David Garcia. Osasunako jokalaria

«Ez dugu ahaztu behar Osasuna talde sufritzailea izan dela beti Lehen Mailan»

Atzelariak uste du Osasuna bide onean dela, eta «zortea» ei da emaitza hobeak lortzeko falta zaiona. Aitortu du «pazientzia gutxi» duela; taldearen bolada hau ari da baliatzen «alderdi mentala lantzeko». Gaur ere hasieratik ariko da, Eibarren kontra.

JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Gorputza tenplu bat balitz bezala zaintzen du David Garciak (Ibero, Nafarroa, 1994). Bere garaian buruhauste bat baino gehiago eman zizkioten lesioek, baina aspaldian ez da erizaindegitik pasatu; esaterako, sasoi honetan ez du partidarik galdu arazo fisikoengatik. Eta ia miraria da hori, lesioak izurri bihurtu baitira Osasunan. Atzelariak deitoratu egin du egoera, baina, halere, uste du gaindituko dituztela oztopoak: «Talde ona gara eta jarrera baikorra dugu, eta gauzak ondo aterako zaizkigu amaieran». Gimnasiora bidean hartu du deia, goizean entrenamendua izan eta gero.

Ematen du begizkoa egin dizuetela. Izan ere, oker atera daitekeen dena ari zaizue oker ateratzen. Egoeraz zer azterketa egiten duzue?

Oso zorte txarra izan dugu lehen itzulian, hori ezin da ukatu. Gu kritikoak gara orain arte egin dugun lanarekin, eta badakigu ezgarela aritu ahalik eta ondoena. Orain, dena den, beste dinamika batean gaude; hobekuntza sumatu dugu azken hamar partidetan. Eta, hala ere, xehetasun batzukaurka ditugu oraindik, eta oso zaila ari zaigu suertatzen puntuak hirunaka batzea. Zorte handixeagoarekin, emaitzak bestelakoak izango ziren. Ea Eibarren aurka zoria aldatzen zaigun.

Astelehenean, futbol partida bat irabazteko egin beharreko ia guztia egin zenuten Betisen zelaian, baina ihes egin zizueten puntuek. Etsigarria izanbehar du lehia bat horrela galtzeak.

Ez da gertatzen zaigun lehen aldia, eta bai, gogorra da psikologiaeta animo aldetik. Badugu ilusioa egoerari buelta emateko, eta zintzo ari gara lan egiten, baina gero lau buruz buruko ditugu ate aurrean, eta kale egiten dugu. Eta hori gutxi balitz bezala, jokaldi batean arreta segundo batez galdu, eta partida galtzen dugu. Ez da batere samurra. Baina, tira, oso talde ona dugula uste dut, eta jarrera baikorra dugu. Bide honetatik jarraitzen badugu, uste dut puntu dezentez gehiago batuko ditugula bigarren itzulian.

Bere txarrean, gainera, egonarria lantzeko eta frustrazioa kudeatzeko ikastaro moduko bat ari zarete egiten, eta hori lagungarri izan dakizueke aurrerantzean.

Dudarik gabe. Nik pazientzia gutxi dut, baina futbolak bakoitza bere tokian jartzen du, eta esperientzia bakoitzarekin ikasiz joaten zara. Alde horretatik, bolada hau ondo ari zait etortzen alderdi mentala lantzeko, eta ikusten ari naiz badirela gauzak norberaren kontrolpetik at daudenak. Zelaian merituak egin ditzakezu emaitza onak lortzeko, baina horrekin ez da aski batzuetan.

Eta kontuan hartu behar da arrakasta handiko bi denboraldi izan dituzuela. Handia izan da aldaketa, eta egokitzapenak ez du batere samurra izan behar.

Bai, aldaketa handiegia izan da. Azken bi sasoiei erreparatuta, ez dut ezer txarrik ikusten. Dena izan zen baikorra. Baina halakoetan, komeni da perspektiba ez galtzea: ez dugu ahaztu behar, historikoki, Osasuna talde sufritzailea izan dela beti, eta mailari kostata eutsi izan diola. Aurreko denboraldian lortu genuena ohiz kanpokoa da. Urtero ibili nahiko genuke horren ongi, baina errealista izanda, badakigu ohitu egin behar dugula sailkapenaren azpiko zortzi taldeen artean egotera eta borrokatzera. Bateragarria da hori azterketa baikor batekin: talde ona eta hobetzeko tartea dugu, eta uste dut gauzak ondo aterako zaizkigula amaieran.

Beheraldia noiz iritsiko, eta mendeurreneko denboraldian iritsi zaizue. Marka da, gero.

Sasoi berezia ari da izaten. COVID-19ak dena hondatu digu. Denak oso itxura ona zeukan, eta irrikaz ginen ehun urteak estadio berrian eta zaleekin batera ospatzeko. Sadarren asko nabaritzen da zaleen hauspoa, eta, aurten, bultza egiteko pisuzko arrazoi bat zuten. Azkenean, bultzada hori ezingo dugu jaso, eta pena handia da. Zaleak alboan izango bagenitu, agian zortzi edo hamar puntu gehiago izango genituzke orain.

Eta zer azalpen ematen diozue lesioekin bizi izaten ari zareten kalbarioari?

Aurrekoan taldekide batekin aritu nintzen hausnartzen, eta, egia esan, oso zaila da ondorioak ateratzea. Baliteke egutegiak zerikusia izatea, partida asko ari baikara jokatzen denbora gutxian. Gainera, ia ez genuen oporrik izan aurreko denboraldiaren ostean. Ez dakigu oso ongi zer ari den gertatzen, baina garbi dago kaltea sekulakoa dela. Aurreko partidan, adibidez, bederatzi jokalari genituen min hartuta. Baldintza horietan, oso zaila da maila erregular bat lortzea.

Taldearen estiloak ere izan dezake eragina? Izan ere, maila handiko esfortzuak egin behar izaten dituzue.

Baina aurreko bi denboraldietan ere jokamolde hori genuen, eta ez zitzaigun halakorik gertatu. Gainera, azken partidetan ez gara ari horren aurrean presio egiten. Lerroak apur bat atzerago ari gara ipintzen, eta, hala ere, lesioak izaten ditugu.

Bestalde, soka luzea ekarri dute epaileek zuen aurka hartutako zenbait erabakik. Gutxietsita sentitzen zarete?

Puri-purian egon den gaia da, baina, begira, niri ez zait epaileez hitz egitea gustatzen; ez ematen digutenean, ezta kentzen digutenean ere. Haiek ahal duten ondoen egiten dute beren lana, orain VARaren laguntzaz. Eta hortik harago, guk egin beharrekoak ongi egiten baditugu, sasoiaren amaieran ez da epaileez hitz egin beharrik izango.

Hobekuntza nabari duzuela aipatu duzu hasieran. Gauzak garbiago dituzue orain?

Baliteke. Denboraldi hasiera ez zen batere makala izan, sei partidatan bederatzi puntu bilduta. Gero iparra galdu genuen apur bat, baina azkenaldian itxuraldatu egin gara, joko aldetik zein mentalitate aldetik. Itxura onaren bidez puntu gehiago biltzea da orain erronka.

Aiseago jokatzen duzue aurrelari bakarrarekin eta erdilari bat gehiagorekin, bi aurrelarirekin baino?

Orain baietz esan diezazuket, aldaketa hori eginda dinamika berri batean sartu garelako, baina, agian, apur bat oportunista da. Dena den, bai, uste dut ondo ari zaigula etortzen barrutik jokalari gehiago ipintzea, presio egitera ateratzeko eta aurkarien lerro arteko paseak ekiditeko. Itxura sendoa eta lehiakorra ari gara ematen, eta badakigu hori dela bidea.

Zer moduz dago Jagoba Arrasate? Aurreko denboraldietan baino urduriago eta zalantza gehiagorekin ikusten duzu?

Ez, inondik inora. Jagoba pazientzia handiko pertsona da, eta lasaitasuna du bertuteetako bat. Bibrazio hori igortzen digu jokalarioi, eta guk asko eskertzen dugu. Izan ere, ez urduritzea eta ideiak garbi izatea funtsezkoa da egoera zailei aurre egin ahal izateko. Giroa beti bezain ona da, eta fede itsua dugu teknikariaren esanean. Itzela da harekin lortu duguna: txapeldun izan ginen Bigarren Mailan, eta hamargarren bukatu genuen eliteko itzulerako denboraldia. Hori guztia Jagobarekin lortu dugu, eta, orain gauzak okerrago ateratzen ari zaizkigun arren, konfiantza berbera dugu harengan.

Arrasate da orain arte arrastorik handiena utzi dizun teknikaria?

Ez dakit, baina garbi dago izan ditudan entrenatzailerik garrantzitsuenen artean dagoela, nire mailarik onena eta erregularrena haren esanetara ari bainaiz ematen. Lehen taldean finkatu naiz, eta gehienetan hasieratik jokatzen dut. Oso pozik nago.

Hirugarren denboraldia duzu Lehen Mailan. Gauzak zeharo aldatu dira debuta egin zenuenetik, ezta?

Bai, alde handia dago. Orain dela lau urte ez nuen gaur egun daukadan eskarmentua eta maila. Orduan ez nengoen prest elitean jokatzeko. Urteak pasatu eta partidak jokatu ahala, ordea, zaildu egiten zara, eta orain beste bat gehiago naiz onenen artean. Bidea gorabeheratsua izan da, baina merezi izan du.

Sasoi honetan bi lehia besterik ez dituzu galdu; bata zigortuta zeundelako, eta bestea, positibo baten kontaktu zuzena izateagatik. Bestela, partida guztiak osorik jokatu dituzu. Fisikoki sasoi betean zauden seinale.

Garrantzi handia ematen diot osasunari, eta asko zaintzen dut neure burua. Arreta handia jartzen dut atsedenean eta elikaduran, ahalik eta partida gehien jokatzeko helburuarekin. Gu eliteko jokalariak gara, eta maila gorenak punta-puntako prestakuntza eskatzen dizu. Bestela, ez duzu zer eginik. Gimnasioan lan espezifikoa egiten dut arratsaldez, xehetasun txikiak hobetzeko asmoz. Astearen arabera, alor ezberdinak lantzen ditut: prebentzioa, eta abar.

Indarra ere landuko duzu, aireko jokoan baloi gehien irabazten dituen bigarren jokalaria baitzara Espainiako ligan. Aurrelariek amesgaiztoak izango dituzte zurekin.

Bai, nire indarguneetako bat da hori, eta taldeak etekina ateratzen dio defentsan. Golak sartzea besterik ez zait falta. Egia esan, betidanik sentitu naiz eroso goikako jokoan, eta ez daukat sekretu berezirik. Zaila da gure defentsako blokea goitik gainditzea, Aridane eta Unai Garcia ere oso sendoak baitira.

Zer jokalariri erreparatzen diozu gehien gauza berriak ikasteko?

Lehen, ez nuen hainbeste futbol ikusten, baina, orain, partidak aztertzea gustatzen zait, taldeen taktikak eta erdiko atzelarien jarduna ezagutzeko. Ez diet talde edo jokalari jakin batzuei erreparatzen; besterik gabe, jokoaz gozatzea gustatzen zait, eta liga ezberdinetako lehiak ikusten ditut.

Harrobiko ikurretako bat zara dagoeneko. Baduzu inoiz kapitain bihurtzeko ilusioa?

Besokoa jantzi izan dut behin edo behin, eta, bai, kapitain bihurtzea da gorritxo gisa izan dezakedan ilusiorik handienetako bat. Gogo handia dut hala izan dadin. 2022arte dut kontratua, eta hemen bidea egiten jarraitu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.