Rakel Mateo. Triatleta

«Ez dut sekula galdu borrokatzen segitzeko gogoa»

Mateok hainbat egoera zaili aurre egin behar izan die bizitzan. Baina, denak gainditu, eta hirugarren Paralinpiar Jokoetan egoteko lanean ari da jada. «Amets bat litzateke Parisen egotea».

JCD FOTOGRAFIA / FETRI.
ainara arratibel gascon
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
22 urte dira lan istripu bat izan eta Rakel Mateori bizitza aldatu zitzaiola (Mungia, Bizkaia, 1975). Ezker hanka txikituta geratu zitzaion. «Baina horri esker kirol egokitua deskubritu nuen, triatloi egokitua, eta aurrekoa baino bizimodu zoriontsuagoa dut orain», dio. 2021ean hanka moztu zioten, eta triatloian aritzeko teknika aldatu behar izan zuen, protesi batekin lehiatzen baita orain. Pixkanaka moldatzen ari da, eta asteburuan brontzeko domina lortu zuen Madrilen jokatutako Europako Txapelketan.

Pozik zaude brontzezko domina lortuta?

Bai, oso pozik. Batetik, hanka moztu zidatenetik egokitzapen eta ikasketa prozesuan nagoelako, eta, bestetik, urak zikinak zeudenez, triatloia zena duatloi bihurtu zelako. Ondorioz, igeriketako zatia kendu, eta bi kilometro eta erdi gehiago korritu behar izan genituen. Ni, orain, hobea naiz igerian, korrika baino. Oraingoz, denborari baino gehiago, egokitzapen eta ikaskuntza horri erreparatzen diot. Badakit nola nagoen, errealista naiz, eta hobekuntza antzeman dut aurten parte hartu dudan hiru probetan. Kontuan izan hanka mozteko ebakuntza 2021eko otsailean egin zidatela, Tokioko Paralinpiar Jokoak pasatuta hankaondoan koskor bat atera zitzaidala, eta beste bost hilabete eman nituela geldirik. Gainera, bi saihets ere apurtu nituen bitarte horretan. Denbora gutxi daramat honela lehiatzen.

Nola hartu zenuen triatloia izan beharrean duatloia zela jakitea?

Goiz horretan bertan abisatu ziguten, proba hasi baino hiru ordu lehenago. Bagenekien arrisku hori bazegoela, iaz ere gertatu zen Polonian. Baina, badaezpada, bezperan maleta triatloirako prestatu nuen. Esnatu, eta, jakin nuenean, neure buruari esan nion: «Berriz ere hala beharko du, baina eragozpen bat da, nik berez triatloia egiten dudalako».

Hobekuntza aipatu duzu. Zertan antzeman duzu hobekuntza?

Tokioko Olinpiar Jokoetarako, aurretik egiten nuen teknikaren eta orain egiten dudanaren arteko nahasketa bat egin nuen. Iaz, berriz, oraingoarekin hasi nintzen erabat. Hobekuntza argiena igeriketan izan dut. Lehen zama moduko bat neraman. Izan ere, hankak ez zuen funtzionalitaterik. Hiru kilo gutxiagorekin aritzen naiz orain. Bizikletan, berriz,lehen hanka bakarrarekin ematen nien pedalei. Orain, berriz, bizikletarako protesiari esker, hankaondoarekin %30 inguruko indarra egin dezaket, eta, beraz, indar banaketa orekatuagoa da. Horrek ere hobetzen lagundu dit. Protesia pedalean sartzeko teknika hobetuz joan ahala, hobekuntza handiagoa izango da.

Korrikarena ez duzu aipatu. Hori izan da egokitzapenik zailena orain arte?

Dudarik gabe. Orain arte, makuluekin korritzen nuen. Bestela, erori egiten nintzen zuzenean. Beraz, besoak beheraka eramaten nituen. 20 urtez egon nahiz horrela lehiatzen. Orain, berriz, ez daramat makulurik, eta besoak goraka daramatzat. Hala, burmuinak gorputz jarrera eta teknika berriak ikasi behar izan ditu. Ondorioz, oso mantso korritzen hasi behar izan nuen, aldaketa hori handia baitzen gorputzarentzat. Nahiz eta bizkorrago korritzeko gaitasuna izan, galga jarri behar izan nuen, gehiegi ez behartzeko. Oso diferentea da. Desikasi egin behar izan dut, berriz ikasteko. Lehen, protesirik gabe lehiatzen nintzen; orain, berriz, hirurekin. Parisera iritsiz gero, hirugarren Paralinpiar Jokoak izango ditut, eta guztietan teknika desberdinekin lehiatu naiz. Ez da erraza. Gainera, ezin naiz nahi beste entrenatu. Izan ere, hankaondoa ondo zaindu behar dut, zauriak-eta ez egiteko. Astean hiru saio egin ditzaket, eta lau larri samar. Beti esaten dut oso esker oneko hankaondoa dudala, tratatzen dudan moduan tratatuta. Gainera, lanarekin ere uztartu behar dut.

Urte eta erdi falta da Jokoetarako. Zenbaterainokoa izan daiteke hobekuntza? Balioko dizu horrek Jokoetan izateko?

Zaila da jakiten. Ni egunero jaikitzen naiz pentsatuz hobetu egingo dudala, eta esan bezala, hori nabari dut. Konbentzituta nago balioko didala, itxaropen hori dut. Baina garbi dut ezin dudala neure burua 15 urtez modu berean lehiatzen ari den triatleta batekin alderatu. Gainera, hainbeste gauza gertatu zaizkit, ezen nahiago baitut soilik eguneroko lanari begiratu. Beraz, oso argi dut: Parisen egote hutsa arrakasta handia litzateke. Tokion egotea ere balentria handia izan zen. Pentsa, hanka moztu eta sei hilabetera izan zen. Askok, ebakuntza eginda, esaten zidaten geratzeko garaia zela, eta ez joateko. Baina garbi izan nuen joan egin nahi nuela. Motibazio bat izan zen. Ziurrenik, hanka moztu ez balidate, aurreko teknikarekin, emaitzak hobeak izango ziren. Baina beti atera diot txarrenari onena. Makuluekin korritzen nuenean, 4,39an korritzen nuen kilometroa. Oso bizkor da hori. Orain, sei pasatxoan. Aldea handia da. Nire nahia bost inguruan korritzea litzateke. Askok esaten didate zergatik ez dudan makuluekin jarraitzen. Argi dago gorago egongo nintzela, baina beti pentsatu dut kirolaria baino gehiago pertsona naizela. Eta pasatutakoa pasatu eta gero, niretzat atzera egitea litzateke berriz makuluak hartzea korrika egiteko. Lan handia egin behar izan dut berriz makulurik gabe ibiltzen eta korritzen ikasteko. Nire bizi kalitatea lehenetsi dut, kirol emaitzen gainetik. Hala egin nuen Tokioko Paralinpiar Jokoetarako sei hilabete falta zirenean hanka mozteko ebakuntza egitea erabaki nuenean ere. Nahiago dut kirolean atzean egon, eta nire bizi kalitatea ona izatea. Orain, makuluak etxean bakarrik erabiltzen ditut, protesia kenduta nagoenean, zauri bat dudalako edo hankaondoari atseden emateko; eta lasterketetako trantsizioetan ere bai.

Jokoen aurreko urtea izanda, zein helburu jarri dituzu?

Ziurra da uztailean Montrealgo triatloira joango naizela, eta aurretik ikusiko dut Coruñakoan [Galizia] lehiatzen naizen. Hori izango da lehen proba puntuagarria Parisi begira. Izan ere, asteburukoa ere sartzen zen, baina, azkenean duatloi moduan korritu zenez, ez dakigu zer gertatuko den. Baina lehia nagusia Munduko Txapelketa izango da, Pontevedran [Galizia].

Zein itxura hartu diozu zirkuituari?

Bi aldiz egon naiz han, behin lehiatzen, eta beste behin entrenatzen. Baina, esan bezala, teknika desberdina denez, ezin dut alderaketarik egin. Ez dakit orain non dagoen nire muga. Beti esaten dut nire gorenera iritsi gabe utziko dudala triatloia.

Prestakuntza fisikoa aipatu duzu, baina mentalki nola prestatzen zara?

Oso garrantzitsua iruditzen zait buruko osasuna kirol munduan. Istripua gertatu aurretik, anorexia eduki nuen, eta badakit zein garrantzitsua den. Hanka moztu zidatenean ere proposatu zidaten egitea. Baina, orain, ez dut prestaketa jakinik egiten. Uste dut ez dudala behar. Izan ere, gauza asko pasatu zaizkidan arren, ez dut sekula galdu borroka egiten jarraitzeko gogoa. Etorkizunean ere ez dut nahi gertatzen zaizkidan gauzek gogo hori kentzea. Ingurukoek asko lagundu didate horretan: etxekoek, lagunek, babesleek, sare sozialen bidez nirekin harremanetan jartzen direnek... Niregatik eta guzti horiengatik merezi du Parisen egoteko egiten ari naizen ahaleginak. Badut esaldi bat beti esaten dudana. «Ez esan 'bihar' eta 'saiatu izan banintz'...».Gainera, Paris etxetik gertu dago, eta haiek nirekin egotea handia litzateke. Izan ere, Tokion ezin izan ziren egon,COVIDarengatik.

Pariskoak izango dira zure azken Jokoak?

Ziurrenik bai. Datorren astean beteko ditut 48, eta hurrengo jokoetan 53 izango ditut.

Zer ematen dizu kirolak egun, bide hau hasi zenuenean ematen zizunarekin alderatuz? Oso desberdina da?

2001. urtean izan nuen istripua, eta bederatzi urteren ondoren hasi nintzen kirola egiten. Anaiaren bizikleta ikusi, eta zera esan nuen: «Nolakoa izango litzateke orain bizikletan ibiltzea?». Urteak neramatzan mediku eta abokatu artean, eta gainera, aurretik anorexia izana nuen. Infernua izan zen. Bizikleta egokitu, hartu, eta sekulako patxada eta lasaitasuna sentitu nituen. Baina, kirol egokitua ezagutu eta lehiatzen hasi nintzenean, beste mundu bat deskubritu nuen. Gogoan dut kazetari batek galdetu zidala ea istripuak bizimodua aldatu zidan, eta erantzun nion baietz, onerako aldatu zidala. Izan ere, aurretik baino zoriontsuagoa bizi naiz orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.