Realeko jokalaria

Andreia Jacinto: «Ez dugu nahi berriro aurreko sasoikoa gertatzea: eraginkorrak izan behar dugu bi areetan»

Hirugarren denboraldia du Realean, eta, gaztea izan arren, txuri-urdinen jokoaren itsasargia da Jacinto. Portugaldarra gogotsu dago gaurko derbiari begira: «Niretzat Sporting Lisboa-Benfica baten parekoa da. Oso gustuko dut inguruan sortzen den giroa».

Andreia Jacinto Realeko jokalaria
GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko azaroaren 17a
05:05
Entzun

Ohikoa duen irribarrearekin azaldu da Andreia Jacinto Realeko jokalaria (Cascais, Portugal, 2002). Talde txuri-urdina denboraldi ona egiten ari da. Laugarren postuan dago, eta horrek lagundu egiten du. Baita egunerokoan eroso ibiltzeak ere. Hala dago Jacinto bai Donostian eta bai Realean. «Bai klubak eta bai jendeak etxean bezala sentiarazten naute».

Ozta-ozta, baina aurreko jardunaldian 0-1 hartu zenuten mendean Deportivo. Nola aztertu duzue partida hura?

Pozik gaude, batez ere azken minutuetan haiek estu hartu gintuztelako, eta defentsan sendo eutsi genielako. Gainera, sailkapenean laugarren jartzeko aukera eman zigun garaipenak, eta horrek konfiantza eta indarra ematen digu derbiari heltzeko. Hobetzeko gauzen artean, berriz, uste dut partida lehenago erabakitzea falta izan zitzaigula. Denboraldi osoan gertatu zaigu, eta lanean ari gara hori aldatzeko. 

Ustez multzorik indartsuenak dituzten taldeen atzetik, zuek zarete aurrenak. Horrek esan nahi du bide onetik zoaztela?

Baietz uste dut. Entrenatzaile berriaren jokatzeko erara moldatzen ari gara, eta jardunaldiz jardunaldi haziz goaz. Guk nahi genuke, hiru talde horietako batek huts eginez gero, hor egotea, eta sailkapenaren goialdean egonkortzea, partidaz partida joanda, arreta gugan jarriz eta egunerokoan lan eginez. 

Alde handia antzeman duzue Natalia Arroyoren eta Jose Luis Sanchez Veraren lan egiteko moduen artean?

Biei baloiaren jabetza izatea gustatzen zaie, eta, alde horretatik, Nataliarekin landu eta barneratu genuenak izugarri lagundu digu. Gainontzekoan, aldea intentsitatean dagoela esango nuke. Nataliarekin entrenamenduak luzeagoak ziren; Jose Luisekin, berriz, motzagoak baina biziagoak. Partidetan ere intentsitate handia eskatzen digu. Une oro dago gure gainean eta aginduak ematen. Zelaian erabakiak guk hartzen ditugun arren, hark konponbide eta aukera asko ematen dizkigu egoera bakoitzari aurre egiteko. Horrek asko laguntzen digu. 

Zuri gauza oso desberdinak eskatu dizkizu?

Egia esan, ez. Baloia eskatzeko esaten dit, asko izateko, eta zelai erdiko barruko jokalariekin jokatzeko. Oso eroso nago jokatzeko era honekin; izan ere, partidetan oso sartuta egotea eskatzen dit, eta intentsitate handia izatea. Horretan asko hobetu dut hona etorri nintzenetik.

Denboraldi honetan, taldeko jokalari nabarmenetako bat zara. Realarekin izandako sasoi hasiera onena duzu hau?

Baietz uste dut. Lehen urtean, min hartuta iritsi nintzen. Aurreko sasoian, berriz, taldean ez zen nahi bezala hasi, eta horrek beti du eragina. Denboraldi honetan, baina, bete-betean ikusten dut neure burua. Iritsi nintzenean baino jokalari osoagoa naiz, eta taldekideek eta teknikariak nigan gero eta konfiantza handiagoa dutela sentitzen dut, bai zelaian, baita aldagelan ere.

Gaur jokatuko duzue Athleticen aurka. Behin baino gehiagotan egokitu zaizu haren aurka jokatzea, baina Portugalgo jokalari batek nola bizi du euskal derbi bat?

Oso modu berezian. Etxekoek lehen egunetik sentiarazten dizuten zerbait da, eta berehala sentitzen duzu haren inguruan dagoen energia eta giroa. Niretzat, Sporting Lisboa-Benfica baten parekoa da oraintxe. 

Zer alde ikusten duzu derbi batetik bestera?

Kanpoan eta harmailetan dagoen giroa. Han pentsaezina litzateke bi taldeen zaleak halako giro onean egotea. Hemen era badago lehia zaleen artean, baina askoz sanoagoa da. Giroa ederra eta berezia da.

Zelaian nolako neurketa espero duzu?

Derbi guztiak bezala, zaila, lehiatua, intentsoa eta kaotikoa, joan-etorriko askokoa. Gu jokoaren erritmoa ezartzen saiatuko gara, eta partida kontrolatzen. Irabazi egin nahi dugu, aurreko denboraldian bi derbiak galdu genituelako, eta etxean jokatuta ardura handiagoa dugulako, zaleek ematen diguten indarragatik. Eraginkorrak izan behar dugu haien arean, eta aukerak baliatu. Partidaren azken txanpara bizirik iristen badira, oso arriskutsuak dira. Izan ere, goian jokalari oso trebeak eta erabakigarriak dituzte. Ez dugu nahi aurreko sasoian gertatutakoa errepikatzea. 

«Zelaian ondo jarrita egon beharko dugu, adi egon zaintzetan, eta baloi inozorik ez galdu. Izan ere, Athletic oso aurkari gogorra da»

Athleticen inguruan zer nabarmenduko zenuke?

Oso ondo landutako talde bat da, dinamika onak dituena. Agian aurreko sasoian hain ondo ibili izanaren presioa antzematen ari dira apur bat, eta horregatik ari zaie kostatzen zertxobait gehiago.  Baina oso aurkari gogorra eta zaila da, azkeneraino borrokatzen da, beti dago zure gainean, eta gure onena eman beharko dugu irabazteko. Zelaian ondo jarrita egon beharko dugu, adi egon beharko dugu zaintzetan, eta ezin ditugu baloi inozorik galdu.

Zelai erdian jokatzen duzu, eta bertan lekua egiten ari da harrobiko jokalari bat, pixkanaka: Elene Guridi. Gol bat ere sartu du. Nola ikusten duzu?

Oso ondo. Izugarrizko kalitatea dauka, eta gero eta konfiantza handiagoa du. Minutuak pilatu ahala, Realeko etorkizuneko jokalarietako bat izango da.

«Aukeretako bat hurrengo sasoian hemen jarraitzea da, eta jarraituz gero ondo nengoke. Jokatzeko dugun modua oso gustuko dut»

Zu ere gaztea zara, baina dagoeneko ez zara iritsi berria. Ekainean amaituko zaizu kontratua. Hemen jarraitu nahiko al zenuke?

Bai, aukeretako bat da, eta jarraituz gero ondo egongo nintzateke. Etxean bezala sentitzen naiz, klubak eta jendeak hala sentiarazten nau. Gainera, jokatzeko dugun modua oso gustuko dut. Beste toki batean hori lortzea, agian, zaila da. 

Lan saioetatik eta partidetatik kanpo, zer egitea duzu gustuko?

Lasai egotea eta futbolaz ahaztea: lagunekin egon, kafe bat hartzen dudan bitartean liburu bat irakurri, hondartzara joan. Horrek guztiak egunerokoaz ahazten laguntzen dit. Horri esker, gero partidetan eta entrenamenduetan oso sartuta nago, eta nire onena eman dezaket. Ez naiz etxean futbola ikusten duten horietakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.