Errugbi jokalari ohia

Barbara Pla: «Ez dut aldendu nahi hainbeste eman didan kiroletik»

Hogei urteko kirol ibilbidea osatuta, Barba Plak erretiroa hartu du. Orain, «ikasi duen guztia» transmititu nahiko luke. Espainiako selekzioarekin diploma olinpikoa lortu zuen 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan.

Barbara Pla, Faduran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Barbara Pla, Faduran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko ekainaren 6a
05:00
Entzun

Euskal Herrian erabat egonkortuta dago Barbara Pla (San Cugat del Valles, Herrialde Katalanak, 1983). Duela hamazazpi urte, «maitasunagatik» utzi zuen Katalunia, eta hemen osatu du familia. Besteak beste, Eibarren eta Getxon jokatu du errugbian, eta, azken talde horrekin Espainiako Ohorezko Mailara igota, erretiroa hartzea erabaki du. «Beti akordatuko naiz amaiera honetaz». Aurrerantzean zer egin nahi duen erabakitzen ari da.

Getxorekin Ohorezko Mailara igotzea lortuta amaitu duzu zure kirol ibilbidea. Agur esateko modu polita da?

Bai. Ez nuen asko hausnartu nire erretiroari buruz, ezta Espainiako selekzioa utzi nuenean ere, baina une harekin alderatuta aho zaporea oso bestelakoa da orain; etxean izan da, final bat irabazita, eta beti akordatuko naiz amaiera honetaz, izan nezakeen agurrik politena izan baita.

Errugbiari eta Getxori lotuta jarraituko duzu aurrerantzean?

Oraindik ez dut zehaztu, bikotekidearekin ere hitz egin beharra baitaukat, baina gustatuko litzaidake Getxon laguntzen jarraitzea. Ohorezko Mailan jokatzeak lan handia exijitzen du, maila geroz eta altuagoa baita, zorionez. Halere, lehendabizi, lan arloan nire etorkizuna nola bideratu behar dudan erabaki behar dut, eta hori jakin ostean, ea zenbat denbora geratzen zaidan klubean laguntzeko. Nik Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak egin nituen, goi mailako errendimenduan master bat ere badaukat, baina hori errugbiarekin uztartzea ez da erraza, are gehiago emakumea izanda. Orain, errugbiarekin lotura duten bi aplikaziorekin lanean ari naiz, eta suhiltzaile oposizioak egitea ere pentsatua nuen. Baina duela bi hilabete aita hil zen, eta hori atzeratuz joan naiz. Zorionekoa sentitzen naiz errugbiak pertsona gisa nolakoa naizen adierazteko modua eman didalako. Asko ikasi dut errugbiarekin, jende berria ezagutu dut, nire muga fisikoak eta mentalak non zeuden ere ikasi dut, eta ez litzaidake gustatuko hainbeste eman didan kirol batetik aldentzea. Ikasi dudan guztia transmititu nahi nuke.

Nolakoak izan ziren zure hastapenak errugbian?

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduaren lehen mailan, Bartzelonan, errugbia irakasgai bat zen. Probatu nuenetik asko gustatu zitzaidan, eta urte hartan bertan Unibertsitateen Arteko Txapelketan parte hartu nuen, errugbian eta areto futbolean. Nahiko ongi moldatzen nintzen, txapelketa irabazi genuen, eta hurrengo urtean errugbian zein areto futbolean federatu nintzen. Dena den, denboraldi erdian ikusi nuen bi gauzak ezin nituela egin, eta errugbiarekin bakarrik jarraitzea erabaki nuen. Urte hartan bertan Espainiako selekzioak deitu ninduen, eta lesio batengatik ezin izan nuen Sei Nazioen Torneoa jokatu, baina denboraldi amaieran Europako Txapelketan debutatu nuen. Ikasketak amaituta joan nintzen Getxora.

«Ohorezko Mailak izan duen garapenarekin pozik nago, ni hasi nintzenean ez baitzegoen ligarik. Halere, hazkundea motela da, eta laguntza gutxi dago. Emakumezkoen taldeak oraindik ere azkenak gara lehentasunen zerrendan».

Duela hamazazpi urte ailegatu zinen Euskal Herrira, eta hemen osatu duzu familia. 

Maitasunagatik izan zen, eta oso argi izan nuen. Euskal herritarren eta kataluniarren artean uste dut betidanik harreman ona izan dela, eta ez nuen askorik pentsatu behar izan. Errugbi kultura handia duen toki batera etorri nintzen, eta horri esker lortu nuen errugbi jokalari gisa nire onena ematea. Oraindik ere Kataluniako gauza batzuen falta nabaritzen dut, baina hemen oso gustura nago, eta hau nire bigarren etxea da. 

2016an Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan erdietsitako diploma olinpikoa da zure ibilbideko lorpenik handiena?

Diploma baino gehiago, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea izan zen, denboraldi zail batzuk bizitzetik gentozelako. Errusiako selekzioak beti irabazten zigun, eta bagenekien sailkatzeko azken aukera Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko torneoan izango genuela, eta Errusiaren aurka, hain justu. Gure mailarik onena eman genuen, irabazi egin genuen, baina arantza badaukat Olinpiar Jokoetan ez genuelako gure onena ematea lortu. Zazpigarren amaitu genuen, nabarmentzekoa da hori, baina sailkatu izana azpimarratuko nuke nik.

Espainiako Ohorezko Mailaren garapenari gertutik erreparatu diozu zuk. Nola ikusi duzu gorakada hori?

Pozik nago izan duen garapenarekin, ni hasi nintzenean ez baitzegoen estatu mailako liga bat. Nire hastapenetan, lurraldeka lehiatzen ginen, eta talde onenek asteburu batean kopa jokatzen zuten. Liga hobetuz joan den heinean kluben maila ere hobetuz joan da, exijentzia handiagoa izan delako. Orain, zorionez, Ohorezko Maila egonkortuta dago, eta Ohorezko B Mailak ere lagundu du taldeak hobetzen, nahiz eta ligako sistema urtero aldatzen den. Halere, garapena motela da, laguntza gutxi dago, eta emakumezkoen taldeak oraindik ere azkenak gara lehentasunen zerrendan. Getxoren kasuan, nik ikusten dut ez garela klubarentzat harro sentitzeko motibo bat: mailaz igo gara, bai, baina ez bagina igoko ere berdin-berdin; horrek pena ematen dit.

Zein da euskal errugbiaren egoera?

Errugbi kultura handia duen nazio bat da, jokalari on asko egon dira eta daude, baina hobeto lan egin daiteke. Getxora ailegatu nintzenean Euskadi punta-puntan zegoen, baina orain urte txarrak izan ditugu, lan gutxi egin da, eta Euskadiko Federazioak apenas lagundu dien klubei. Hala, Kataluniak, Madrilek eta Galiziak aurrea hartu digute. Orain federazioa aldatu egin da, eta badirudi gauzak hobeto egiten ari direla. Pena da Eibarrek maila galdu izana, uste baitut Ohorezko Mailan bi talde izateko gaitasuna dugula.

«Errugbi kultura handia duen toki batera etorri nintzen, eta horri esker lortu nuen jokalari gisa nire onena ematea. Oraindik ere Kataluniako gauza batzuen falta nabaritzen dut, baina hemen oso gustura nago, eta hau nire bigarren etxea da». 

Neskak erakartzeko lan handia egin behar izaten dute klubek?

Bai, kostatzen da, Bartzelonarekin eta Madrilekin alderatuta oso herri edo hiri txikiak baitira. Ordizian teknifikazio egitasmo bat badago, baina Getxoko jokalarientzat adibidez zaila eta garestia da bertara joatea. Getxok urtero mutil asko erakartzea lortzen du, baina, aldiz, neska gutxi. Beraz, emakumeak edo neskak erakartzeko ekintza gehiago egin beharko lirateke. 

Zu bezalako erreferenteek lagunduko dute neska gehiago erakartzen.

Bai eta ez. Garrantzitsuagoa da erakarri nahi duzun neska horrek errugbia probatzen duenean arratsalde gustagarri eta entretenigarri bat igarotzea. Hala eta guztiz ere, egia da Ohorezko Mailan talde bat izateak ikusgaitasuna ematen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.