Gehienek espero zuten albistea baieztatu zen atzo arratsaldea amaitzear zela: Martin Lasartek ez du klubean jarraituko. Uruguaitarrak beste urtebeterako zuen kontratua, baina eteteko zuen aukeraz baliatu da kluba. Ohar labur baten bidez, «azken bi denboraldiotan egindako lana eta erakutsitako profesionaltasuna» eskertu, eta «etorkizuna profesionalean eta pertsonalean zorterik onena» opa zion Realak. Ez dirudi agurrik egokiena helburu guztiak bete dituen eta jarrera ezin hobea erakutsi duen entrenatzailearentzat. Chris Coleman, Jose Ramon Eizmendi eta Juanma Lillok lortu ez zutena lortu zuen aurrena: taldea Lehen Mailara itzultzea. Eta baita bertan jarraitzea ere, dezente sufrituta bada ere.
Lasarteren etorkizunaren inguruko zurrumurruak aste dezente zeraman bolo-bolo. Zuzendaritzak publikoki ezer jakinarazi ez bazuen ere, begibistakoa zen konfiantza erabat galdua zuela harengan. Zenbaiten arabera, prest zeukaten erreleboa Realak Sportingen aurkako partida galdu izan balu, baina 2-1 irabazi zuen, eta karguan jarraitu zuen Lasartek. Meho Kodrok hartuko omen zuen lekukoa. Inoiz baino nekezagoa izan da mailari eustea denboraldi honetan, puntu kopuruari begiratuta, eta lortu egin du taldeak, baina Jokin Aperribai buru duen kontseiluarentzat ez da nahikoa izan, antza. Realean ohikoa izan da emaitza bolada txarrengatik entrenatzaileak kaleratzea baina oraingo egoerak ez du horrekin zerikusirik.
Kirol arduradunek lehenbailehen azaldu behar dute zerk bultzatu dituen erabakia hartzera eta zergatik ez dioten zikloa bukatzen utziko. Lasarte bera jakitun zen Realean ez zuela jarraituko. Getaferen aurkako partida bukatzean ez zuen aukera hori baztertu, eta herenegun, elkarrizketa batean, zera adierazi zuen: «Itsasontzia ez dut abandonatuko». Haatik, nahikoa zen lerro artean irakurtzea bere etsipena sumatzeko: «Argi dago uneren batean gauzak okertu egin zirela», esan zuen azken prentsaurrekoan. Ikusteko dago nork ordezkatuko duen, baina pentsatzekoa da klubak lotua duela: Marcelo Bielsaren izena ibili da denen ahotan, baina baita beste askorena ere: Karpin, Arkonada, Gracia, Emery —kontratua berritu du Valentziarekin—…
Ezezaguna zela iritsi zen Lasarte Realera. Peio Uralderen bitartez ezagutu zuen Lorenek, eta haren aldeko apustu arriskatua egin zuen Kirol zuzendariak. Arriskatua, Uruguayn izen handia eduki arren, batere eskarmenturik ez zuelako entrenatzaile gisa Europako futbolean, eta Bigarren Maila ondo ezagutzen zuen teknikaria eskatzen zutelako jarraitzaile eta kazetari askok. Kritika ugari izan ziren, eta hasiera zaila izan zuen uruguaitarrak, lehen jardunaldiak ez zirelako batere onak izan, baina pixkanaka bere asmoak bete zituen: nortasuna eta motibazioa kutsatu zizkien jokalariei, sendotasuna eman zion taldeari, eta Anoeta gotorleku bihurtzen lagundu zion Realari. Osagai horiekin, igoera lortu zuen, Celtari 2-1 irabazi ondoren. Mundu guztia poltsikoratu zuen Lasartek.Zer esanik ez, taldea Lehen Mailan ere maila bikaina ematen hasi zenean. Guztiak zetozen bat uruguaitarraren dohainak definitzerakoan: motibatzaile aparta zen, eta ez zuen txorakeriarik edo esperimentu arrarorik egiten. Emaitzak okertu ahala, ordea, haren gabeziei erreparatzen hasi zen ingurua, taktikaren esparruan batik-bat. Defentsan zein geldikako jokaldietan sekulako arazoak izan ditu Realak, etxetik kanpo bereziki. Saiatu da Lasarte konpontzen, eskema zein jokalari aldaketekin, baina ohiko gidoitik atera den gehienetan kale egin du nabarmen. Jokalariak aldatzerakoan ere ez du beti asmatu eta egurra jaso du sarritan. Denborak esango du klubak apustu zuzena egin duen hala ez. Batzuetan, norberak ez daukana bilatzeagatik, daukana galtzen du, eta hori ere ez da ona. Lillo edo Lotina taktikan detaile guztiak landu zaleak ziren, eta ez zituzten helburuak bete. Zuzendaritzak argitu beharko du bestelako arrazoirik dagoen atzean, duela gutxi arte beti azaldu baitu konfiantza itsua entrenatzailearengan. Ikusi behar ere jokalariek nola hartzen duten. Zaila da gogoeta egitea aldagela barruko egunerokoa jakin gabe. Argi dagoena zera da: oroitzapen bikaina utziko duela Lasartek, ez bakarrik kirol arloan, kazetari, zale, jokalari eta aurkariekiko erakutsitako errespetuagatik, apaltasunagatik, eta jarrera zintzoagatik. Ez zuen horrela joatea merezi.
Ez diote zikloa ixten utzi
Realak ohar labur baten bidez jakinarazi zuen atzo Martin Lasartek ez duela klubean jarraituko, kontratua eduki arrenHelburuak bete arren, begibistakoa zen zuzendaritzak galdua zuela konfiantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu