Tessy Eboselek (Gasteiz, 2002) hiru egun daramatza jada Budapesten. Gaur, luzerako jauziko sailkapenean ariko da, 12:25ean. Finalean aritzeko, 6,80 metroko saltoa egin —haren marka onena da— edo hamabi onenen artean egon beharko du. Sailkatuko balitz, bihar ariko litzateke berriro, 16:55ean.
Gazte mailako nazioarteko txapelketetan aritutakoa zara, baina lehen aldia duzu maila nagusiko batean. Zer moduz zaude?
Oso pozik. Entrenamenduetako kideei askotan entzun diet gauza handia dela munduko txapelketa batean aritzea; guztiek dute oroitzapen oso ona. Ilusio handia pizten dit halako zerbait bizitzeak.
Budapesten aritzea zer zen, helburua ala ametsa?
Helburua, baina ez dut horrekin itsutu nahi izan; itsutzeak ez dakar ezer onik. Hori dela eta, helburu txikiagoak jarri dizkiot neure buruari denboraldi honetan. Itxaropena nuen munduko txapelketan aritzeko, ondo lehiatuz gero. Gainera, ez zegoen nire esku bakarrik; ni oso ondo entrenatu eta lehiatu naiteke, baina ezin dut kontrolatu besteek zenbateko saltoak egiten dituzten.
Hamazazpi zentimetro hobetu duzu zure marka onena: 6,63 metrotik 6,80ra. Jauzi handia da.
Bai, eta oso pozik nago. Gainera, lehiatu naizen aldi gehienetan oso gustura aritu naiz. Baina urrunago jauzi egin dezaket. Horixe da helburua Budapesten: barruan dudan guztia eman eta ahalik eta urrutien jauzi egitea. Ez diot mugarik jarri nahi neure buruari; horrek mugatu egiten zaitu. Ez dut ezer utzi nahi barruan. Asko korritu eta salto handia egiten badut, espero dut gauza politak gertatzea.
6,89ko jauzia egin zenuen duela bi aste, Espainiako Txapelketan, baina gehiegizko haizea egon zen. Hori gutxi ez, eta jauzia neurtzeko huts batengatik, hasieran, hogei zentimetro gehiago neurtu zituzten, 7,09. Disgustua hartu zenuen?
Ez. Pozik bukatu nuen txapelketa. Nire helburua ondo lehiatzea zen, eta hala egin nuen; guztiak ibili ginen bete-betean. Sekulakoa izan zen; izugarri gozatu nuen.
Gainera, markak gorabehera, txapeldun izan zinen lehen aldiz.
Hala da, eta hori ez dit inor kenduko. Irabazteak oso zoriontsu egin ninduen; are gehiago, kontuan hartuta zeintzuk izan nituen podiumaren alde banatan: Fatima Diame eta Maria Vicente. Lehiakiderik handienak dira. Sekulakoa da haiekin podiumean egotea.
Alde handia dago aurreko denboraldiarekin alderatuta: gehienez 6,42ko jauzia egin zenuen.
Bai, baina oso denboraldi zaila izan zen: min hartu nuen, eta lau hilabetez egon nintzen geldirik. Itzuli egin nintzen, eta gogor saiatu, baina geldialdia sumatu nuen; entrenatu gabe ez dago ezer egiterik. Agian, azkeneko urteetan lesioekin zorte txarra izan dudalako izan dut zorte ona aurten. Bazen garaia! Ez dakit egiten ari garen lanari esker den, baina, aspaldiko partez, minik gabe ari naiz, eta ez dago hori bezalakorik.
Lana aipatu duzu. 2021aren amaieran, Gasteizen bizi eta Donostian entrenatzeari utzi, eta Guadalajarara (Espainia) joan zinen. Aldaketa handia izan zen?
Bai, eroso bizi bainintzen: etxean bizi, eta etxetik gertu entrenatzen nintzen. Guadalajarara joatea horren eroso nengoen eremutik ateratzea izan zen. Hasieran, kosta egin zitzaidan; gainera, lesioak zaildu egin zuen dena. Baina pasatu zen garai hori, eta oso gustura nago han. Asko ikasi dut; egunero ikasi dut zerbait, eta horrek hobetzeko balio izan dit. Nire markak kontuan hartuta, argi dago jauzilari hobea naizela. Adinean gora egiteak ere badu zerikusia horretan: gero eta helduagoa naiz.
Maisu aparta duzu: Ivan Pedroso kubatarra, inoizko jauzilaririk onenetako bat. Zer-nolakoa da harekin entrenatzea?
Nota bat emango banio, ez nioke hamarrekoa emango, hamabostekoa baizik; sekulako ezagutza du, eta eskarmentua. Gu gauden tokian egona da, eta gu baino askoz gehiago bizi izan du. Egunero harritzen nau. Nirekin, poliki ari da, asko baitut ikasteko. Poliki, baina ondo; halaxe gabiltza.
Zertan hobetu duzu gehien?
Korri egiten; lehen, robot baten moduan egiten nuen [barrez].
Zertan duzu gehien hobetzeko?
Gauza asko ditut hobetzeko; ari naiz. Ivan teknika irakasten ari zait, baita arlo psikologikoko gauzak ere; nola aurre egin lehiari.
Gogor aritzen zarete?
Bai; ez gara gelditzen, eta beti ari gara bete-betean. Gainera, sekulako beroa egiten du. Baina gustuko tokian, aldaparik ez.
Etxetik urrun zaude. Nola daramazu?
Etxekoen eta lagunen falta sumatzen dut, baina Guadalajarara joateak asko lagundu dit pertsona gisa handitzeko. Asko zor diot: harreman oso politak egin ditut, eta espero dut bizitza guztian eustea horiei. Askotan gertatzen den bezala, gauza onak eta txarrak daude. Halere, ia egunero hitz egiten dut gurasoekin, eta sarritan egoten naiz haiekin. Haiek zoriontsu daude ni zoriontsu naizelako.
Munduko Txapelketan ariko zara. Olinpiar Jokoak soilik daude gainetik. Parisen jokatuko dira, datorren urtean. Zer daude, gertu ala urrun?
Munduko Txapelketa amaitzean atseden hartzea da nire helburua. Ondoren, denboraldiaurre ona egin nahi dut, Parisera iristeko, ondo entrenatu behar baita. Edonori egingo lioke ilusioa Olinpiar Jokoetan aritzeak, baita banku batean eserita dagoen agure bati ere [barrez]. Baina ez dakit zer gertatuko den bi ordu barru; beraz, pentsa urtebete barru.
Tessy Ebosele. Atleta
«Ez dut ezer utzi nahi barruan»
Gaur hasiko da Munduko Atletismo Txapelketa, Budapesten. Bi euskal atleta ariko dira lehian: Tessy Ebosele luzerako jauzian, eta Sergio Fernandez 400 metroko hesidunetan. Ebosele gogotsu dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu