Borja Ekiza. Eibarreko jokalaria

«Ez dugu ematen partida galdutzat»

Atzelaria izanik, munduko jokalari onenetako batzuk izango ditu parez pare gaur, baina Bartzelonak ez du beldurtzen. Eibarrek egin dezakeenari begira dago: «Gu, geurera», dio.

«Ez dugu ematen partida galdutzat».
Aitor Manterola Garate.
2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bolada txarrak taldearenak eta bakarkakoak izaten dira. Taldearena ari da bizitzen orain Eibarrekin Borja Ekiza (Iruñea, 1988), eta bakarrik sufritzea zer den ere badaki, Athleticen ez zuelako aukerarik izan azken denboraldietan. Ez da, ordea, amore ematen dutenetakoa, eta bakarkako zama arintzea lortu du Eibarren. Erdiko atzelaria ziur da taldearen bolada txarra ere gaindituko dutela: «Gure bidean sinesten dugu».

Levanteren aurka galdu zenuten bezala galtzea izan da orain arteko kolpe gogorrena zuentzat?

Galtzea beti izaten da gogorra. Irabazten hasi ginen, eta buelta eman zioten emaitzari jokoa askorik landu gabe. Baina taldea ondo ari da, eta ez gara ari zorte handirik edukitzen. Bidea hau da, eta taldeak badaki hori. Ezin dugu amore eman.

Bartzelonari aurre egiteko animoak indartsu izatea ezinbestekoa da, ezta?

Astero izaten dugu aukera egoera txarra iraultzeko, eta orain, Bartzelona dator. Zaleak irrikaz daude, gogotsu, eta gu ere oso motibatuta gaude, beti egoten garen bezala. Gaizka [Garitano] oso ona da jokalariak motibatzen, eta, Bartzelona izanik, guretzat ere berezia da.

Zer egin behar du Eibarrek Bartzelona menderatzeko?

Beraiek baino korrika gehiago egin, hasteko. Hortik aurrera, ez dago sekreturik edo formula berezirik. Gu gogor aritzen bagara, inoiz baino gehiago laguntzen badiogu elkarri zelaian, aukerak izango ditugu. Geldikako jokaldietan ere min egin diezaiekegu, baldin eta berreskuratzen badugu lehen itzulian arlo horretan izan genuen eraginkortasuna. Kontraerasoa ere baliabide ona izango da guretzat Bartzelonari min emateko. Garbi dago defentsan oso sendo aritu beharko dugula, eta beste guztia hortik etorriko da.

Atzelaria izanik, Bartzelonako jokalarien maila neurrigabekoak gehiago kezkatzen zaitu bestetan baino?

Kezkatuta ez nago, baina oso kontuan daukat aurkariak zein izango ditudan. Munduko jokalari onenak dira, lerro guztietan dituzte jokalari bikainak eta edozein unetan sar diezagukete gola. Erabateko kontzentrazioa eduki behar dugu, baina ez atzelariok bakarrik; aurrelariek ere lan ona egin beharko dute presioan, aurkariak gugana heltzen direnerako aurretik lan handia eginda hel daitezen. Taldeko lana izango da. Guk badakigu Bartzelonak izango duela jokoaren ekimena, eta badakigu korrika asko egin beharko dugula.

Burua prest eduki beharko duzuela, alegia, une txarretan amore ez emateko

Bai, dudarik gabe. Ahaztu egin behar ditugu segidan galdu ditugun zazpi partida, eta ilusioa eragin behar diegu zaleei zelaian. Lehen itzulian erakutsitako grina eta gogoa atera beharko ditugu, zaleek ere gu anima gaitzaten.

Aurkaria Bartzelona izanik eta aldez aurretik garbi dagoenez oso zaila izango dela Eibarrentzat puntuak batzea, bolada txarraren zama arinagoa izan daiteke gaur jokalarientzat?

Eragingo digu, oso bolada txarra delako; berdin dio aurkaria Bartzelona izatea. Baina hori hala izanik ere, daukagun guztia emango dugu irabazteko, hori baita gure helburua.

Betiko kontu batek dio Ipuruan asko sufritu beharko luketela talde handiek, baina Real Madrilek dantzatua eman zizuen baloiaren jabetzan. Gaur ere ez du eraginik izango Ipuruak alde horretatik?

Bartzelonak egingo du egin behar duena edo ahal duena. Nik gureari begiratzen diot, eta garbi daukat gure ezaugarri onenak ondo erabili beharko ditugula puntuak batzeko. Gure aukerak baliatu egin behar ditugu, eta zelaiak edo Ipuruak baino gehiago, guk lortu beharko dugu gure jokoarekin Bartzelona deseroso ibiltzea.

Oso bolada txarrean egonik taldea, buruan zer darabilzu azkenaldian?

Bi analisi dauzka honek. Batetik, esan izan baligute Ligaren hasieran orain gauden bezala egongo ginela, 27 punturekin, denok sinatuko genukeen. Kontua da lehen itzuli ia bikaina egin dugula, eta dinamika txarrean gaudela. Baina taldeak erakutsi du badakiela ondo jokatzen, eta uste dut galdu ditugun partida hauetako batzuetan taldeak ez duela hain gaizki jokatu; baina emaitzak ez dira izan aldekoak. Taldeak badaki non gauden, eta oso gogor ari gara lanean egoera txar hau iraultzeko. Badakigu gaurko partida oso-oso zaila dela, baina gugan sinetsi behar dugu; ez gara aterako partida galdutzat jota.

Azkar komeni bolada txar hau etetea, gehiegi ari delako luzatzen eta konfiantza galtzeko arriskua gero eta handiagoa delako.

Gaurko aurkaria ikusirik, sekulakoa litzateke gaur etetea bolada txarra, daukagun baino konfiantza handiagoa emango ligukeelako.

Berriz ere futbolari sentitzen ari zara Eibarren?

Eibarren eskaintzari baiezkoa emateko arrazoietako bat izan zen sekulako gosea duela talde honek emaitza onak lortzeko. Pozik nago hemen.

Egiten ari zaren lanarekin konforme zaude?

Banekien taldea egina zegoela, eta zaila izango zitzaidala hamaikakoan sartzea. Hala gertatu da, baina orain jokatzen ari naiz, eta ondo nago, bizi eta arin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.