Pena du Irene Paredesek (Legazpi, Gipuzkoa, 1991). Ez du ahaztu berak jaurtitako baloiak zutoina jo zuela Brasilen aurkako partidako azken minutuan. Hala ere, jokaldi horrek ez du eragin handirik izan haren aldartean, «gozatzen» ari baita Kanadan.
Partida erabakigarria jokatuko duzue bihar Hego Korearen aurka. Final-zortzirenetarako sailkatzea duzue jokoan.
Guretzat, final bat da. Aurreko bi partidetan ez gara irabazteko gai izan; orain, derrigorrean irabazi behar dugu aurrera egiteko. Hala ere, baikor gara. Brasilen aurka bezala jokatzen badugu, aukera asko izango ditugu irabazteko.
Puntu bakarra duzue. Gehiago izateko meriturik egin duzue?
Sentsazioa da gehiago merezi izan dugula, baina sentsazioa besterik ez da. Hego Koreari irabazita bakarrik esan ahal izango dugu merezi genuela sailkatzea.
Munduko Kopa hasi, ondo hasi zenuten, Costa Ricaren aurkako estreinako partida hasi eta berehala gola sartuta. Gutxi iraun zizuen pozak, ordea: minutu batera berdindu zizueten.
Oso urduri zelairatu ginen. Ulertzekoa da hori, estreinakoz ari baikara Munduko Kopa batean, horrenbeste jenderen aurrean. Gola sartuta, lasaitu egin ginen, eta Costa Ricak ondo aprobetxatu zuen. Gero izan genituen aukera argiak, baina ez genuen asmatu.
Brasil estu hartu zenuten bigarren partidan, baina azkenean esku hutsik geratu zineten.
Gutxienez berdintzeko merituak egin genituen, baina huts bakartu batek kondenatu gintuen.
Nerbioak gainetik kendu ezinik zabiltzate?
Ez. Estreinakoan, apur bat urduri aritu ginen, baina kendu ditugu gainetik nerbioak jada. Orain, lasai gaude. Brasilen aurka erakutsi genuen talde honetan badagoela maila gauza politak egiteko. Orain, hori erakustea falta zaigu.
Nolakoa izango da Hego Korearen aurkako partida?
Parekatua, eta aukera gutxikoa. Beraz, orain arte egin ez duguna egin beharko dugu: aukerak aprobetxatu. Guk oso argi dugu gure egitekoa: defentsan sendoak izan, eta, erasoan, eraginkorrak. Aurrean jokaldi politak egiteko gai diren jokalariak ditugu. Falta zaiguna da jokaldi polit horiei errematea ematea.
Nolako selekzioa da Hego Koreakoa?
Brasili bezala, Hego Koreari ere gustatzen zaio baloia izatea eta bizi jokatzea. Halere, brasildarrekin alderatuta, korearrak ez dira horren indartsuak. Goiko jokoan, adibidez, ez dira oso trebeak.
Goiko jokoa aipatuta, Park Eun-sun da Hego Korearen jokalaririk ezagunena, 1,80 metro pasatxoko aurrelaria.
Hala da. Bera da ezagunena, baina oraindik ez du jokatu. Ez dakigu gure aurka jokatuko duen ala ez. Espero dezagun ezetz.
Zuk bai, jokatu dituzu orain arteko bi partidak, hasi eta bukatu. Pozik egoteko modukoa da.
Oso pozik nago. Hona etortzea ametsa betetzea zen jada. Bada, pentsa hona etorri eta partida guztiak jokatzea... Gainera, ondo ikusi dut neure burua. Estreinakoan, apur bat urduri egon nintzen, baina Brasilen aurka jada lasai nengoen. Espero dut Hego Korearen aurka hasieratik jokatzeko aukera izatea ere, eta, hori lortuta, orain arteko mailari eustea.
Lehen txapelketa garrantzitsua duzu. Nola ari zara bizitzen esperientzia hau?
Txikitako ametsa bete dut hemen egonda. Zenbat aldiz egingo nuen amets Munduko Kopa bat jokatzearekin! Eta iritsi da egun hori azkenean. Brasil bezalako selekzio mitiko baten aurka jokatu dut, eta Martaren gisako izar distiratsu bat zaindu behar izan dut. Niretzat, oso berezia da hemen egotea. Horregatik irabazi nahi diot Hego Koreari, ez dudalako amets honetatik esnatu nahi.
Zer nabarmenduko zenuke txapelketa honetatik?
Batetik, txapelketa erraldoia dela, arlo guztietan. Bestetik, izugarria dela nola bizi duten hemen Munduko Koparen inguruko guztia. Kaletik goazenean, sinadurak eskatzen dizkigute, eta ez dago inortxo ere ez dakienik Munduko Kopa bat ari dela jokatzen. Neurketa guztiak zuzenean eskaintzen dituzte telebistaz, eta sekulako arrakasta ari dira izaten. Estadioetako ikusle kopuruak ere beste mundu batekoak dira. Adibidez, Brasilen aurka 30.000 ikusle inguru zeuden harmailetan; hots, Anoeta oso bat beteta. Espainiako Ligan, kostata joaten dira mila zale gure partidak ikustera. Gu milaka lagunen aurrean jokatutakoak gara San Mamesen, baina halakoak salbuespenak dira.
Bost euskal jokalari zaudete Espainiarekin. Kopuru polita da.
Bai, eta horrek agerian uzten du zer-nolako maila duen euskal futbolak. Harro egoteko zerbait da.
Bost horietatik, hiru ari zarete: atean, Ainhoa Tirapu, eta defentsan, Leire Landa eta zu zeu. Atzealdean gehiengoa zarete.
Hala da, eta abantaila da. Leire Bartzelonan ari da, baina Ainhoa eta biokin aritutakoa da Athleticen. Bikain moldatzen gara elkarrekin, eta hori nabaritzen da.
Munduko Kopa honek izan du ere polemikarik. Batetik, belar artifizialean jokatzen ari zarete.
Pena da, belar artifizialean mantsoagoa baita jokoa; are gehiago txapelketa honetan, non apenas ari diren ureztatzen zelaiak.
Sexu azterketak egitera behartu zaituztete FIFAk.
Guk ez dugu azterketarik pasatu behar izan. Gai horretan, bi ikuspuntu daude. Batetik, ulergarria da neurri batean, egon direlako iruzur kasuak. Baina, bestetik, berriro geratu da agerian matxismo handia dagoela futbolean. Ez dugu zertan denok altuak eta ile luzedunak izan. Bakoitzak bere ezaugarri fisikoak ditu, eta, norbaiti ez bazaizkio gustatzen, beste alde batera begira dezala.
Irene Paredes. Athleticeko eta Espainiako selekzioko jokalaria
«Ez dut amets honetatik esnatu nahi »
Espainiak bihar goizaldean jokatuko du Hego Korearen aurka Munduko Kopako final-zortzirenetarako sailkatzeko norgehiagoka erabakigarria. Baikor da Irene Paredes erdiko atzelari legazpiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu