Ez dira ustekabean pasatu

Olinpiar Jokoetan parte hartu eta egun batzuetara, Imanol Rojok, Lucas Egibarrek, Adur Etxezarretak eta Manex Salsamendik Pekinen egindako lana aztertu dute. Nahiz eta beti baden zer hobetua, «gustura eta pozik» daude lortutako emaitzekin. Orain, denboraldiko azken txanpari ekingo diote.

Imanol Rojo. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
Unai Ugartemendia.
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bi aste luzez Pekin izan da negukokirolen hiriburu. Han jokatu dira 24. Neguko Olinpiar Jokoak, eta Norvegia izan da nagusi: 37 domina eskuratu ditu.Euskal kirolarien jarduna txukuna izan da. Hurrengo topaketa2026ko otsailaren 6tik 22ra bitarte izango da, Itailan, Milanek eta Cortina d 'Ampezzok batera antolatuko dituzten Jokoetan.

IMANOL ROJO Eskiatzailea
«Oso zaila izango da 2026ko Jokoetan izatea»

Hirugarren Olinpiar Jokoak izan dira Imanol Rojorentzat (Tolosa, Gipuzkoa, 1990), 2014an Sotxin (Errusia) eta 2018an Pyeongchangen (Hego Korea) egon eta gero. Aurreko Jokoetan ez bezala, emaitzak lagun izan ditu tolosarrak. «Oso esperientzia ona izan da, eta asko gozatu dut nire hirugarren Jokoez. COVID-19arengatik, ezberdina izan da. Egunero egin behar izan ditugu testak, eta beste kirolariekin ezin izan dugu nahi bezain beste egon. Baina, orokorrean, oso pozik amaitu ditut Jokoak».

Hiru proba jokatu ditu Rojok Pekinen, eta jokatutako bitan bere posturik onena eskuratu du. «Eskiatloian gustura ibili nintzen, nahiz eta klasiko eran kostatu egin zitzaidan zertxobait. Skatingeko modalitatea beste kontu bat izan zen. Oso gustura amaitu nuen proba». Helburuak beteta itzuli dela nabarmendu du. «Aurreko Jokoetako emaitzak hobetzea zen helburu nagusia, eta, alde horretatik, lortu dut».

Baina arantza txiki bat ere utzi diote Pekingo Jokoek. Jokatuko zuen azken proban, 50 kilometrokoan, lehenik, ordubete atzeratu zuten irteera, haizearen eta hotzaren eraginez, eta, ondoren, lasterketaren luzera 29 kilometroan utzi zuten antolatzaileek. «Behin irteteko hautua eginda, berdin zen 30 edo 50 egitea». Rojok ez zuen asko ulertu hartutako erabakia. «30 kilometro egiteko, beste erritmo batean irteten gara, eta nire gaitasunak hobeak dira ibilbide luzerako. Zirkuitua oso ondo moldatzen zen nire gaitasunetara, eta elurra ere nire gustukoa zen. Ibilbide oso gogorra zen; inoiz egindako gogorrena, agian».

Sasoiko eta gogotsu ekin zien Jokoei Rojok. Prestakuntza bikainarekin iritsi zen Pekinera, eta hasieratik «oso lehiakor» sentitu zela ere azpimarratu du. «Aurreko Jokoetan baino askoz ere lehiakorragoa izan naiz». Bere hirugarren Jokoak igarota, etorkizunera begira jarrita dago jada. «Oso zaila izango da hurrengo Jokoetara iristea. 36 urterekin iritsiko nintzateke, eta oso urruti ikusten dut oraindik. Egia da sasoi bikainean nagoela, eta dakidan gauza bakarra zera da: beste urtebetez, behintzat, jarraituko dudala».

Denboraldia amaitzeko, oraindik ere lasterketa batzuk jokatuko ditu hurrengo asteetan. «Munduko Kopako hiru proba gelditzen zaizkigu denboraldia amaitzeko, tartean 50 kilometroko bat, Oslon. Ondoren, Falunera [Suedia] joango naiz, eta denboraldia Errusian amaituko dut, Munduko Kopako finala jokatuz». Neguko kirolen egutegiek izaten dituzten arazoak medio, aurten ezin izango da Espainiako Txapelketan lehiatu.

LUCAS EGIBAR Snowboardlaria
«Lasterketa onak egin ditut, baina aurkariak hobeak izan dira»

Lucas Egibar snowboardlaria ere (Donostia, 1994) hirugarren aldiz lehiatu da Olinpiar Joko batzuetan. Rojoren antzera, aurretik Sotxin eta Pyeonchangen egona zen. «Oso pozik itzuli naiz Pekinetik. Ondo lehiatu nintzen. Nire hirugarren Jokoak ziren, eta argi neukan dominen lehian egon nahi nuela. Beti irteten naiz dominen bila, eta oraingoan ere hala izan da». Pekinera joan aurretik lortutako azken emaitza onen ondorioz, ilusioz gainezka zegoen.

Bazekien onenen artean egon zitekeela, eta 2018an Pyeonchagngen lortutako zazpigarren postua hobetzeko asmoarekin ekin zion lehiari. «Pekinera joan aurreko probetan eta munduko txapelketetan beti aurrean egon izan naiz, eta oraingoan ere faboritoen artean ikusten nuen neure burua. Banekien ez zela erraza izango, baina aurretik lortutako emaitzekin amesten nuen».

Baina, azkenean, ezin izan zuen ordura arte Joko batzuetan lortutako postua hobetu, eta zazpigarren amaitu zuen berriro ere sailkapen orokorrean. Egibarrek lagun izan zuen jokoetako sailkatze fasean behar izaten den zortea. Final-zortzirenetara pasatzeko, helmugako argazkiaren beharra izan zuen. «Zorte handia izan nuen hor. Lasterketa bakoitza mundu bat da gure modalitatean, eta hutsegiterik txikiena larrutik ordaintzen da. Irabazteko, dena ondo egin behar da, eta irabazi nahi duenak bere onena eman behar du». Irteera txarrak zamatuta, finalerdietan esan zion agur lehiari. Baina ez du aitzakiarik jarri. «Bizkarreko arazoekin ibili naiz denboraldi osoan, eta pista ez zen nire gustukoenetakoa izan, baina nahiko ondo zegoen. Lasterketak onak izan dira, baina aurkariak hobeto aritu dira».

Egibarrek bazekien Joko batzuetan egotea zer zen. Oraingo honetan, berriz, gauzak oso ezberdin bizi behar izan ditu, pandemiak eragindako protokoloak medio. «Ezin izan dugu gauza handirik egin. Beste bi Olinpiar Jokoekin alderatuta, harreman txikia izan dugu gainerako kirolariekin. Alde horretatik, pena pixka batekin itzuli naiz, Olinpiar Joko batzuk ez baitira egunero izaten!».

Orain, bizkarreko arazoak sendatzen saiatzen ari da. «Egun hauetan zer gertatzen den ikusi nahi dut. Baliteke azkenean ebakuntza bat behar izatea. Iaz, esan zidaten oso goiz zela horretarako, baina jada aurreratu zidaten urte batzuetara ziurrenik ebakuntza beharko nuela. Argi daukadana zera da: arazoa konpondu egin behar dudala; bestela, ezin dut horrela jarraitu». Arazoak arazo, eta bizkarrak laguntzen badio behintzat, martxoan jokatuko ditu Egibarrek Munduko Kopa amaitzeko gelditzen zaizkion bi probak. «Lehiakor izaten saiatuko naiz, eta ahalik eta posturik onenak lortuz amaitu nahi dut denboraldia».

ADUR ETXEZARRETA Eskiatzailea
«2026ko OlinpiarJokoetan goragoibili nahiko nuke»

Pekinekoak lehenbiziko Olinpiar Jokoak izan dira Adur Etxezarreta eskiatzailearentzat (Areso, Nafarroa, 1996). «Oso esperientzia polita izan da. COVID-19arengatik, protokolo nahiko zorrotzak izan ditugu, baina, hori kenduta, dena bikain joan da». Bi probatan aritu zen: jaitsieran eta super erraldoian; eta, oro har, oso gustura etxeratu da.

Jaitsieran, 17. postuan postuan amaitu zuen. Saio bikaina egin zuen, nahiz eta eskiatzaile askok nabarmendu zuten pisten egoera kaskarra, proba amaitzean. Etxezarretak, berriz, ez zien ezer berezirik ikusi. «Olinpiar Jokoetarako prestatutako pistak ziren, elur artifizialarekin sortutakoak. Baina niri pista onak iruditu zitzaizkidan. Lehiarako oso baldintza onak izan genituela iruditzen zait».

Aresoarrak ez zuen itxaropen handirik Pekinera begira. Hala ere, aurreikusita zeuzkan helburuak ondo baino hobeto bete ditu estreinakoan. «Ondo eskiatzea zen lehen helburua, eta, ondoren, zer postutan nengoen ikusi nahi nuen. Ez nekien nolako pista zen, baina, azkenean, oso maila ona eman dudala esan dezaket. Onenengandik ez naiz batere urruti ikusi». Inoizko emaitzarik onena lortu du, baina ez zen oso gustura gelditu egindako jaitsierarekin. «Pena txiki bat daukat, egia esan: lasterketa egunean, ez nuen asteko jaitsierarik onena egin. Hala ere, akatsik gabeko jaitsiera egin nuen, eta gustura amaitu nuen».

Jaitsieran bikain ibili eta gero, super erraldoian ez zuen bere egunik onena izan Etxezarretak. Denboraldian, ez da asko ibili super erraldoia modalitatean, baina, hala ere, arriskatu egin zuen. «Jaitsieran lortutako emaitza ona ikusita, arriskatzera joan nintzen. Ez neukan ezer galtzeko, eta indartsu abiatu nintzen, baina, azkenean, pistatik atera nintzen». Lortutako emaitzekin hauspotuta, 2026an Cortina d´Ampezzon (Italia) jokatuko diren Jokoak izango ditu hurrengo urteetan helburu nagusi. «Esperientzia handiagoa izango dut, eta gorago ibiltzearekin amesten dut».

Olinpiar Jokoak amaituta eta etxekoekin egun batzuk igaro eta gero, denboraldia amaitzeko gelditzen zaizkion probei begira jarrita dago jada. Oraindik ere proba batzuk jokatu beharko ditu 2022ko egutegia amaitu aurretik. Horietako bi martxoko lehen asteburuan jokatuko ditu, Munduko Koparen barruan: Kvitfjellen (Norvegia) eta, ondoren, Grandvaliran (Andorra). Han, Europako Kopako finalak jokatuko dira, martxoaren 14tik 20ra. Denboraldia amaitzeko, Espainiako txapelketetan lehiatuko da, apirilaren erdialdean denboraldiaamaitu aurretik.

MANEX SALSAMENDI Eskiatzailea
«Helburuak betetaitzuli naiz etxera»

Pekinen lehian ibili diren kirolari guztien artean gazteenetako bat izan da Manex Salsamendi (Rio Branco, Brasil, 2002). Estreinakoz aritu da lehian Brasilgo selekzioarekin iraupen eskian, eta hitz politak besterik ez ditu lehen esperientziaz galdetzerakoan. «Esperientzia izugarria izan da. Oso pozik nago han egoteko aukera izateagatik. Gainera, Txinan izan dira Jokoak, eta, alde horretatik ere bereziak izan dira». Jokoetara abiatu aurretik, adierazi zuen helburu nagusia zela esperientzia hartzea eta gozatzea, eta biak bete ditu. «Hala ere, kirol mailan, espektatiba batzuk bete gabe itzuli naiz etxera. Lasterketa batzuetan ez naiz ondo sentitu, baina hori ere aurreikusten nuen. Oinak lurrean ditut, eta badakit ez dudala onenekin lehian ibiltzeko mailarik».

Baina dena ez da kirola eta lehia izan Salsamendirentzat Txinako egonaldian. Eredutzat dauzkan kirolari asko eta asko izan ditu ondoan Jokoetan. «Handia izan da telebistan hainbestetan ikusten ditudan eta hainbeste miresten ditudan eskiatzaileak hain gertutik ikustea. Lehian bakarrik ez, askotan jangelan edo autobusean ondoan izan ditut, eta, alde horretatik, oso berezia izan da niretzat».

Txinara joateak ere ilusio berezia egiten ziola adierazi zuen hara joan aurretik, baina argi dauka ez dela «herrialderik egokiena» eskiatzen ibiltzeko, batez ere ez duelako elurrik egiten. «Elur artifizialarekin egin dute pista, eta elurra oso gogorra zegoen. Eskiatzeko baldintzak ez ziren onenak niretzat, eta, alde horretatik, ez dut asko gozatu».

Pekinen bizitako momentuak etorkizunean izango duten eragina ere azpimarratu nahi izan du Salsamendik. «Kirolari batzuekin egoteko aukera izan dut, eta hori da Joko batzuen alderik politenetakoa. Momentu bereziak bizi izan nituen». Baina horien artean bat nabarmendu du: «50 kilometroko lasterketa amaitzean,irabazlea, Aleksandre Bolxunov errusiarra, gerturatu eta eskua eman zidan. Ez dut berehalakoan ahaztuko izan zuen keinu hori». Salsamendik 58. postuan amaitu zuen azkenerako proba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.