Arrauna

Ez du maillot grisa askatu nahi

Gaur jokatuko da Castroko bandera, eta, garaipenaren lehiaz gain, bada beste lehia bat: patroi onenaren saria. Unax Eizagirrek buruan jarraitzen du, baina gertu dauzka lehiakideak.

Unax Eizagirre, patroi onenaren maillota soinean duela. AITOR ARRIZABALAGA / FOKU
Unax Eizagirre, patroi onenaren maillota soinean duela. AITOR ARRIZABALAGA / FOKU
pettan uralde
2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Eusko Label ligako patroirik onenak maillot grisa janzten du estropada bakoitza amaitutakoan. Aurten bakarrak jantzi du oraingoz, Unax Eizagirrek (Getaria, Gipuzkoa, 1998). Getariako patroiak Coruñako (Galizia) estropadan jantzi zuen lehen aldiz, eta geroztik ez du askatu. GPSak biltzen dituen datuek erabakitzen dute estropada bakoitzean zein izan den patroirik onena, hainbat parametroren arabera. Harentzat ez da helburu nagusia maillot hori eskuratzea, baina «ilusio berezia» piztu diola onartu du.

Patroi onenaren saria asmatu zenetik, inor ez da gai izan jarraian bi aldiz irabazteko. Aurten, ordea, bazegoen hautagai nagusi bat: Gorka Aranberri. Baina Urdaibaiko patroiari lehiakide indartsu bat atera zaio: Eizagirre. Espero ez zuen arren, Getariako patroia sailkapeneko lehen postuan da, eta Urdaibaikoa hiru puntura du. «Aurreneko estropadetan oso ondo aritu ginen, eta, azkeneko luzeak ondo egiteagatik, puntu asko lortu nituen sailkapenean. Orain arte tarte handiarekin aritu naiz, baina azken estropadetan bi ziaboga txar egin ditut, eta horrek kalte egin dit sailkapenean. Zazpi puntu inguru kendu zizkidan Gorka Aranberrik, eta, oraindik lehen postuan egon arren, hiru puntu besterik ez daude bataren eta bestearen artean».

Maillota jartzen duen aldiro pozez agertzen da. Beretzat «sari bat» dela aipatu du, baina taldeari ere ematen dio meritua. «Ilusioa egiten du, zure izena hor ikusten delako, baina, gehienbat, taldearen izena atera beharko litzateke. Patroiak zerikusi handia dauka puntu horietan, baina arraunlariek eraman behar dute ontzia azkar. Patroiaren eta arraunlarien arteko lotura behar da sari hori lortzeko, eta meritua denena da».

«Oraingoz, ni naiz sailkapeneko lehena, baina argi daukat ni baino hobeak diren hiruzpalau patroi badaudela Eusko Label ligan»

UNAX EIZAGIRREGetariako patroia

Denboraldi hasieran horretan pentsatzen ez zuen arren, dagoeneko errealitate bat da sari hori lortzeko borrokatzea. «Ilusioa daukagu hori irabazteko. Gure artean ere aritzen gara horretaz hizketan, ea zenbat puntu ateratzen dizkiegun bigarrenari eta hirugarrenari. Baina, egia esan, uste dut ezin dela jarri helburu gisa. Estropada onak egiten baditugu, ziur hor goian egongo garela; beraz, ahalik eta estropadarik onenak egiten jarraitu behar dugu. Sailkapen nagusian ahalik eta puntu gehien lortzen badugu, patroiaren sarian ere goian egongo gara».

Maillot grisa ligako patroirik onenak irabaziko du, baina Eizagirrek oinak lurrean ditu, eta, haren ustez, badaude bera baino patroi hobeak. «Oraingoz, ni nago lehena sailkapenean, baina argi daukat ni baino hobeak diren hiruzpalau lau patroi badaudela Eusko Label ligan. Ni ez naiz onena, baina, oraingoz, puntu mordoa lortu dugu; ea horrela jarraitzea lortzen dugu. Gure lana sari horretatik haratago doa».

Gaur-gaurkoz, bere helburu nagusia da ahalik eta estropada onenak egitea, eta horrek lagunduko dio maillot grisa eskuratzen. «Sari hori irabazteko lehian aritzeko, traineruak ondo aritu behar du. Gu ez gabiltza estropada oso biribilak egiten, baina sailkapenean oso ondo gaude kokatuta. Beti aurreneko zortzien barruan gabiltza, salbuespen bakar batekin; gustura ari gara. Ea orain itsasoko estropadetan gai garen puntu gehiago emateko atzeko ontziei. Estropadatik estropadara hobetuz jarraitzea da asmoa».

Seigarren postuan, sendo

Pozik dago taldea egiten ari den lanarekin. «Liga hasieran, bigarren txandan egonkortzea zen gure helburua, eta uste dut lortu dugula. Aurreko bost traineruak oso azkar dabiltza, eta besteen artean aurrenak gara oraingoz. Ondarroa gerturatu egin zitzaigun Galiziako bi estropadak jokatu eta gero, baina azken astean puntu gehiago eman genizkion Getxoko eta Lekeitioko estropadetan. Bederatzi punturen aldea polita iruditzen zait, eta liga bukaera arte horrela eutsi beharko dugu».

Gaur Castron (Espainia) ariko dira, (17:15, ETB1), eta bihar Orion. Bi eremuak ongi ezagutzen ditu Eizagirrek, eta badaki zer atera dezakeen bakoitzetik. «Castroko estropada KAE1 ligan ginenean behin baino gehiagotan irabazi genuen, eta Espainiako Txapelketa ere irabazi genuen han. Oroitzapen politak ekartzen dizkigu eremu horrek, eta, iaz estropada txarra egin genuen arren, normalean ondo aritzen gara han. Orion, berriz, batzuetan oso estropada onak egiten ditugu, eta beste batzuetan txarrak... zaila da jakitea. Itsasoko estropada da. Ea asmatzen dugun».

Zaila izango den arren, ezustea ematean ere sinesten du. «Gure arraun egiteko moduari eutsi, eta ahalik eta azkarren aritzea izango da helburua. Sentipen onak lortzen baditugu, ziur lehenengo seien barruan sartuko garela, eta, bestela, ez gara urruti ibiliko. Ohorezko txandan sartzeko, lehenengo lauretan sartu behar dugu, eta hori oso zail ikusten dut. Inoiz ez dugu ezetz esaten, eta ez da izango sinesten ez dugulako; guk beti sinesten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.