Iñigo Velez de Mendizabal. Entrenatzailea

«Ez dut ikusten nire etorkizuna futbolik gabe»

Gaur bi aste dira langabezian dagoela. Futbolaren elitean lehen denboraldia zuen hau, baina Amorebietak ez dio utzi bukatzen. Egun txarrak pasatu ditu, baina ari da indartzen.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Gasteiz
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Telefonoz hizketan azaldu da elkarrizketara Iñigo Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1982). Eguraldia laino dago Arabako hiriburuan. «Astunak doaz egunak», esan du entrenatzaileak. Eguzkia ikusi nahi du. Amorebietan gertatu zaionaren metafora egokia da: laino beltz batean sartu zuten agintariek duela bi aste, kargutik kendu baitzuten, baina ziur da aterako zaiola eguzkia datorren sasoirako. Hasiko zaio deika ordezkaria telefonoz, eskaintzaren baten berri emateko.

Betiko esaldi bat: entrenatzaile bat ez da entrenatzaile aurreneko aldiz kargutik kentzen duten arte.

Mendilibarrek esan zidan hori kalera bota eta segituan, mezu bidez.

Ez zenuen espero.

Ez. Harrituta geratu nintzen.

Zein izan zenuen lehen sentimendua jakinarazi zizutenean?

Txantxa zela pentsatu nuen. Eibarri buruzko bideoa prestatzen ari nintzen, eta jokalariekin elkartzera nindoan. Pentsatu nuen iradokizun bat egin behar zidatela gauzak aldatzeko edo beste era batera lantzeko. «Berri txar bat daukagu», esan zidaten, eta orduan bota zidaten. Jota geratu nintzen. Gero, hitz egin genuen ordu laurden batean, eta kito. Barneratzen saiatzen hasi nintzen.

Haserretu egin zinen?

Ez, etsita geratu nintzen. Ulertzen dut horrelakoak gerta daitezkeela futbolean, baina aurretik ez nuen ezer susmatu.

Lehen lana zenuen elitean, eta hasiberritan kaleratua izateakez al dio zama handiagoa jartzen kolpeari?

Bai, baina honela tokatu da.

Zer asmo duzu hemendik aurrera?

Entrenatzaile izan nahi dut.

Bazara.

Elitean jarraitu nahi dut, baina zaila izango dela uste dut. Aukera onak ateratzea espero dut. Ikasten jarraitu behar dut; hori garbi daukat. Gaztea naiz. Asko gustatzen zait futbola eta entrenatzaile izatea.

Bila ari zara?

Ez. Nire ordezkariak esan dit lasai egoteko, ahazteko futbolaz pixka batean, eta familiaz gozatzeko. Zain egon behar dut, beste aukeraren baten zain.

Entrenatzailea futbolaz ahaztu?

Nire kasuan ez behintzat. Partida asko ikusten ari naiz asteburuetan, adibidez.

Beroaldian, pasatu zitzaizun burutik uztea?

Ez. Autoestimuari kolpea ematen dio kaleratua izateak, eta buruari buelta asko ematen ari naiz, zer egin dudan gaizki, zergatik ez dudan lortu kirol emaitzak hobetzea, zer gertatuko den orain, zein taldek deituko didan... Konfiantza asko jaisten da, baina astebete pasatu da, eta ikusten ari naiz lan ona egin dudala, eta entrenatzaile hobea naizela hartzen ari naizen esperientziagatik. Gertatu dena ondo etorriko zait ikasten jarraitzeko. Autoestimua igoko zait eskaintzaren bat jasotzen dudanean.

Edozeini heltzeko prest zaude?

Ate guztiak irekita dauzkat.

Bigarren entrenatzaile izateko deituko balizu Mendilibarrek, adibidez, uko egingo zenioke lehen entrenatzaile izateari?

Mendirekin sekulako harremana daukat. Eibarren entrenatu ninduen, eta laguna dut. Baina aukera hori ez da azaldu.

Euskal Selekzioa entrenatzaile gazte baten bila ari omen da.

Sekulakoa izango zen niretzat, baina ez didate deitu.

Athleticeko hauteskundeetako kanpainaurrearen barruan ere ez dizu hautagai posibleren batek deitu lana eskaintzeko?

Ez, ez. Lagunen deiak bakarrik jasotzen ari naiz bazkariak-eta egiteko, orain astia baitut [barrezka].

Kaleratua izan aurretik bezalako gogoarekin ikusten duzu futbola?

Futbolik gabe egotea ez dakit zer izango zen. Badakit itzuliko naizela aulkiren batera. Txikitatik futbolari izanda, ez dut ikusten nire etorkizuna futbolik gabe. Eguneroko lana, entrenamenduak prestatzea eta aurkarien bideoak egitea asko gustatzen zait. Gero, lan hori partidako emaitzan geratzen da bakarrik.

Asmorik baduzu talde batzuek nola entrenatzen duten ikustera joateko?

Mendirengana datorren astean [honetan] joango naiz. Marcelino eta Athletic ere ikusi nahi ditut lanean; Gaizka Garitano laguna dut, eta Jagobarekin ere harremana daukat.

Zeri ari zara buelta gehien ematen egun hauetan?

Bolada daramat lo askorik egin gabe. Malagaren aurka galdu eta gero, ez nuen gau ona pasatu; gero, kaleratzearena etorri zen. Lorik egin gabe egon naiz, oso gaizki, eta oraindik ere ohera sartutakoan burura etortzen zaizkit Amorebietan bizi izandakoak: jokalariak, partida batean zer erabaki hartu nituen, eta abar. Baina lasaitzen hasita nago.

Asko eskatzen diozu zeure buruari?

Bai, baina zintzoa ere banaiz, saiatzen naizelako beti gauzak ondo egiten. Bueltak ematen dizkiot hobetzen segitzeko. Esan izan didate oso lan ona egin dudala Amorebietan, baina denboraldi honetan gauzak hobeto egin nitzakeela pentsatzen dut.

Zer gauza?

Partida batzuetako estrategia, geldikako jokaldiak... Gauzak ondo ateratzen ez direnean, bueltak ematen dizkiot. Garbi nuen gauzak hobetu behar nituela, eta ari nintzen, baina kaleratu egin naute. Sinesten nuen kontu txikiengatik geundela zuloan, eta horiek aldatuta gora egingo genuela.

Nola begiratzen diozu Amorebietari orain?

Atzo [aurreko asteko osteguna] joan ginen agurtzera, eta jokalariekin oso ondo egon ginen Mikel Arregi [hirugarren entrenatzailea eta ordezkaria] eta biok. Mailari eustea lor dezaketela esan nien.

Nolakoa izan zen jokalariengandik agurtzeko momentua?

Txaloekin agurtu ninduten. Astebete pasatu da, eta lehenago ez nintzen joan ezin nuelako: ez nintzen gauza. Astebete horretan, jokalari batzuek deitu edo idatzi egin zidaten; beste batzuek egun batzuen buruan egin zidaten kasu, eta badira ezer esan ez zidatenak. Atzo denek entzun ninduten, eta esan nien hiru urte hauetan sekulako pertsonak ezagutu ditudala. Badakit egunak pasatu ahala gauza onekin bakarrik geratuko naizela.

Jaso duzu espero ez zenuen norbaiten mezurik?

Bai. Futbol mundukoak, eta hortik kanpokoak. Eguneroko lanean ez naiz jabetu honetaz, baina jende asko eduki dut nire lana aztertzen, eta orain konturatu naiz. Lortu dugu jende askok bat egitea Amorebietarekin, eta asko pozten nau horrek. Lagungarri zait une txar hau gainditzeko. Denboraldi honetan aurkari izan ditudan entrenatzaile batzuek ere kasu egin didate.

Buruari bueltak ematen, pentsatu duzu entrenatzeko metodologia eta beste aldatzea?

Ez. Jokatzeko modua jokalarien arabera moldatzen dut. Asko gustatzen zait hiru erdiko atzelarirekin eta bi aurrelarirekin jokatzea, baina ez nuen uste erabiliko nuenik. Lehen denboraldian hasi ginen, ez genuelako askotan irabazten. Argi daukat beste talde batera joaten banaiz jokalarietara moldatuko naizela.

Izango duzu, hala ere, gustuko moduren bat jokatzeko?

Liverpoolena dut gogoko. Presioa goian egitea gustatzen zait, baloia lapurtu eta gola sartzera joatea azkar, eta baloia ez edukitzea edukitzeagatik. Baloiaren jabetza luzeak izaten saiatzen dira taldeak, baina ia inork ez du golik sartzen baloia atzetik atera eta goraino eramanez.

Zer da ondo jokatzea?

Zuk garbi duzuna egitea taldeak. Jakina, irabazten badugu, gusturago egongo naiz, eta galtzen badugu, ba ez. Gerta daiteke zuk nahi ez duzuna egin eta irabaztea, baina niretzat garrantzitsua da ideia bat edukitzea, baina ez betiko, aldatzera irekita egotea baizik.

Zure ideia hori erabiltzen zuen Amorebietak, adibidez.

Bai. Dena aldatu behar nuela? Agian. Baina erabakiak orduan hartu behar nituen. Gai ginen edozeini irabazteko, denen aurka galdu genezakeen bezala. Gure bekatua izan da azpiko taldeekin galtzea, goiko batzuk menderatzeko gai izan ginelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.