Arrauna. San Miguel liga

Ez du parekorik

Traineru Kluben Elkarteak 2003an sortu zuen liga, eta hamargarrena da aurtengoa. Bat bakarrik aritu da estropada guztietan: Ioseba Amunarriz, Hondarribiko patroia.

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Historia egiten ari da Ioseba Amunarriz (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978). Traineru Kluben Elkarteak bere liga sortu zuenetik, arraunlari eta patroi bakarra aritu da estropada guztietan, eta berak lortu du balentria hori.

2003 hura urruti geratu da urteen joanean. Egin kontu, aurtengoa hamargarren liga da. Zenbaki biribila, ezbairik gabe. Matematikan sartuz gero, kontuak egitea baino ez dago jakiteko zenbat estropada jokatu diren harrezkero. Bada, denetan, uretan izan da Hondarribiko patroia. Gainera, urtero-urtero, etxeko trainerua gobernatzen jardun du. Arraunaren urte oparoak harrapatu ditu; baina, hala ere, beti etxean. Izango zuen eskaintzaren bat edo beste urte hauetan, baina Ama Guadalupekoa ontziaren txopan dabil hasiera-hasieratik.

Urtez urteko errepasoa egin du, zehatza. Ondo gogoan dauzka kontu guztiak. Baina gertakari eta egoera asko direnez, ezin dena buruan gorde. Esaterako, ligan zenbat bandera irabazi dituen ez dauka zenbatuta: «Hamabost eta hogei artean egongo direla uste dut». Hogei dira, datuek gezurrik ez badiote, behintzat. Beste sari potolo bat ere eskuratu izan du, bi aldiz: patroi onenaren saria: «2006an izan zen aurrenekoa. Orduan, patroiek aukeratzen genuen zein izaten zen onena. Bigarrena 2009an izan zen».

Hamar urte hauetan, denetarik bizi eta pairatu izan du. Gozatu eta sufritu. Unerik politenetakoa zein den garbi dauka: «2006an izan zen, etxeko estropada irabazi genuenean. Pedreña aurretik genuen azken ziabogan, sei bat segundo edo, eta aurrea hartu genion azken luzean. Etxean ez dugu gehiago irabazi ligan». Txarretik ere etxekoan du oroimena: «2009an izan zen, herriko estropadan. Nire erruagatik ez genuen irabazi bandera. Azkeneko luzean, ez nuen norabide egokia aukeratu. Non eta etxean huts egin behar!».

Ligari buruzko iritzi ona dauka: «Bilakaera ona izaten ari da. Hutsak ere egon dira. Iaz Bordelen gertatu zena, kasu. Baina gauza askotan hobera egin dugu. Orain, dutxatzeko aukera daukagu estropadak bukatzean, esaterako. Urtetik urtera, denean ari da hobetzen: telebista, epaileak... Falta dena da kostaldeko beste eremu batzuetan izatea estropadak. Nahiz eta trainerua ez izan herri horiek gure ligan, nik uste mereziko lukeela leku horietara joatea, eremu on askoak direlako hor zehar. Ea pixkanaka lortzen den».

2003

«Liga on baten hasiera zen»

«Urte hartan ondo ibili ginen; bigarren txandan egin genuen arraunean. TKEren lehen urtea izan zen, eta ligako gure aurreneko bandera ere orduan irabazi genuen. Groven izan zen (Galizia), abuztuaren 10ean uste dut. Liga berria ezberdina izan zen, esperientzia polita, eta jakitun ginen liga ona izango zela».

2004

«Goranzko jauzia jo genuen»

«Hiruzpalau bandera irabazi genituen. Astillero eta Urdaibai izugarri ongi ibili ziren, eta gu haien atzetik sailkatu ginen ligan. Orain Kaiku eta Urdaibai indartsuenak diren bezala, orduan Astillero eta Urdaibai ziren. Biek huts egiten zutenean, muturra sartzen genuen, eta gustura ibili ginen. Guk jauzia egin genuen aurreko urtetik. Arraunlari berriak etorri ziren kanpotik».

2005

«Urte biribila izan zen»

«Beste pauso bat eman genuen gorantz. Joxean Olaskoaga Aizperro geneukan tostetan orduan. Astillerorekin lehia estua izan genuen liga osoan; larunbatetan, batek irabazten zuen, eta igandeetan, besteak. Azkenean, bigarren sailkatu ginen ligan, haiek bandera gehiago irabazi zituztelako denboraldiaren bukaeran. Uste dut hamahiru bandera joan zirela Astillerora. Guk urte hartan irabazi genuen Kontxako Bandera; itsaso txarrak dena aldatu zuen urtea hura izan zen. Urte biribila izan zen guretzat, hurrengo urtearekin batera»

2006

«Liga irabazi genuen»

«Liga irabazi genuen orduan, azken-aurreko estropadan, Pedreñan [Espainia]; oraingoz bakarra da, ez dugu gehiago irabazi. Zortzi bandera lortu genituen. Oso ondo ekin genion ligari, aurreneko hiru estropadak irabaziz. Laugarrena segundo bategatik ez genuen irabazi. Gainera, guk bakarrik dugun errekorra jarri genuen: liderraren elastikoa jan- tzi genuen lehen egunean, eta azkenekoan ere gurea izan zen. Lehengoan esan zuen norbaitek, larunbatean, lehen estropada irabazi eta gero: «Aurten ere ez digu inork kenduko marka hori. Urte hartan, txarrena hau izan zen: Kontxatik kanpo geratu ginen, gauez jokatu zen sailkatze estropada hartan, Astillero afera tarteko».

2007

«Taldea aldatu genuen»

«Ez ginen ondo hasi; kostatu egin zitzaigun taldea egitea. Gero, pixkanaka, ohorezko txandan sartzen joan ginen. Bandera bakarra irabazi genuen: Getxokoa. Talde berria geneukan. Bukaeran, hirugarren amaitu genuen».

2008

«Zalantzen urtea izan zen»

«Behera egin genuen. Aldaketa urtea izan zen hura ere. Etxeko arraunlari gehiago izan genituen. Kanpokoek utzi egin zuten, eta beste batzuk etorri ziren. Zalantzekin ibili ginen. Utzita zeudenak ere hasi ziren arraunean».

2009

«Zubi lana egiteko urtea»

«Aurreko urtearen antzekoa izan zen, baina emaitzak hobeak izan ziren. Bi urte hauetan, zubi lana egin genuen orain daukaguna heldu arte. Bi denboraldi hauetan, 2008an eta 2009an, ez genuen banderarik irabazi. Urte honetan, Castrok egundokoak egin zituen, bandera mordoa irabaziz. Guk askotan egin genuen bigarren, eta, azkenean, hirugarren izan ginen. Gogoan dut Portugaleteko estropada, azkenekoa. Castrok marka latza jarri zuen (18.59), eta guk ere bai (19.01)».

2010

«Hasierakora itzuli ginen»

«Urte hau, alde batera, zaila izan zen. Gaizki hasi ginen, eta ezin izan genuen lehen txandatik atera. Kaiku eta biok ibili ginen horrela. Baina, bestetik, gauza onak ere izan zituen. Gaur egungo taldearen hazia jartzen hasi ginen. Bigarren traineruko arraunlariak igo ziren, kanpokoen ordez. 2003 eta 2004ko filosofiara itzuli ginen, hasierakora. Urterik zailena izan zen, 2008koarekin batera. Baina taldea egiteko ez zen urte txarra izan. Hurrengo urtean titularrak izan ziren arraunlariak ibili ziren talde hartan».

2011

«Ilusioa berreskuratu zen»

«Kanpoko arraunlariak joan egin ziren, eta aurreko urtean ordezkoak zirenak sartu ziren. Kanpokoen artean zeuden Arkaitz Goñi, Jauregi... Denera, etxekoak-eta kontuan hartuta, sei-zazpik utzi zuten, eta haien ordez arraunlari gazteak sartu ziren. Emaitzen aldetik polita izan zen, hiru bandera irabazi genituelako, eta ikusten zen iazko taldeak hobetzeko tartea zuela. Ilusioaren urtea izan zen, eta beteranoei falta zitzaigun indarra eman ziguten. Aurpegiak aldatzea izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.