Axio Araña. Ampo Ordiziako entrenatzailea

«Ez dit inolako lotsarik ematen esateak baietz, haiek baino gehiago garela»

Ordiziak Espainiako Kopako finala jokatuko du bihar, El Salvador egungo txapeldunaren aurka. Taldearen historiako lehen finala izango da. Goierritarrak dira irabazteko faborito argiak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Aho txikiarekin esan du. Baina esan du. Espainiako Kopa irabazteko faboritoak dira. Axio Araña Ampo Ordiziako entrenatzaileak (Beasain, Gipuzkoa, 1961) konfiantza guztia du bere jokalariengan. Lehen final garrantzitsua izango da taldearentzat, eta Kopa etxera ekartzearekin egiten du amets. Haren esanetan, «finalak irabazteko izaten» baitira.

Lehen aldiz, Espainiako Kopako finala jokatuko duzue bihar. Zer moduz dago taldea?

Animo aldetik, bete-bete eginda gaude. Herrian sekulako ilusioa dago. Pozik gaude gauzak nola atera diren ikusita. Negu osoan erakutsi dugu maila ona, eta ea orain borobiltzeko gai garen. Finalak irabazteko izaten dira, eta Kopa herrira ekarri eta denon artean ospatzea da gure nahia.

Lehen finala izate horrek eragina izango al du jokalariengan?

Bai, noski. Beti egoten da beldur hori, baina gure artean hitz egiten dugunean, esaten dugu goian ibili nahi duen talde bat izan nahi badugu ezin dugula hutsik egin. Konfiantza handia daukat jokalariengan. Partida garrantzitsuetan ondo ari dira erantzuten. Pixkanaka taldea egoera horietara ohitzen ari dela uste dut. Ziur partida ona jokatuko dugula. Dakigun bezala egiten badugu, aukera asko izango ditugu partida aurrera ateratzeko.

Estatistikei begira finala irabazteko faboritoak zaretela esan daiteke. Ligan elkarren aurka aritu zareten bietan irabazi egin diezue, eta sailkapenean ere aurretik zaudete.

Noski, baditugu aukerak irabazteko. Hori kontuan hartuta sasoi hobea egin dugu, baina El Salvadorrek halako partidetan esperientzia handiagoa dauka. Finaletan indarrak berdindu egiten dira, eta kontuan hartu beharko da egun horretan jokalariak zer moduz dauden. Halere, ez dit inolako lotsarik ematen esateak baietz, haiek baino gehiago garela.

Jokalari guztiak jokatzeko prest izango al dituzu?

Beti izaten da min hartuta dagoenen bat, baina ez dago azken ordukorik. Joan den asteburuan Gernikan aritu ziren denak jokatzeko prest daude, eta, alde horretatik, ez dago aitzakiarik.

Nolako partida espero duzu?

Errugbiko partidak ia beti antzekoak izaten dira. Beti bete behar diren oinarrizko arau batzuk daude. Garbi dago aurrelariek baloiak berreskuratzen ahalegindu behar dutela, eta atzealdean gogor defendatu. Joko irekian, berriz, aurkaria baino gehiago izan gaitezkeela uste dut. Potentzia eta erritmo handiko jokalariak ditugu, eta horrek asko lagunduko digu. Baloia mugitzea eta partidaren erritmoa eramatea komeni zaio Ordiziari. Hori da gure jokoa. El Salvadorrek, aldiz, guztiz kontrakoa bilatuko duela iruditzen zait. Joko geldoaren aldeko apustua egingo du.

Zure taldearen ezaugarriren bat nabarmendu beharko bazenu...

Atzeko hiru laurdenetan dauzkagun dohainak aprobetxatzen ahalegindu behar dugu, aurkariaren defentsa zulatuz. Horrek izan behar du gure helburua. Uste dut mugimendu, abiadura eta kalitate aldetik atzeko jokoan aurkaria baino gehiago garela. Ea benetan daukagun maila ona erakusteko gai garen zelaian.

Finala Palentzian den arren, zaleen babesik ez zaizue faltako.

Sekulako giroa dago Goierri guztian, baina batez ere hemen, Ordizian. Badakit hamar bat autobus antolatu direla dagoeneko. Eta asteburua aprobetxatuz euren kasara doazenak ere asko dira. Palentziako hotelak aspaldi bete ziren hemengo jendearekin. Jarraitzaile faltan ez gara egongo, eta, alderdi horretatik, babesa erabatekoa izango da.

Joan den astean, bigarren postuan amaitu zenuten Espainiako Ohorezko Ligako fase erregularra , eta, ondorioz, kanporaketako finalerdietan ariko zarete. Denboraldia ezin hobeto doakizue.

Hala da, bai. Finalerdietara zuzenean sailkatzeak indar asko eman digu. Partida hori Ordizian jokatuko dugu, gainera. Edozein aurkariri aurre egiteko ziurtasun handiagoa ematen digu etxean aritzeak. Gertuago ikusten dugu ligako finala orain.

Orain artean ez zen kanporaketarik jokatu. Konforme al zaude formatu berriarekin?

Oso gustura nago. Nik eta beste edozeinek baloratu behar ditu ekarri dituen gauza onak. Ikusi besterik ez dago azken jardunaldira arte ia talde guztiok zerbait izan dugula jokoan eta horrek emozioa eman diola ligari. Aurreko denboraldiekin alderatuta, lehen laugarren edo bosgarren amaitzen zuten taldeek ez zuten inongo saririk jasotzen, eta orain, berriz, kanporaketaren kontu honekin, liga irabazteko aukerak izan ditzakete talde horiek. Amaierara arte lehia egon da, eta horrekin geratzen naiz.

Sasoi hasieran jarri al zenuten helburu zehatzik? Benetan, espero al zenuten fase erregularra bigarren postuan amaitzea?

Bagenekien gertu ibiliko ginela. Gure helburua azken kanporaketa horretara sailkatzea zen. Behin hori lortuta, jokalariek erantzun ona eman dute. Geure buruarengan konfiantza izateko arrazoiak genituen, eta hementxe gaude, Kopako finala jokatzeko atarian eta kanporaketako finalerdietan.

Nolako kanporaketa izatea espero duzu?

Santboiana eta Gernikaren arteko partidaren irabazlearen aurka jokatuko dugu. Ondo ezagutzen ditugu bi taldeak, eta haien gainetik egon gaitezke. Ez daude beren momenturik onenean. Kopa jokatu eta gero jarriko gara horretan pentsatzen.

Ederra izango litzateke Espainiako Kopa eta Liga urte berean irabaztea...

Ederra eta handia litzateke. Urruti ikusten dut, ordea. Orain, biharko finala baino ez daukagu buruan. Eta gero gerokoak. Kirola den bezala hartu behar da. Pausoz pauso. Bihar irabazten badugu, egun batzuk beharko ditugu sinesteko. Gogor saiatuko gara. Badakit biharkoa ondo irteten bada liga irabazteko aukera asko izango ditugula. Konfiantza handia emango liguke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.