«Mendiko lehen lasterketa Aian. Lehen hamabosten artean, baina... Ez nago fin oraindik, eta erabat baldar nabil jaitsieretan. Hobetzera eta gozatzera». Horixe irakur zitekeen, martxoaren 2an, Jorge Azanzaren Twitter kontuan (Altsasu, Nafarroa, 1982). Frantziako Tourreko etaparik gogorrenaren parekoa izan zen altsasuarrarentzat «bizimodu berriko» lehen etapa: Aiako Mendi Lasterketa. «Nire bi anaiak betidanik ibili izan dira mendi lasterketetan, eta haiei segika hasi naiz orain ni». Pare bat entrenamendu astean, eta lasterketaren bat edo beste asteburuetan. Horixe izaten da nafarraren menua. «Ondo pasatzea da helburua, eta barruko har hori baretzea».
Baina, etapa hasi aurretik txirrindulariei ezer gutxi sinetsi behar zaiela diotenei arrazoia emanda, berehala agertu da Jorge Azanzarik lehiakorrena. «Entrenamenduei serioago helduta, gustatuko litzaidake pixkanaka hobeto entrenatzen hastea eta mendiko lasterketetan ondo aritzea». Anaiek jartzen diote erritmoa oraingoz. Haien esku egoten da nora joan eta joandako lekuan zein erritmotan ibili. «Baina Zegama-Aizkorri maratoia lehiatzea buruan daukat dagoeneko. Hurrengo urtean goizegi izango da, agian, baina...».
20 kilometroko probekin hasi nahi du. Aiako Mendi Lasterketa, Arriarangoa eta Oriokoa egin ditu orain arte, Donostiako asfalto gaineko probarekin batera. «Fisikoki ondo egon arren, gorputza ohitu gabe dagoelako eta belaunekin dezente sufritzen dudalako». Txirrindularien ohiko gabezia da hori. Bizikleta gainean, alde ederragoan joaten zen goitik behera, mendateetan gora baino. «Baina korrika desberdina da dena. Goraka irabazten dudan guztia eta pixka bat gehiago galtzen dut beheraka». Mendi lasterketen jokoa «jolas moduan» hartuta, ordea, «gozatzen» ari da oraingoz. «Hiru hilabete barru eskiari helduko diot agian, baina...». Broma giroan Azanza artista zen Euskaltel-Euskadin, eta oraindik ere taldeburu da arlo horretan. «Lauzpabost kilo» gizendu dela eta, kexa zantzuekin hasi da azkar. «Baina mahaiaren aurrean jarritakoan... Hori bai dela gozamena». Lehen «hezur eta azal» zegoela argituta lasaitu du azken hilabeteotako kiloen batuketa.
Prestaketa fisikorako zentroa
Mendi kontuei heldu aurretik, «ia oharkabean» geratu zen nafarra tropeletik kanpo. «Oso sentipen arraroarekin». Azaroan konturatu zen etorkizuna «oso zail» zeukala. «Nahiz eta artean baneukan itxaropen txiki bat talderen bat aurkitzeko». Eta urtea amaitzearekin batera amaitu zen altsasuarraren pazientzia. «Ezinezkoa zela ikusita, eta SHEE ikasketak baliatuta, Altsasun bertan prestaketa fisikorako zentro bat irekitzea pentsatu nuen». Gorpuzteko zorian dago proiektua. «Ekain-uztailerako ireki nahiko genuke zentroa». Proba fisikoak, entrenamenduak... Eliteko kirolariei eta herritar soilei, denei begira ariko da lanean Azanza. Lanean hasi aurreko eromenean murgilduta dabil azken hilabeteotan. «Zer egin behar dudan ikusi, zein pauso eman, laguntza nori eman, guztia nola lotu...».
Errazago aritzen zen Samuel Sanchezi tropel buruan kokatzen laguntzen. «Baina, azken urteotan izan dudan esperientziarekin, espero dut pixkanaka aurrera egitea». Gazte batzuekin lanean hasia da. «Eta gustatzen zait txirrindulariei plangintzak egitea». Euskaltel-Euskadin gertatu zaiona gertatuta, «ilusio pixka bat» behar zuen altsasuarrak. «Kolpe gogorra izan zen, baina, penatan geratu beharrean, erreakzionatu beharra neukala ikusi nuen».
Tropelean Samuel Sanchezen kutun-kutuna zen Azanza. «Eta beste taldeekin negoziatzen hasi zenean saiatu zen ni berekin eramaten». Baina espainiarrak berak nahikoa lan izan zuen BMCn lekutxo bat aurkitzen. «Pena izan da, baina asko eskertzen diot nire alde egin duen ahalegin guztia». Dezenteko inbidiarekin ari zaie kasu egiten lasterketei. «Inbidia sanoarekin; gainerakoak oraindik ere hor ibil gintezkeela ikusten dudalako; Egoi [Martinez], Mikel [Astarloza], ni neu... Bidean geratu garen guztiok, azken batean».
«Jarrera kontua da dena»
«Baina ez da drama bat txirrindularitza profesionala utzi izana», argitu du, azkar, Azanzak. «Momentuan drama izan da, bai, tropela ez dudalako utzi nahi nuen momentuan. Baina gertatu behar zuen zerbait zen eta kito». Egunerokorako ikasgai ederra jaso du Azanzak azken urtebetean. «Guztia jarrera kontua dela ikasi dut. Animoz baxu bazaude, gauzak ez dira ondo irteten. Eta gustura egin nahi ditut gauzak, aldarte onean».
Horregatik dauka «izugarrizko ilusioa» gazteenei ahal duen guztia laguntzeko. «Espero dut nire esperientzia baliagarri izatea haien prestaketetan eta, zergatik ez, haien txirrindulari ibilbidean laguntzea». Badaezpada ere, ez dio itxi aterik talderen bateko zuzendari izateari. «Hurrengo urtean egingo dut zuzendari ikastaroa, eta zerbait egingo dut, ziur, txirrindularitzarekin harremanetan jarraitzeko». Pasioz hartzen duelako bi gurpil gaineko pedalen jokoa.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eta orain zer?
Ez du ikusi nahi jaitsierarik
Profesional ibilbidea nahi baino lehenago utzita, mendi lasterketei helduta dabil Jorge Azanza, eta dagoeneko begiz jota dauka Zegama-Aizkorri gogorra. Prestaketa fisikorako zentro bat ere irekiko du laster Altsasun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu