Asteazkenero egiten da azoka Ordiziako (Gipuzkoa) plaza nagusian. Bertan saltzeko dauden produktuen usainekin nahasten da matearen lurrina. Federico Gallo (Buenos Aires, 1987), Ampo Ordiziako entrenatzaile berria, ari da infusioa hartzen plazako aterpeko izkina batean. «Ohitura onak ezin dira sekula galdu». Hilabete darama Euskal Herrian, eta «oso pozik» dagoela dio. Halere, aitortu du, ez zeukala halako «erronka» bati baiezkoa ematea buruan: «Inondik inora ere». Denboraldi baterako sinatu du Goierriko taldearekin.
Nola iritsi zitzaizun Ordiziako entrenatzaile izateko aukera?
Klubaren lehen aukera Mario Barandiaran izan zen. Hark, ordea, ezezkoa eman zien, Bilboko unibertsitateko taldean jarraitu nahi zuelako. Mario nire irakaslea izan zen entrenatzaile izateko ikasketak hasi nituenean, eta pandemia garaian harreman estua egin genuen. Hala, behin ezezkoa eman zienean, nire berri eman zion Ordiziari. Iñigo Marotiasekin eta Jon Txurrukarekin elkarrizketa izan nuen, eta egun batzuk geroagoesan zidaten kargurako ni aukeratu nindutela.
Esan zizuten zergatik aukeratu zintuzten?
Iñigok [Marotias] esan zidan bilatzen ari ziren profila ematen nuela. Entrenatzaile gaztea izatea, adibidez. Mario Barandiaranen aholkua ere oso garrantzitsua izan zen. Ez zidaten askoz gehiago esan.
Eta zuk zergatik erabaki zenuen Argentina utzi eta Euskal Herrira etortzea?
Ezusteko handia izan zen proposamena. Ez neukan, inondik inora ere, horrelako erronka bat hartzea buruan. Baina, behin erronka azaldu zidatenean, erabat harrapatu ninduen. Buenos Aireseko San Isidro klubeko maila guztietan izan naiz entrenatzaile, baina frogatu nahi nuen nire konfort eremutik kanpo ere entrenatzaile izan naitekeela.
Hutsetik hasi behar izan duzu?
Bai, nahiz eta egun, teknologiari esker, gauzak ezagutzea askoz ere errazagoa den. Euskadiri buruz irakurri nuen aurrena, eskualdeari eta Ordiziari buruz ondoren, eta hemengo jendea nolakoa zen ere aztertu nuen. Horren ostean begiratu nion kirol arloari: kluba nolakoa den, zer egin duen aurreko denboraldietan... Nire egokitzapenean hiru pertsona oso garrantzitsuak izan dira: Iñigo Marotias kirol zuzendaria, Valentin Cruz jokalaria [argentinarra da]eta Arturo Rivas nire laguntzailea.
Azken urteetako entrenatzailea orain taldeko kirol zuzendari izateak laguntzen dizu?
Bai, zalantzarik gabe. Marotiasek lan bikaina egin du azken urteetan. Askatasuna eman dit nire erabakiak hartzeko, baina alboan behar nuenean, hor izan dut. Azken urteetan egindako guztia aldatzea oker legokeela esan nion, are eta atzerago hastea zatekeelako. Klubak gauzak egiteko modu bat dauka, jokatzeko era bat, eta hori dena aldatzea akatsa litzateke.
Jokalari bakarra fitxatu duzue. Taldea ez da asko aldatuko, ezta?
Brian Gonzalez sinatu dugu momentuz, eta Antxon Iriondo ere jada gurekin ari da lanean. Beste bizpahiru jokalari ekartzeko lanean ari gara: bigarren lerroko jokalari bat, hamahiru postuan joka dezakeen norbait eta atzelari bat edo hegaleko bat.
Taldearen lehen analisitik zer ondorio atera zenuen?
Aurrena, liga aztertu nuen. Liga maila onean dago, etengabeko hazkundean jokoari dagokionez, baina fisikoki taldeei kosta egiten zaie lehen zatiko eta bigarren zatiko azken minutuetan errendimenduari eustea. Hori da aldatu nahi ditudan gauzetako bat. Denboraldiaurrean lan fisiko handia egin dugu; jokalariak ez zeuden horrelako lanera ohituta, baloirik gabe hainbeste korrika egitera. Sakrifizio handia egin dute.
Eta zein da taldearen indargune nagusia?
Oso aurrelari multzo ona dugu, eta partidak uztartzeetatik hasten dira irabazten. Taldeak taktikoki ondo jokatzen du, eta, dugun egitura oso ona bada ere, ahalegindu behar gara aukerak dauzkagunean ez hain automatikoki jokatzen. Erasoko eta defentsako mentalitatea da aldatu daitekeen gauza bat. Baloia ez dugunean erasora jo behar dugu, baloia ahalik eta lasterrena berreskuratzeko. Hori da taldean txertatu nahi dudan ideia nagusia.
Aldaketak aldaketa, Ordizia antzeko bat ikusiko da futbol zelaian?
Ziur aski, bai. Ordizia hobe bat ikustea espero dut. Antzekoa izan daiteke, nik ez dudalako aldaketa handirik egin. Taldeak oso modu naturalean jokatzen du, etam aldaketa txiki batzuk eginez, ea duguna hobetu dezakegun. Edonola ere, lehenengo jardunaldietan gauza berriak ikustea zaila izango da. Epe luzera gauza gehiago ikustea espero dut, touch-ean, adibidez.
Gustura amaitu duzu egin duzuen prestaketarekin?
Egin dugun denboraldiaurrea oso emankorra izan da, nahiz eta uste dudan oraindik hiru asteko lana falta zaigula. Lehendabiziko bost asteetan bi neurketa baino ez ditugu jokatuko, eta, beraz, izango dugu denbora gehiago entrenatzeko. Gainera, talde guztiak garai berean hasi gara denboraldia prestatzen.
Ligako egutegia berriro zozkatu den arren, lehen jardunaldia ez da aldatu, eta Bartzelonaren aurka hasiko duzue liga. Zer neurketa espero duzu?
Ez dut uste oso partida ikusgarria izango denik. Baina, ez nuke baztertuko puntu asko ikustea ere, ahaleginduko garelako ditugun aukerak aprobetxatzen. Gure zaleak gutaz harro egotea da helburua, eta hori ez da soilik emaitza onei esker lortzen. Erakutsi behar dugu talde berezia garela.
Familia itxurako kluba aurkitu duzu Ordizian?
Familia handi batekin topo egin dut, bai. Ateak oso azkar zabaldu dizkidate, denbora gutxian. Pasio handi bat duen familia bat da hau, eta hemen egoteaz oso pozik nago. Taldea oso bat eginda dago, eta liga hasteko gogoz. Emaitzak ez dakigu zein izango diren, baina multzo honek dituen balioak errespetatzen jarraitzen badu, proposatutako guztia lortu dezakegu.
Taldeak kolpe gogorra jaso zuen Kawa Leauma jokalariaren heriotzarekin. Zer esan dizute horri buruz?
Gertatu zena oso presente du multzoak. Taldearen ezaugarri garrantzitsuenetakoa, duen erresilientzia gaitasuna da. Gertatutakoaren ostean, edozein taldeak ez luke ligan aurrera jarraitzeko gaitasuna izango. Horrek asko esaten du taldeari buruz. Kawak ondare sinboliko polita utzi du, eta energia iturri handia da egunerokotasunean.
Taldeak Ohorezko Mailako finala galdu zuen aurreko denboraldian. Titulu bat irabaztea da helburua?
Kirolean, egun, dena da emaitza. Askotan, hori baino ez da garrantzitsua. Nire filosofia beste bat da. Oso lehiakorra naiz, beti irabaztea dut buruan, baina nire helburu nagusia jokalariak eta pertsonak hazi eta trebatzea da, horrek etorkizunean, berandu baino lehen, emaitzak ematen dituelako. Jokalari bat bihar atzo baino hobea izatea, hori da entrenatzaile batentzat arrakasta. Noski, ametsa liga irabaztea da, baina horretarako, lehendabizi, gauza asko eta ongi egin behar dira. Taldea oso garapen onean dator; iritsiko dira emaitzak.
Federico Gallo. Ampo Ordiziako entrenatzailea
«Ez dut aldaketa asko egin; oker legoke egindako lan guztia galtzea»
«Familia handi batekin» egin du topo Federico Gallok Ordizian. Taldeak oinarri sendoak baditu ere, arlo fisikoari berebiziko garrantzia eman dio sasoiaurrean. Bartzelonaren aurka jokatuko dute ligako lehen partida bihar, Altamiran (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu