ematen du horrela ez izateak, eta momentu ederrak gure zaleekin ezin elkarbanatzea. Hala ere, iaztik hona aurrera egin dugu, orduan bakoitzak bere etxean ospatu behar izan genuelako ligako titulua. Bagenuen gogoa kantxan ospatzeko.
Zaleen artean, etxekoak ere falta. Hori ere eramaten zaila, ezta?
Bai. Etxekoei eta lagunei ere aparteko ilusioa egiten die guk irabazteak. Nire aitona-amonak jarraitzaile sutsu bihurtu dira, eta polita da haiek harmailan ikustea. Gainera, aitona erraz hunkitzekoa da. Ea laster ditugun bueltan.
Etxekoak dira, gainera, zuen petral usainak pairatzen dituztenak gauzak okertzen zaizkizuenean.
Haiek jan behar izaten dute dena. Denboraldiaren hasierako bolada txarrean, nire petralaldiak neurekin eramaten nituen etxera, eta etxekoak beti laguntzeko prest izan nituen. Une gozoak gozatzea ere merezi dute.
Une gozo asko bizi izan dituzu zuk taldean 2012ko urrian debuta egin zenuenetik. Hemen ikusten duzu zeure burua gerora ere?
Zortekoa naiz horrelako klub bat etxe ondoan edukitzeagatik, eta nire kluba bezala sentitzen dut, Usurbilekoan hasi banintzen ere. Azkenean, profesionaltasun eta kirol mailaren aldetik, talderik onenean nago, eta ez dut inora mugitzeko asmorik.
Honaino heltzeko, Bera Beran hasi egin behar izan zenuen, eta zer ikusten duzu atzera begiratuta zeure burua ikustean?
Ordu pila bat entrenatzen, eta une txarrak ere bai. Jokalari gisa hazten laguntzen dizutenak akatsak izaten dira askotan. Zortekoa izan naiz entrenatzaile guztiek konfiantza eman didatelako. Azken urteetan ere asko ari naiz jokatzen, eta beti joaten naiz entrenatzera ikasteko gogoarekin, inoiz ez delako berandu ikasteko.
Beti dago zer emana taldeari.
Kapitainetako bat ere bazara.
Garrantzitsua da datozen jokalariei Bera Beraren balioak erakustea, eta horretan ari gara Alba [Menendez], Maitane [Etxeberria] eta hirurok. Klubak lan handia egin du bereak dituen balioei eusten: lana, sakrifizioa eta profesionaltasuna. Askotan falta izaten da azkeneko hori, gure kirolak ez duelako baliabide ekonomiko nahikorik, baina gure kluba horren bila joaten da, eta eredugarri da horretan.
«Profesionaltasuna», esan duzu. Pentsatzen dut esan nahi duzula eskubaloitik bizi gabe dena ematea zer den, ezta?
Zorteko gara Bera Berak aukera ematen digulako eskubaloitik bizitzeko jokalari garen bitartean. Hortik aurrerako ez du ematen, jakina. Erronka da beste klubak ere gure profesionaltasun maila horretara heltzea, baina, zoritxarrez, urruti gaude oraindik.
Bera Beraren balioak zuri irakatsi zizkizutenak ez ziren edozein: Matxalen Ziarsolo, Eider Rubio eta beste hainbat.
Kapitain eredugarriak izan nituen, bai. Azkenean, garbi izan behar dugu ez garela futbolariak, ezta gizonezkoak ere. Uneko gauza da hau, eta gozatu egin behar dugu, oso jende gutxik izaten duelako gustatzen zaion horretatik bizitzeko aukera. Guri esaten ziguten, eta guk ere esaten diegu gazteei, etorkizuna gogoan izateko, eta ikasketei eusteko. Kirola eta ikasketak uztar daitezke, eta, beste batzuek lortu dugun bezala, oraingo gazteek ere zergatik ez? Ondo antolatzea eta sakrifikatzea da oinarria.
Zenbat bidaia, ezta? Erizaintza ikasketetako apunteekin gora eta behera zure kasuan.
Bai, eta asteburuetan, etxean geratu behar aste barruan ez nuelako astirik izaten ikasteko. Eta bitartean, lagunak kalean. Azkenenean, lehentasunak jarri behar direnean jarri egin behar dira, eta denborarekin, ahaleginak saria ematen du.
Orain zauden lekura heltzeko badela sakrifizio ugari.
Bai. Goizetan unibertsitatera joaten nintzen, eta arratsaldetan, entrenatzera. Lanak-eta ahal nuenean egiten nituen. Baina ez nuen sufritu. Gustura egiten nituen bi gauzak: gustuko tokian aldaparik ez.
Matxalen, Eider, Eli Pinedo, Reyes Karrere... Eta ibilian-ibilian, zerrenda luzean, Esther Arrojeria. Zu ere erreferente.
Ez dut sinesten, edo kosta egiten zait horien mailan nagoela sinestea ere. Haiekin entrenatzen hasi nintzenean, neure buruari esaten nion nora nindoan. Usurbilen nenbilela pentsatu ere ez nuen egiten Bera Beran ariko nintzenik, baina urteak aurrera zihoazen bezala, haien lekua hartzen joan ginen Alba, Maitane eta ni. Ea gai garen balio horiek gazteei ondo erakusteko, haiek guri irakatsi zizkiguten bezain ondo.
Honezkero begiz jota izango dituzue zein datozen onak.
Bai, eta lan egitearen balioa denek garbi dute. Luzerako dago Bera Bera, gerra emateko prest.
Usurbil aipatu duzu, eta zer litzateke Bera Bera harrobi hori eta Gipuzkoako beste herri batzuetako haztegi horiek gabe?
Usurbilen asko bizi izan da beti eskubaloia, Zarautzen edota Zumaian bizi izan den bezala, beste herri batzuk ere aipatzearren. Hain herri txikia izanda, ume asko kiroldegian batzen ginen larunbatero eskubaloia ikustera, eta hortik datorkit zaletasuna. Anai-arrebek ni baino lehen jokatu zuten, eta txikitatik jandakohori guztia azaldu egin da nire kasuan. Balioa eman behar zaie Gipuzkoako klubei, sekulako lana egiten dutelako haurrekin eta gaztetxoekin. Horiek gabe ez ginen asko izango Bera Bera eta Bidasoa, eta eskerrak eman behar zaizkie. Jende asko ari da musu-truk lanean, eta sekulako balioa du lan horrek.
Jokatzeari uzten diozunean hor ikusten duzu zeure burua?
Jarraitzaile izango naiz, baina harmailatik. Neure burua erizain ikusten dut erietxe batean, nire lanorduak eginez. Entrenatzaile ez naiz ikusten; ez zait gustatzen.Uste dut ez dudala balioko. Gero auskalo, baina ez dut neure burua oso sartuta ikusten eskubaloi munduan.
Erizaintza, erietxeak... Zer gogoeta ari zaizu eragiten COVID-19aren pandemia?
Ez dut lehen lerroan bizi, baina ezagutzen ditut ZIUetan dabiltzanak. Nagore Arizaga taldekide ohia ibili zen, eta egun guztiak gogorrak direla esaten zidan. Azkenean, mundua geratu zen kolpetik, eta beti iruditu izan zait pelikula batean gaudela. Bi hilabete pasa etxean egon ginen. Gizartearen ohiturak aldarazi ditu, eta espero dut onerako bilakaera ekartzea. Bestelakoan, lehenbailehen buelta gaitezen betikora, gogo handia dago eta.
Taldeko kirolean eta herrian kaltea eragiten ari da: gaztetxo batzuek utzi egin dute, edo entrenatzera joateko diziplina galdu dute. Zer esango zenieke gaztetxo horiei?
Urte zaila izan da herriko kiroletan: oraintxe entrenatu daiteke, oraintxe ez. Horrela errazagoa da gaztetxoak nazkatzea, eta klubek egin beharko genuke kanpainaren bat. Guk landu genuen bideo bat arlo horretan. Espero dezagun datorren denboraldia normala izatea, eta gaztetxo horiek berreskuratzen joatea kirolerako.
Esther Arrojeria. Bera Berako jokalaria
«Ez dut sinesten nire erreferente izan direnen mailan nagoenik»
Super Amara Bera Berak zazpigarren aldiz irabazi zuen liga larunbatean, eta zazpietan aritu da Arrojeria orain kapitainetako bat da. Jokoan gidari da erdikoa, eta aldagelan, itsasargia, aurrekoek irakatsi ziotena erakusten ari baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu