Sergio Rodriguez. Retabet Bilbo Basketeko jokalaria

«Ez dugu Kopan sartzeaz hitz egiten, helburua mailari eustea da»

Lehen denboraldia du Bilbon Sergio Rodriguez hegalekoak. Taldeak egin duen denboraldia hasiera, eta Alex Mumbru egiten ari den lana goraipatu ditu. Baina azpimarratu du partidaz partida joan behar dutela.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Aurreko sasoian Ourensen jokatu eta gero, Retabet Bilbo Basketen proiektura batu da Sergio Rodriguez (Los Realejos, Espainia, 1993) hegalekoa. Taldean gustura dago, eta aitortu du, jokalari gaztea izanagatik, oraindik denbora falta zaiola bere onenera iristeko.nabarmendu du Miribillan sortzen den giroa berezia dela.

Unicajaren aurka ez zen posible izan denboraldiko seigarren garaipena lortzea. Zertan huts egin zenuten?

Partida oso fisikoa izan zen. Gu, agian, ez ginen aritu Unicajaren pare, eta, egia esan, lehen laurdenean defentsako erreboteak ixten ez ginen batere fin ibili. Txikikeriak dira, baina emaitzan eragina izan zuen. Arlo horretan, Unicaja ligako talderik onenetakoa da.

Halere, Euroliga jokatzen ari diren hiru talde garaitu dituzue denboraldi honetan: Valentzia, Baskonia eta Real Madril. Bada zerbait, ezta?

Real Madrilen aurkako garaipena handia izan zen; gainera, Miribillan irabazi genion. Bai, bada zerbait. Baina kirolak memoria txikia du. Iraganarekin ezin zara bizi, eta beti egon behar duzu pentsatzen datorrenarekin. Egindako gauza onak identifikatu, eta errepikatu egin behar ditugu.

Nolakoa da Miribillan jokatzea?

Oso berezia. Zaleek interes handia dute saskibaloiarekiko, partidak ondo baino hobeto irakurtzen dituzte, eta aurkariak estutzerako garaian trebeak dira. Bisitariak jakin behar du Miribillan irabazteko lan oso serioa egin behar duela, bestela jai dauka. Guretzako gotorlekua da,

Sailkapenean hamargarren zaudete, 5-5 balantzearekin. Igo berritan, espero zenuten egoera honetan egotea?

Oso zaila da hori jakitea. Denboraldi-aurrean zehar jokalari bakoitzaren balioak ezagutzen joaten zara, eta ikusi genuen taldeak ondo funtzionatzen zuela. Argi zegoen taldeak anbizio handia zuela lehiaketa hasteko, eta partidak borrokatzeko. Argi dago denboraldia ondo hasi dugula argi dago.

Taldearen jokoa nola ari zara ikusten?

Lanean ondo dihardu, eta, partidaz partida, bilakaera ona izaten ari da, nahiz eta garaipenak jarraian ez lortu. Pixkanaka bagoaz xehetasunak leuntzen. Gure artean, gainera, giro oso ona dugu.

Oraindik aukera duzue Espainiako Koparako sailkatzeko. Hori lortzeko ilusioz zaudete?

Gezurrik ez dizut esango. Taldean ez dugu horretaz hitz egiten. Sailkatzea lortuko bagenu handia izango litzateke, bai guretzat, baita hiriarentzat ere. Edozein jokalariri gustatuko litzaioke Espainiako Kopa jokatzea. Ez gara horretaz pentsatzen ari, beste helburu batzuk baititugu.

Eta zeintzuk dira?

Ez dugu inongo sekreturik, gure helburu nagusia mailari eustea da. Horrek taldeari egonkortasuna emango lioke. Denboraldi amaierara lasai iritsi nahi dugu, eta, horregatik, etxean, behintzat, ahalik eta garaipen gehien lortu behar ditugu, kosta ahala kosta.

Alex Mumbruk bigarren sasoia du aulkian, nola ikusten duzu?

Oso ondo. Berak nahi duena oso ondo azaltzen digu. Duela gutxi arte jokalaria izan da [2017-2018ko denboraldian utzi zuen], eta guk orain jokalari gisa bizitzen ari garena, hark dagoeneko bizi izan du. Neurketak oso ondo irakurtzen ditu, eta horrek asko errazten ditu gauzak lan egiterakoan.

Harengandik zer nabarmenduko zenuke?

Lasaitasuna eta segurtasuna transmititzen digula. Jokalariok bera entzuten dugun moduan,hark ere gu entzuten gaitu. Jokalariongan interesa du, eta guri horrek konfiantza ematen digu. Asko eskertzen diogu.

Bilbo Basketen lehen urtea duzu. Zer moduz doakizu?

Pixkanaka taldera egokitzen ari naiz. Neure burua ondo ikusten dut, eta gustura nago. Urratsez urrats joan behar dut. Nire hondar alea jarri nahi dut.

Zure ezaugarrien artean zein azpimarratuko zenituzke?

Beti esan ohi dut postu askotan joka dezakedala. Neure burua asko estutzen dut, nire gaitasunak ahalik eta gehien hobetzeko. Edukitzen ditudan minutuei ahalik eta zukurik gehien ateratzen saiatzen naiz.

Jokalari guztiek nahi dute jokatu. Lehiakortasun handia dago zuen artean?

Jokalari bakoitzak rol bat dauka jarria, eta kantxara ateratzen denean badaki bere onena eman behar duela. Jokalari guztiok izaten ditugu momentu onak eta txarrak. Baina ez nuke esango gure artean lehiakortasuna dugunik.

Bihar Joventuti egingo diozue bisita. Nola ikusten duzu lehia?

Bolada oso onean dagoen talde da, sei partida irabazi baititu jarraian. Ligaz gain, beste txapelketetan jokatzeko talde indartsua dauka. Etxetik kanpoko partidak irabaztea oso garesti dago. Irabazteko lanak oso ondo egin beharko ditugu,bestela zaila izango da Joventut garaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.