Ez du taldean jarraituko

«Arrazoi pertsonalak tarteko», Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak kargua utziko du

Imanol Alvarez eta Tati Garmendia, erabakiaren berri ematen, atzo, Bidebietako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / ARP.
Olaia Juaristi.
Donostia
2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Amaiera iluna eduki du Bera Beraren denboraldi bikainak: «Ez dut taldean jarraituko, arrazoi pertsonalengatik», adierazi zuen Imanol Alvarezek, atzo, denboraldi batez Bera Berako entrenatzailea izan denak. Ez jarraitzea erabaki du ermuarrak, klubak bestelako ahaleginik egin duen arren. «Asko pentsatu nuen taldera etortzeko ere, eta, orain, zerbaitek esaten dit nire zikloa bukatu dela. Ez nago etxetik urrun, baina gertuago egon nahi dut», azaldu zuen Alvarezek.

Tati Garmendia kirol arduraduna alboan izan zuen Alvarezek. Hitz onak besterik ez zuen izan Garmendiak entrenatzaile ohiari buruz. «Oso gustura egon gara harekin, eta guretzat gogorra da hark taldea uztea. Hurrengo entrenatzailea ez dakigu nor izango den oraindik. Imanolen antzeko norbait izatea nahi genuke, taldea entrenatzeaz gain klubaren proiektuan inplikatuko dena». Garmendiak gaineratu zuen klubari lotutako norbait izatea gustatuko litzaiekeela, edo, gutxienez, kluba «pixka bat» ezagutzen duena.

Ibilbide laburra bezain oparoa egin du Alvarezek Bera Beran. Denboraldian jokoan zeuden lau tituluak irabazi ditu taldeak: Espainiako Liga, Kopa, Superkopa eta Euskadiko Kopa. Horiez gain, Txapeldunen Ligan ere parte hartu du. «Lortutako tituluek argi erakusten dute entrenatzaileak lan aparta egin duela», azpimarratu zuen Garmendiak. Kopariekin baino lehen kontratua luzatzeko aukera eskaini zion klubak, baina, azkenean, taldea uztea erabaki du Alvarezek: «Ez da batere erabaki erraza izan, eta, noski, are gehiago egindako denboraldiaren ondoren. Oso gustura egon naiz Donostian».

Hasieran, «beldur pixka bat» eduki zuela onartu zuen: «Inoiz entrenatu gabe nengoen halako goi mailako talde bat, baina dudan guztia eman dut, eta klubak ere asko lagundu dit. Azkenean, dena primeran atera zaigu». Dena dela, behin honaino iritsita, onena Bera Bera uztea izango dela erabaki du. Eskubaloiari lotuta segitu nahi du, ordea, «beste bi denboraldiz, behintzat». Taldeari buruz, «lehiakorra» eta «oso ona» dela nabarmendu zuen entrenatzaile ohiak. Gainera, argitu zuen lortutako sariak azken urteotan gauzak ondo egin izanaren ondorio direla: «Erabaki guztiak ondo pentsatuta hartu izan ditu klubak, eta hankak lurrean eduki ditu beti. Harrobiko jokalariekin osatutako taldea da, eta hori da jarraitu beharreko bidea».

Hurrengo denboraldirako aurrekontu txikiagoa izango dutela azaldu zuen Garmendiak, eta, gainera, gerrikoa estutu beharko dutela derrigor, azken sasoiotan utzitako defizitari aurre egiteko. Ondorioz, erabakitzeko dago era berean datorren denboraldian nortzuek osatuko duten taldea. Oraingoz, hiru jokalarik ez dute jarraituko: Veronica Cuñak, Nitsan Dunayk eta Yamilei Rodriguezek. Gainerako jokalariek, berriz, ados jarri beharko dute klubarekin.

Txapeldunen Liga, zalantzan

Datorren denboraldiari begira, entrenatzailea eta taldekideak nortzuk izango diren erabakitzeaz gain, Txapeldunen Liga jokatuko ote duen ere zehaztu beharra du Donostiako klubak. Diru premia handia dute, eta horrek baldintzatuta, buruhauste ugari dute. «Babesle sendo bat bilatzeko ahalegin guztiak egiten ari gara. Diruz ongi egotea nahitaezkoa da txapelketa horrek dakartzan gastuei aurre egiteko», aipatu zuen Garmendiak. Arlo ekonomikoaren menpe dago, beraz, Bera Bera. Ekainaren 11ra arteko epea du erabakia hartzeko. Txapeldunen Ligan parte hartu gabe geratzea atzerapauso dezentea izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.