Egun bat besterik ez da falta. Egun bat besterik ez da falta San Mamesen berriro Txapeldunen Ligako ereserkia ozen entzun dadin. Talde zuri-gorriak bihar gauean jokatuko du ligaxkako estreinako partida (20:45). Xakhtar Donetsk Ukrainako taldea izango du aurkari. Sasoi honetan Athleticek Txapeldunen Ligan jokatuko duen hirugarren partida izango da. Napoliren aurka aritu zen aurreko bietan, ondo aritu ere, Italiako taldea kanporatu baitzuen atarikoan. Horri esker, gutxienez beste sei partida jokatuko ditu kluben arteko lehiaketa nagusian: bi Xakhtar Donetsken aurka, beste bi Portoren aurka, eta beste bi BATE Borisoven aurka.
Ilusioak hartu du Athleticen ingurua. Ez da harritzekoa, talde zuri-gorria tantaka aritu baita Txapeldunen Ligan. Bosgarren aldia du hau. Aurretik beste lautan aritu zen: 1956-57 denboraldian, 1983-84an, 1984-85ean eta 1998-99an. 1992ra arte Europako Kopa jokatzen zen, eta liga txapeldunek hartzen zuten parte.
BERRIAk lau ekitaldi horiek gertutik ezagutu izan zituzten hainbat jokalari, entrenatzaile eta lehendakarirekin hitz egin du, haien bizipenen berri izan, eta egungo Athleticek egindakoaz eta egin dezakeenaz mintza daitezen. Carmelo Cedrun (Zornotza, Bizkaia, 1930) jokalari ohiak estreinakoan parte hartu zuen; Javier Clemente entrenatzaile ohiak (Barakaldo, Bizkaia, 1950) eta Andoni Goikoetxea (Alonsotegi, Bizkaia, 1956) eta Manu Sarabia (Zierbena, Bizkaia, 1957) jokalari ohiek, bigarren eta hirugarren parte hartzean; eta Jose Maria Arrate presidente ohiak (Bilbo, 1940) eta Rafa Alkorta (Bilbo, 1968) eta Ismael Urzaiz (Tutera, Nafarroa, 1971) jokalari ohiek, azkenekoan.
«Ez du parekorik»
Athleticekin Txapeldunen Ligan aritzea zer den ezagutu duten hainbat jokalari, entrenatzaile eta lehendakarirekin hitz egin du BERRIAk, ligaxka hasi bezperan. Ilusioz daude, eta baikor dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu