Entrenamendua amaituta iritsi da Angel Villacampa (Toledo, Espainia, 1976) Athleticen entrenatzailea Lezamako bigarren zelaira. Han jokatzen du taldeak. Bazkalordua gertu dago, eta oraindik makina bat gauza ditu egiteko. Baina ez du presarik. Antzeman egiten zaio disfrutatu egiten duela futbolaz hizketan.
Sasoi hasiera ez da esperotakoa izan, ez zuentzat, ez zaleentzat. Hiru partida galdu dituzue, eta bakarra irabazi. Zeri egozten diozu hasiera txar hau?
Futbolean berehalakotasuna bilatzen da, baina denak du prozesu bat. Entrenatzaile talde berria gara, eta historia eta filosofia mardulak dituen klub batera iritsi gara, aurreikuspen handiak dituen batera. Egokitzen ari gara, gu jokalarietara eta alderantziz. Gainera, liga asko aldatu da. 109 jokalari atzerritar daude, eta liga asko hobetu da. Horrek guztiak eragina izan du. Egoera iraultzeko lanean ari gara, eta ziur nago berandu baino lehen taldeak duen kalitatea erakutsiko duela.
Zuk zer moduz daramazu egoera?
Gauzak ondo egiten ari gara, eta horrek lasaitasuna eta konfiantza ematen dit. Jokalariak fisikoki gero eta sasoikoago daude, eta, egiten ari garen partiden azterketari esker, hobetzen ari gara.
Emozionalki taldea nola dago?
Emaitzak aldekoak ez direnean, beti sortzen dira zalantzak, baina, neu bezala, lasai dago.
Zertarako balio izan izan dizue etenaldiak?
Funtsezkoak diren jokalariak berreskuratzeko: Erika eta Nekane. Ea Yulema ere jokatzeko moduan den igandean. Halaber, ezarri nahi dugun jokoa egiteko beharrezkoa dugun egoera fisikoa eta taktikoa lortzeko baliatu dugu etenaldia.
Aurreko sasoian, Joseba Agirrek asko aipatu zuen une jakin batzuetan arreta falta zutela jokalariek, eta zuk hori nabarmendu zenuen aurreko partidaren osteko prentsaurrekoan. Hori ere landu duzue?
Bai, gauzarik txikiena ere zaindu egin behar dugu. Izan ere, txapelketa oso lehiatuta dago, eta detaile horietan asmatzeak edo ez azken emaitza baldintzatzen du. Adibide argiena Valentzian izan genuen. Lehen hemezortzi minutuetan oso ondo aritu ginen, aurkaria atzean sartu genuen, eta eroso ginen haien zelaian jokatzen. Baina gaizki zaindutako korner batean gola sartu ziguten, eta maldan gora jarri zitzaigun norgehiagoka. Halako kolpe bat jasotzean, taldeari kosta egiten zaio buelta ematea, eta horretan ere hobetu behar dugu.
Asko aldatu nahi duzu jokatzeko era Joseba Agirrek egiten zuenarekiko?
Kontua ez da aldatzea edo ez. Talde berri batera iristen zarenean, ikusi behar duzu zer jokalari dituzun, eta horren arabera erabaki jokatzeko era. Hori uste dut nik, behintzat. Baina, jokatzeko eratik harago, trasmititzen duen talde bat izatea nahi dut, zaleak harro senti daitezela egiten dugunaz. Horrekin batera, baloia duen talde bat izan behar dugu. Erosoago gaude hala denean. Gauzak horrela, hobeto egin behar ditugu defentsaren eta erasoaren arteko trantsizioak.
Kirol zuzendaria da orain Agirre. Zer gomendio eman dizu? Asko hitz egiten duzu harekin?
Bai, egunero izaten dugu solasalditxo bat, eta nigan eta taldearengan uste osoa duela esaten dit behin eta berriro. Berak ondo daki nola ari garen lanean eta taldeak zer neurri eman dezakeen.
Aurreko sasoiko marrazkia aldatu egin duzu, hala ere. Taldeak 4-4-2koarekin jokatzen zuen, eta, orain, 3-5-2koarekin. Zergatik?
Uste dut ez garela izan behar marrazki jakin batekin jokatzen duen talde bat. Lehen partidetan 3-5-2koarekin jokatu dugu batez ere, baina tarteka aldatu dugu. Uste dut taktikoki hori aberasgarria dela, eta irtenbide gehiago emango dizkigula lehietan. Taldea prest ikusten dut horretarako, gainera. Ni, gainera, ez naiz zurruna alde horretatik.
Zerk harritu zaitu gehien jokalariengandik?
