Tenisean bezala, match-ball-a dauka Real Madrilek gaur, Euroligako final-laurdenetako joanekoan. 2-0 aurretik dira madrildarrak Baskoniaren aurkako kanporaketan, eta Gasteizen irabaziz gero (20:30, Movistar) kanpoan utziko dute Arabako taldea. Dusko Ivanovicenak hobeto aritu ziren bigarren partidan, baina badute zer hobetua oraindik, ostiralean laugarren neurketa jokatu nahi badute.
Saski azpiko jokoa
Europako talde onenetako bat dauka Real Madrilek, onena ez bada. Goi mailako hamasei jokalari ditu, beste edozein taldetan minutu ugari jokatuko lituzketenak. Postu guztiak ditu ederki osatuak, baina bereziki ona da pibot postuan daukaten errotazioa: Edy Tavares (2,21 metro) eta Vincent Poirier (2,14 metro). Puntuak, erreboteak eta intimidazioa ziurtatuak ditu Real Madrilek, eta, akaso, postu horretan dauka Baskoniak errotazio kaskarrena. Orain arte erabakigarria da saski azpiko jokoa. Bi puntuko jaurtiketetan ikaragarri ari da asmatzen Madrilgo taldea. Egindako jaurtiketen %59 asmatu zituen lehen partidan, eta %64 bigarrenean. Errebotean ere fin ari dira. 37 lehen partidan —Baskoniak baino bi gutxiago— eta 36 bigarrenean —Baskoniak baino bederatzi gehiago—. Piboten zenbakiak ere bikainak dira. Tavaresek hemezortzi puntu sartu eta hamasei errebote bildu ditu bi partidak kontuan hartuta. Poirierrek, berriz, hogei sartu eta hamalau bildu. Eta hori dena, Yabuseleren laguntzarekin.
Ezinean ari da Baskonia horren aurka. Chima Monekeren hutsuneak, eta saski azpian daukan zentimetro eskasiak asko ahultzen du arabarren gaitasuna. Monekeren fisikoa eta oldarkortasuna beharrezkoak dira Ivanovicen taldeak defentsako lanean aurrera egiteko, eta faltan izan dute hori kanporaketako lehen bi partidetan. Hirugarrenean ere ez da egongo. Horregatik, agian Matt Costellok izango dute giltza. Real Madrilen aurka jokatu duten bakoitzean bertan jarri du arreta Ivanovicek. Erasoan Costello hiruko marrara atera, eta jokoa asko zabaldu. Horrekin, Tavares eta Poirier saskitik urrundu nahi ditu Baskoniak, eta saskirainoko bidea erraztu taldekideei. Horrek, ordea, ahuldu egiten ditu defentsan, eta pibotak bi baten aurkako defentsa egitera behartzen ditu. Sasoi honetan ondo irten zaie pare bat aldiz, baina Real Madril etxeko lanak eginda iritsi da, eta berehala aurkitu ditu zirrikituak.
Boladak zaindu beharra
Kanporaketan aurrerapausoa eman nahi badu, Baskoniak boladak zaindu beharko ditu. Bolada onean sartzen denean ez dauka parekorik. Hala erakutsi du sasoi guztian. Marcus Howard, Vanja Marinkovc, Nikos Rogkavokoulos, Costello, Dani Diez... maisuak dira kanpoko jaurtiketetan, eta bata bestearen atzetik sartzen hasten direnean ia geldiezinak dira. Horrela irabazi ditu partida ugari Baskoniak sasoi honetan, Howardekin batez ere. Azken hori bere gaitasunetatik urrun ari da, Real Madrilek bikain zaindu baitu orain arte. Hala ere, hamabost eta hamabi puntu sartu ditu kanporaketako bi partidetan. Baina duela hiru aste Wizink Centerren sartu zituen 35 puntuak urruti ditu oraindik.
Baina, bolada onak ikusgarriak diren bezala, bolada txarrak oso txarrak izan ohi dira. Deskonexioa nabarmena izaten da, eta saskiratze erraz ugari egiten dizkiete. Kanporaketako bi partidetan izan du halakorik. Lehen partidan, lehen laurdenean 12-0eko partziala egin zuen Real Madrilek —13-11tik 25-11ra—. Bigarren partidan, berriz, azken laurdenean izan zen. Baskonia markagailuan gerturatzen ari zela 15-3ko partzial batek jokoz kanpo utzi zuen talde arabarra —74-63tik 89-66ra—. Bolada onak ahal bezainbeste luzatzea, eta txarretan hortzak estutzea: baliteke hor egotea neurketako gakoetako bat.
Howardekiko defentsa baliatu
Baskoniak erasoan dauzkan boladen errudun nagusia Howard da. AEBetako jokalaria Europako jaurtitzaile onena izan da azken bi urteetan. Mota guztietako jaurtiketak sartu ditu; berdin dio distantziak, berdin dio aurrez egindako saiakera kopuruak... baita lasterka egindako metroak ere. Baloia haren eskuetara iristen denean, alarma guztiak pizten zaizkie aurkariei. Hori zaintzeko lan bikaina egiten ari da Real Madril. Chus Mateok jokalari ugari jarri ditu haren gainean. Bata nekatzen denean, beste bat jartzen du; ondo baino hobeto daki zer egin dezakeen, eta gertutik zaindu nahi du. Orain arte, Gaby Deckek, Mario Hezonjak, Alberto Abaldek eta Rudy Fernandezek izan dute ardura hori. Denek dute patroi bera: jokalari garaiak eta fisikoak. Nahita bilatu du hori Mateok. Ez dio Howardi eroso jaurtitzen utzi nahi.
Ate bat ixten denean, ordea, leiho bat irekitzen da. Eta hori aprobetxatu egin behar du Ivanovicen taldeak. Howardi egiten dioten defentsak bidea zabaltzen die gainerakoei. Laguntza gutxiago egiten ditu Madrilgo taldeak, eta, Costello hiruko marran egonda, tokia egongo da barneraldiak egiteko. Horretarako gaitasuna daukate Codi Miller-McIntyrek, Marinkovicek eta Tadas Sedekerskisek, eta aukera hori baliatu beharko dute.