Nadeth Agirre. Orioko patroia

«Ez dugu guk izan nahi sailkatzen den azken taldea»

Euskotren ligako sailkatze estropadan goian ibili nahi du Oriok, eta iazko arantza atera, ez baitzen sailkatu. Aukera dauka sartzeko, baina aurkariak ere bai, sailkatzea galarazteko.

KARKARA.
Aitor Manterola Garate.
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Gaztea da Nadeth Agirre (Orio, Gipuzkoa, 1993), baina Oriok trainerua atera zuenetik, berak gobernatzen du ontzia. Badira urte batzuk ordutik, eta bereizgarri hau izaten ari da haren taldea: hobetuz doa urtez urte. Beste koska bat igo nahi du aurten, eta horretarako ezinbestekoa zaio Euskotren ligan sartzea. Bihar eta etzi jokatuko dira sailkatze estropadak, eta konfiantzaz mintzo da Orioko patroia: «Bihar bertan nahi dugu erabakita utzi, etziko utzi gabe».

Oriorentzat asteburu hau da denboraldiko unerik garrantzitsuena?

Hala da, bai. Euskotren ligan aritu nahi dugu, eta sailkatzea da gure helburua. Sekulako gogoa dugu sailkatzeko bi estropada hauek jokatzeko.

Prestakuntza osoa sailkatze estropada honetara bideratu duzue?

Bai. Beste estropadak erabili ditugu estropada hau lantzeko, eta hauxe da orain daukagun helburu nagusia.

Nabaritu duzu taldean beste aste batzuetan baino urduritasun edo tentsio handiagoa?

Tira, besteetan baino handixeagoa badago, baina normaltasun baten barruan. Oso garbi daukagu taldean inoiz baino gogo handiagoarekin hartu behar ditugula bi estropada hauek.

Sasoi onenean heldu da Orio?

Baietz uste dut. Entrenamendu oso onak ari gara egiten, eta lan horrek asteburuan atera behar du.

Ez zineten sailkatu aurreko urtean Euskotren ligara, eta arantza hori ateratzeko aparteko motibazioa izango duzue.

Bai. Gainera, aurrerapausoa eman nahi dugu. Izan ere, aurreko urteetan, sailkatzeko azkeneko lekuaren bila ibili gara, eta aurten gorago nahi dugu begiratu. Larunbatean bertan lotu nahi dugu sailkatzeko aukera.

Zuek izan zarete askotan kanpoan geratu izan den aurreneko taldea, eta aparteko gogoa sumatu zaizu behingoagatik hori gainetik kentzeko.

Hala da, bai. Beti berdin ez dugu ibili nahi, eta anbizio handiz aterako gara uretara.

Hiru ontzirentzat bakarrik izango da saria. Zein izango dira zuen aurkari estuenak?

Zumaia koska bat gorago dagoela ari da erakusten, eta barruan behar luke. Hibaikak ere aukera handia du sartzeko.

Cabo edo Orio, hortaz, azkeneko lekua lortuko duena?

Ez dut uste Cabo eta gure arteko zerbait izango denik. Baliteke Hibaika ere hor sartuta ibiltzea.

Caboren aurka duela hilabete lehiatu zineten Pasaian, eta zuek aurretik.

Bai. Hamar segundo kendu genizkien, eta gure taldean arraunlari batzuk falta ziren. Lasaitasuna ematen digu horrek, eta indarra lehen esandakoaren bila joateko: ez dugu guk izan nahi sailkatuko den azkeneko taldea.

Lortuko bazenute aurreneko bien artean sailkatzea, Orioren azken urteetako ibilbidean beste aurrerapauso bat litzateke.

Ari gara hobetzen, eta nahi duguna lortzea beste pauso bat litzateke helburu horretan.

Ziaboga bakarrera jokatuko duzue bihar, ohiko moduan. Hobe horrela?

Aukeran, bai. Ohituak gaude horrela ibiltzen, eta ez litzateke komeniko aldatzea.

Talde batzuek ez dute batere aukerarik sailkatzeko, eta kezkatzen zaitu nolabaiteko oztopoa eragin diezazueketela sailkatzeko aukera duzuenoi?

Kezkatzen nau, bai. Talde horietako bat aurretik ateratzen bada, gerta daiteke bigarren luzean guk aurrea hartzea; estropadaren batean horrela tokatu zaigu. Eta, azkenean, kendu egin behar duela eta norabidez aldatu behar duela, beste kezka bat gehiago litzateke guretzat.

Biharkoa ibaian jokatuko denez eta etzikoa itsasoan, ibaian aldeak txikiagoak izan daitezkeenez, etzi erabakiko da ziurrenik dena?

Baliteke hala izatea. Baina itsasoan Zarautzen jokatu dugu aurten, eta Zumaiak ospa egin zigun, baina besteok nahiko denbora gutxian ibili ginen.

Ibaian edo itsasoan ibiltzen da hobeto Orio?

Bietan aritu behar da, azkenean. Ibaian ari gara entrenatzen aste honetan, eta biharko estropadara begira gaudelako ari gara horrela lanean. Bihar nahi dugu sailkatzea bideratu, etziko utzi gabe, ahal bada.

Zer litzateke ez sailkatzea?

Maila handieneko ligan ez parte hartzea.

Eta sailkatu eta bandera bat irabaztea?

Gure taldearen goranzko bidean ondo goazela berrestea litzateke hori. Urtez urte hobetzen ari gara, eta aurten beste pauso bat nahi dugu bide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.