Ezerk ez zehazki. Gauzak egiteko gogoz dagoen talde bat dela nabarmenduko nuke, borondate handia duena. Baina, egiteko, konfiantza behar dute. Izan ere, haiek ere jabetu dira ligaren lehiakortasuna igo egin dela, eta ikuskizun daude. Sinetsi egin behar dute gauza handiak egin ditzaketela.
Hartu duzun erabaki esanguratsuenetako bat atean egon da. Ainhoa Tirapu aulkian utzi duzu, eta Andrea De la Navaren alde egin. Hainbeste eskarmentu duen jokalari bat aulkian uzteak nola eragin diezaioke taldeari?
Ezeren gainetik Ainhoaren profesionaltasuna nabarmendu nahiko nuke. Eredu izaten ari da. Izugarri ari zaio laguntzen Andreari. Irizpide tekniko-taktikoak kontuan hartuta, hori erabaki dugupartida hauetarako. Uste genuen Andrea zela aukerarik onena. Baina hiru atezainak oso ondo ari dira lanean, eta gerta liteke hurrengo partidetan beste bi atezainetako baten alde egitea. Lehiakortasun hori izatea ona da, eta taldekideek hirurengan izan behar dute konfiantza.
Harrobiaren aldeko apustua ere egin duzue Oihane Valdezate, Ane Azkona eta OihaneHernandezi aukerak emanez. Izango al da pazientzia jokalari horiekin, emaitzak onak ez badira?
Zalantzarik gabe, gure filosofiarekin ezin baita bestela izan. Kontua ez da jokalari bat jartzea eta agerian uztea. Aukera ematen badiegu, prest ikusten ditugulako da. Horrek izan behar du bidea. Aldi berean, gertutik jarraitu behar dugu klubarentzat interesgarriak izan litezkeen jokalarien jarduna, eta, aukera badugu, ekarri.
Harrobiari zer traza hartu diozu?
Oso ona. Iraia [Iturregi, bigarren taldeko entrenatzailea] lan bikaina egiten ari da, eta fruituak iritsiko dira. Nahiz eta orain arteko jokalariek oso goian jarri duten langa. Gakoa trantsizioa ondo egitean egongo da, eta, hori ondo egiteko, funtsezkoa izango da Damaris [Egurrola], Maite [Oroz], Lucia [Garcia] eta gisako jokalarien lana, eskarmentua dutenen eta igo berri direnen artean dagoen belaunaldiaren parte direlako.
Bartzelonaren eta Atletico Madrilen atzeko multzoko lehenak izateagatik borroka zaitezketela uste duzu?
Gero eta zailagoa da. Baina ditugun jokalariak, garen taldea eta dugun historia nahiz filosofia aintzat hartuta, ezin dut txikian pentsatu. Orain emaitzak ez ditugu alde, baina gure onena emango dugu goiko postu horietan egoteko.
Lehiara itzulita, nola helduko diozue Realaren aurkako igandeko derbiari?
Esango banu partida arrunt bat dela eta hiru puntu baino ez daudela jokoan, gezurretan ariko nintzateke. Derbi bat da, eta ilusio handia dugu. Aipatu bezala, etenaldia ondo etorri zaigu, eta dena emango dugu igandean hiru puntuak irabazteko.
Nolako norgehiagoka espero duzu?
Reala oso bolada onean dago aurreko sasoitik. Espainiako Kopa irabaztea bultzada handia izan zen haientzat, eta oso emaitza onak lortzen ari dira. Baina guk beti jokatzen dugu ondo derbietan. Partida lehiatua eta zaila espero dut. Bi taldeek jokatzeko era garbi bat dugu, eta esandako detaile txiki horietan erabakiko da.
Zer nabarmenduko zenuke Realaren jokoaz?
Oso garbi dutela zertara jokatzen duten, eta horri esker jokalari bakoitzak oso argi duela bere egitekoa. Zelai erditik aurrera oso jokalari onak ditu: Nahikari [Garcia] aurrean, Nerea Eizagirre punta erdian, eta Barbara Latorre eta Marta Cardona hegaletan. Bestalde, Itxasok [Uriartek] eta Leirek [Bañosek] oreka handia ematen diote zelai erdiari.
Zertan zarete haiek baino hobeak?
Errespetu guztiarekin, denean. Gauza bera esango nizuke aurkaria beste edozein talde izango balitz, uste osoa baitaukagu gure jokalariengan. Emaitza onak lortzeko egiten dugu lan.
Zer egin behar duzue zuek irabazteko?
Lasai egon, erasoan ditugun aukerak baliatu, eta aurreko partidetan egin ditugun akatsak gutxitu. Aste osoan landuko dugu partida nola jokatu.
Liga ero doa. Bartzelonak, adibidez, bana berdindu zuen Rayoren kontra, eta gero 7-1 irabazi zion Atletico Madrili. Zer hausnarketa egiten duzu horretaz?
Nik uste dut ona dela hala gertatzea. Aspalditik nahi genuen ligan halako lehiakortasuna egotea. Atletico Madrilen irabazi nuen lehen ligan ez genuen partidarik galdu. Harago, partida gehiago galdu ditut Athleticen hilabete batean, Atletico Madrilekin bi urte eta erdian baino. Normalena ez zen lehenagokoa; ez zen erreala. Talde guztiak urrats nabarmenak egiten ari dira profesionalizazioaren bidean: baliabide gehiago dituzte, hobeto prestatzen dira fisikoki... Denean igo da koska bat liga, eta hori nabaritu egiten da. Batez ere fisikoki antzematen da aldea.
Nork irabaz lezake liga?
Bartzelonak sekulako taldea du. Oso ondo indartu da, eta zaila izango da tituluak ihes egitea.Atletico Madril gertu dago, baina uste dut Bartzelona faborito dela.Atzetik ere, Levantek edo Sporting Huelvak sekulako inbertsioa egin dute. Huelvak, gainera, belar artifizialeko zelaian jokatzen zuen lehen. Orain, aldiz, Colombino Berrian, eta horrek ere asko emango dio.
Zuk Atletico Madril entrenatu zenuen. Asko aldatzen da egunerokoa Athleticen?
Funtsean, ez. Ni ez naiz hemengoa, baina asko identifikatzen naiz talde eta klub honen balioekin eta egunerokoan egiten duen lanarekin. Alderik ez dago: jokalari oso onak ditu, baliabide oso onak... Gauza txikiak aldatu ditugu. Adibidez, elikadura zaintze aldera, jokalariek Lezaman gosaltzen eta bazkaltzen dute, eta antzeman ditugu hobekuntzak.
Athleticen eskaintza jaso nuenean, asko pentsatu behar izan zenuen? Duen filosofia motibazio bat izan zen zuretzat hona etortzeko?
Beste hiru urteko kontratua nuen Txinako selekzioarekin. Baina Josebak deitu zidan. Denbora bat eman genuen hizketan, eta, gero, Lezamara etorri nintzen, bertatik bertara klubaren egunerokoa ezagutzera. Horren ostean, ez nuen bitan pentsatu. Filosofia eskaintza onartzeko motibazioetako bat izan zen. Izan ere, lan egiteko beste modu bat ezagutzeko eta ikasteko aukera ematen zidan. Atletico Madrilen denboraldiero taldea eraberritzen genuen; hemen, ordea, harrobiarekin egin behar dugu lan. Beste motibazioetako bat izan zen Marcelo Bielsa bertan egon zela entrenatzen. Hura izan da nire erreferentea entrenatzaile moduan.
Zer ikasi zenuen Txinan?
Bizitzarako proba handia izan zen Txinan egin nuen urtebetea. Dena izan zen berria: kultura, elikadura, ordutegiak, hizkuntza... Taldean gehiago lan egiten ikasi dut. Futbolari dagokionez, berriz, ez dut asko ikasi. Izan ere, gu fitxatu gintuzten hango futbolean beste pauso bat emateko. Baina bidean geratu zen.
Marcelo Bielsa aipatu duzu. Baina zeintzuk dira zure beste erreferenteak entrenatzaile moduan?
Diego Pablo Simeone eta Pep Guardiola asko gustatzen zaizkit. Baina denetatik zerbait ikasten eta gauzak hartzen saiatzen naiz, eta dudan taldearen arabera egokitzen.
Ikusten al duzu zeure burua gizonezkoen talde bat entrenatzen?
Ez. Emakumeen futbolean espezializatu naiz, oso gustura nago, eta ez dut neure burua ikusten gizonezkoen talde bat entrenatzen. Are gehiago, kosta egiten zait gizonezkoen futbol partidak ikustea. Nahiago dut emakumezkoenak ikusi. Gehiago betetzen nau, eta nire ogibidean laguntzen dit. Ahalik eta urrunen iritsi nahiko nuke emakumeen futbolean.
Angel Villacampa. Athleticeko entrenatzailea
«Ez dut ikusten neure burua gizonezkoen talde bat entrenatzen»
Athleticek ez du behar bezala hasi sasoia, baina Angel Villacampa entrenatzailea baikor da. Lehen denboraldia du taldean, eta bai bera, bai jokalariak egokitzen ari direla dio. Bolada txarra igandean eten nahi dute, Realaren kontrako derbian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu