Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzaileak argi dauka: egungo futbolean alferrikako lana da epe luzerako asmoak izatea. Entrenatzaileek denbora eta agintarien konfiantza behar dute esku artean duten proiektuari onena ateratzeko. Baina pazientzia eta futbola uztartzea ia ezinezkoa da. Emaitzek agintzen dute: ez dago besterik. Haztegia zutabe duten klubetan ere bai. Horregatik, Garitanok epe laburreko helburuei ematen die garrantzia. Eguneroko lanak emango baitio proiektua luzatzeko aukera.
Bada, teknikariak eta Ibaiganeko nagusiek bat egin dute kontratua urtebetez luzatzeko adosteko orduan. Ondo hartu dute elkar. «Nik horrela funtzionatzen dut, eta klubak ere ondo ikusten du. Niretzat exijentzia da. Epe motzean emaitzak lortzea eskatzen dit. Taldeak maila ona eman behar du jarraitu ahal izateko. Bestalde, Athletici erraztasunak ematen dizkio entrenatzailea aldatzea erabakitzen badu. Ni hemengoa naiz, eta Athleticentzat ona dena niretzat ere ona da», esan zuen atzo Garitanok, liga eten eta kontratua berritu ostean egindako lehen agerraldian.
Entrenatzaile bizkaitarrak ereindakoa jaso du. Athleticen ardura hartu zuenetik, lan ona egin du. Taldea zuzentzeko ardura eman ziotenean, jaitsierako postuetan zegoen. Zulotik atera zuen, eta Europa ligarako sailkatzear egon zen. Sasoi honetan, berriz, Espainiako Kopako finalerako sailkatu da. Datorren astean ekingo zaio berriz lehiari, eta geratzen diren11 jardunaldietan gehiago eskatuko die jokalariei. Epe laburreko hurrengo erronka datorren sasoian berriro ere Europan lehiatzea izango da. «Epe luzeko helburuak oso urruti ikusten ditut. Futbolak epe motzera begira funtzionatzen du. Hilabete pasatxoan zazpigarren postua lortzea da gure asmoa. Ez da erraza izango. Bost puntu atzetik goaz, eta partida zailak ditugu. Hala ere, argi daukagu helburua Europa dela».
Inoiz ezagutu ez duen egoera batean dago futbola. Denboraldia bi zatitan banatu du pandemiak. Etenaldia gutxi ez, eta lehiaketara itzuli ahal izateko egin beharreko urratsak bereziak izan dira oso. Hasteko, etxean bakarka entrenatzeari utzi eta klubaren instalazioetan talde txikietan entrenatzen hasi ziren. Eta, bigarrenez, bi aste eskasdituzte ohiko lan saioak egiteko. Dena da berria. Horregatik, protagonistek ez dakite nola erantzungo duten lehiatzea tokatzen zaienean. Galdera gehiago dituzte erantzunak baino. Hori bai, argi dute egoera berriari neurria hartzen ez dioten taldeek ordaindu egingo dutela. «Ez dakigu nola dagoen taldea. Sentsazioak oso onak dira. Oso ondo ari gara entrenatzen. Arlo fisikoan indartsu ikusten ditut jokalariak. Baina ez daukagu erreferentziarik. Ez dugu lagunartekorik jokatu. Inork ez du 90 minutuko probarik egin. Ezin da jakin taldeek nola erantzungo duten», gaineratu zuen Garitanok.
Alemaniako Bundesligan jokatu diren lau jardunaldiak lagungarriak ari dira izaten datorrena hobetu ulertzeko. Hala ere, gauza bat da ikuskizuna telebistan ikustea, eta bestea futbol berriaren partaide izatea. «Ondoen egokitzen denak abantaila izango du.Harmailak hutsik egongo dira, bost aldaketa egiteko aukera izango dugu, bero egingo du… Baldintza berrietan lehiatzera ahalik eta azkarren moldatu behar dugu». Baina Garitano gehien arduratzen duena partida batetik bestera indarrak hartzeko izango duten denbora falta da. «Kezkatu egiten nau hiru egunetik behin jokatzeak. Erritmo handian jokatzen dugu, eta guk presioan oinarritzen dugu gure jokoa. Neke handia dakar horrek. Batzuetan, kalitate handiagoa duten taldeen kontra jokatzen dugu. Horrek guztiak gure jokoa baldintza dezake».
Harmailak hutsik daudela jokatzeak ere ondorioak izango dituela dirudi. Alemanian, kanpoko taldeak etxekoak baino emaitza hobeak lortzen ari dira. Athleticek sei partida jokatu beharko ditu San Mamesen, eta bost etxetik kanpo. Beraz, hasiera batean ez dio mesederik egingo jarraitzaile barik jokatzeak. «San Mamesek bultza egiten du. Zaleen falta igarriko dugu. Hala ere, ez da aitzakia izango. Lehiakorrak izan behar dugu».Bestalde, etxean gal dezakeena kanpoan irabazteko aukera izan dezake Athleticek. Izan ere, etxetik kanpo makal aritu da taldea txapelketaren lehen bi herenetan.
Kopa eta etorkizuna
Garitanok nahikoa lan dauka luze gabeko erronkei aurre egiteko. Baina, era berean, datorren sasoiari begira erabakiak hartu beharko ditu. Gauza batzuk ezin dira azken egunerako utzi. Ildo horretan, belaunaldi aldaketa dator talde zuri-gorrian. Aduriz erretiratu egingo da, eta ez dago argi San Josek eta Beñatek taldean jarraituko duten edo ez. «Oso ondo ari dira entrenatzen. Liga amaitzen denean ikusiko dugu. Jokalari oso onak dira biak, eta pertsona gisa ere bai». Hala ere, bi jokalariak jakinaren gainean daude aukera gutxi dutela talde zuri-gorrian jarraitzeko. Haien lekua hartuko dutenei gauzak argi utzi zizkien teknikari zuri-gorriak. «Belaunaldi aldaketa gauzatzen ari gara. Jokalari gazteei aukerak ematen ari gara. Bada, jokalari onak izateaz gain, klubak eskatzen duen jarrera erakutsi behar dute».
Espainiako Kopako finalaren gainean ere jardun zuen Garitanok. Atzeratzekoerabakia egokia dela uste du, nahiz eta gauzak gaizki joanez gero arriskua egon daitekeen bera aulkian ez egoteko. «Nahiago dut hori, finalean zelaia hutsik ikustea baino».
Ez du urrun begiratzen
Gaizka Garitanok ontzat eman du Athleticekin adostutako urtebeteko kontratua. Falta diren 11 jardunaldietarako, Europarako sailkatzea jarri du helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu