Atzerako kontaketak dio bi egun baino ez direla falta Aimar Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1979) azkenekoz zuriz jantz dadin. Aspalditik pentsatua zuen bezala esango du agur, etxekoen babesean. Eguna iristeko irrikan dago.
Etzi jokatuko duzu azken partida, etxean. Nola zaude?
Ondo, baina pixka bat luze egiten ari zait. Hasieran, agurreko lau partida jokatuko genituela esan genuen, baina, azkenean, hamar izango dira. Bestelakoan, oso gustura nago; dena oso polita izaten ari da, baita neurketak ere.
Imajinatzen zenuen halakorik?
Ez. Batetik, ez nuen espero horrenbeste partida jokatzea. Bestetik, ez nuen espero jendeak horrela erantzungo zuenik: jende asko joan da frontoietara. Horrez gain, makina bat mezu eta dei jaso ditut, denak oso politak. Ez nuen espero jendearengandik horrenbeste maitasun jasotzea. Ilusio handia egin dit: oso eskertuta nago; oso zoriontsua naiz.
Azkenaldian, sarritan esan duzu garaipen zerrenda garrantzitsua dela, baina gauza asko daudela haren parean: jendearen estimua izatea eta haien maitasuna jasotzea dira horietako bi?
Zalantzarik gabe. Txapelak irabaztea baino ia garrantzitsuagoak dira. Lehia bete-betean zaudenean, ez zara konturatzen zenbat jendek ikusten dituen zure partidak eta zenbat jendek jarraitzen dizun. Azken asteek balio izan didate horretaz konturatzeko, eta oso sentsazio polita da. Gainera, ez da garairik onena frontoira joateko: pandemia batean gaude, eta zalantza eta beldur asko daude. Baina jendeak sekulako erantzuna izan du. Esandakoa: luzea izaten ari da, baina oso polita aldi berean. Ea ondo amaitzen den.
Aurreskuak, rantxerak... denetarik izan duzu.
Bai, eta izugarri eskertu ditut guztiak. Toki bakoitzean zerbait ezberdina egin nahi izan didate, eta detaile oso politak izan dira denak.
Herriko agurra falta zaizu oraindik...
Bai, eta, ziur naiz ni naizela ezer ez dakien bakarra. Ni frontoira joango naiz, nire azken partida jokatzera, eta ea zer duten prestatua. Auskalo. Gainera, jaialdiko azken partida izango da nirea, eta, beraz, bukaeran egingo dute egin beharreko guztia. Badakit gauzak ezkutatzen ari zaizkidala. Ez dakit ezer, eta, egia esan, nahiago dut horretan ez pentsatu.
Prest zaude egun horretarako?
Bai, eta badut gogoa eguna iristeko. Seguru nago polita izango dela. Nik ilusioa nuen herrian janzteko azken aldiz zuriz, eta hala izango da. Gustura nago, eta eguna iristeko irrikan.
Agurreko prentsaurrekoan esan zenuen azken partidetan lehiakor izan nahi zenuela, eta halaxe ari zara: neurketa gehienak irabazi dituzu. Pasatu zaizu burutik jarrai zenezakeela jokatzen?
Jende askok egin dit galdera bera: zergatik ez dudan beste urtebetez edo bi urtez jokatzen. Eta denei erantzun diet ezetz, nik oso argi nuela Goizuetan jokatu nahi nuela azken partida. Beste helburua zen maila ona emanez agur esatea, eta argi geratu da asmatu dudala uzteko garaia aukeratzeko orduan. Masterreko finalerako sailkatu nintzenean hartu nuen erabakia, eta, orduan, joko onarekin nengoen, aurretik izandakoa baino hobearekin. Ez dut zalantzarik: asmatu egin dut orain utzita. Inoiz ez zait burutik pasatu geroago egin behar nuela.
Argi izanagatik ere, zaila izan zen erabakia hartzea?
Ez. Lehenago edo beranduago uztea pentsatzen ari nintzen. Zailena data aproposa topatzea da. Inoiz ez dakizu aukeratu duzun eguna ona izango den edo ez. Zorionez, horretan ere asmatu dut.
Pentsatzekoa da etxekoei esan zeniela lehenbizi utzi egingo zenuela. Nola hartu zuten?
Gutxi gorabehera, haiek bazekiten berandu baino lehen uzteko garaia iritsiko zela. 42 urte egingo ditut [etzi], eta urte pila bat daramatzat pilotan. Nik hartu beharreko erabakia zen, eta, gustura nago erabakitakoarekin.
Eta, larunbatetik aurrera, zer?
Lehenbizi, aste pare batez atseden hartu nahi dut. Lasai egon nahi dut, eta neure kasa ibili.
Hurrengo egunak kezkatzen al zaitu?
Ez. Ez diot inolako beldurrik hurrengo egunari. Urte mordoa daramatzat honetan, pilotak pila bat bat eman dit, eta nik ere dudan guztia eman diot. Aseta nago.
[YouTube]https://youtu.be/MVxYjOCVS5M[/YouTube]
Beti esan duzu pilotari lotuta jarraitu nahi duzula, eta Baiko zure bigarren etxea dela. Denbora daramazu gazteei eta beste pilotariei gomendioak ematen ere. Berehalakoa da galdera: Baikoko teknikari gisa ikusten duzu zeure burua aurrerantzean?
Lehenbizi, azken partida jokatu nahi dut, eta, gero, bi astez atseden hartu, eta deskonektatu. Gero hitz egingo dut enpresarekin. Beti esan dut ilusioa egingo zidala pilotari lotuta segitzeak; izugarri gustatzen zait mundu hau. Eta non hobeto Baikon baino?
Elkarrizketan, behin baino gehiagotan esan duzu atseden hartu nahi duzula. Ez da harritzekoa: 23 urte baino gehiago egin dituzu profesionaletan. Inoiz imajinatuko zenuen halako ibilbidea egingo zenuenik?
Inondik inora ere ez; oso zaila baita. Lehenbizi, berezkoa izan behar da; gero, gogor lan egin behar da, eta, azkenik, zortea izan behar da. Nik hirurak izan ditut. Hala ere, inoiz ez nuen pentsatuko halako ibilbidea egingo nuenik. Aurreneko ametsa profesionaletan debuta egitea zen, eta bete nuen; behin debuta eginda, pilotari guztion ametsa da txapelen bat irabaztea, eta hori ere lortu nuen; azkenik, guztion nahia da denbora luzean goian egotea, eta hori ere lortu dut; 23 urte baino gehiago egin ditut profesionaletan. Oso pozik nago egin dudan bidearekin.
Pribilegiatutzat daukazu zeure burua?
Erabat. Gehien gustatzen zaidanaz bizitzea lortu dut, eta hori ez dago jende askoren esku. Izugarri maite dut pilota, txiki-txikitatik jokatu dut, eta oso zortekoa naiz horrenbeste urtean honetaz bizitzeko aukera eduki baitut.
27 final jokatu dituzu, eta hamabost txapel irabazi. Eginikoa hor dago, nahiz eta zuk esan beste gauza asko daudela garaipen zerrendaz gain.
Nik ez diot inoiz askorik erreparatu garaipen zerrendari. Hortxe dago, eta, hemendik urte batzuetara, agian, garrantzi handiagoa emango diot. Baina berriz ere diot: badaude garaipen zerrenda bezain garrantzitsuak diren beste gauza batzuk.
Hiru lesio larri izan dituzu, baina beti itzuli zara.
Zortea izan dut: Iñigo Simon, Mikel Sanchez, Itsaso Sanchez eta Bixente Artola izan ditut laguntzaile. Hala ere, zortekotzat daukat neure burua, hiru lesio larri izatea ez baita asko, kontuan hartuta 23 urte baino gehiagoko ibilbidea egin dudala.
Zortea izan duzula diozu, baina zuk ere jarriko zenuen zure alea hala izan zedin, ezta?
Bai, noski. Nik garrantzi handia eman diot eguneroko lanari. Pilotari baten egitekoa ez da goizetan ordu eta erdi edo bi ordu entrenatzea bakarrik. Beste lan batzuei garrantzi handia eman diet, eta, nire ustez, horrek mesede egin dit.
«Urte osoko pilotaria»; halaxe definitu izan duzu zeure burua.
Beste pilotari batzuek txapelketa bat edo bi prestatu behar dituzte; nik, ordea, hirurak prestatu behar izan ditut bete-betean, hiruretan egon behar bainuen goian. Udan ere makina bat norgehiagoka jokatu izan ditut, eta guztietan eman beharra nuen nire onena. Urte guztian punta-puntan egoteko prestatu naiz beti, eta zorionez, ondo joan zait. Pozik nago egin dudanarekin.
Oso diziplinatua izan zara?
Bai, oso, eta mania asko izan ditut, eta ditut oraindik ere. Nik garrantzi handia eman diot beti entrenamenduetatik eta partidetatik kanpo egin beharreko lanari. Horrek, noski, ondorioak ditu: asteburuetan pilota bakarrik izatea buruan, eta gauza askori uko egin behar izatea.
Gogorra da goi mailako kirolari batekin bizitzea?
Etxekoei galdetu beharko zenieke, baina, bai: gogorra da. 23 urtean erraz kontatuko nuke hatzekin zenbat asteburutan ez dudan izan partidarik. Eta partida izateak ekartzen du aurretik beste gauza batzuk egin behar izatea. Horren ondorioz, ezin duzu egon familiarekin nahi bezainbeste, eta zure erritmoan ibiltzera behartzen dituzu. Gainera, lau haur ditut. Baina orain izango dut denbora gehiago etxekoekin egoteko.
Zuk esana da aita izateak mesede egin dizula presioa eramateko orduan?
Aita izatea gauzarik politenetako bat da, eta, bai, agian, beste ikuspuntu bat hartzen da: dena ez dela pilota, eta beste gauza asko daudela. Niri mesede egin zidan.
Olaizola ez omen da urduri jartzen.
Gauza bat da urduri egotea, eta beste gauza bat urduri zaudela erakustea. Askotan jokatu izan dut lo gutxi eginda, baita finaletan ere, presioagatik, baina, gero, lortzen nuen nire onena ematea. Noski egon naizela urduri, eta askotan.
Finalak aipatuta, Juan Martinez de Irujoren kontrakoak nabarmentzen dira. Historikoak izan ziren.
Bai, eta, horregatik, aurkari batengatik galdetuz gero, Irujo esango nuke beti. Makina bat partida garrantzitsu jokatu dut haren aurka. Gainera, gure artekoak zerbait ezberdina sortzen zuen pilotazaleen artean: aimarzaleari ez zitzaion gustatzen Irujo, eta alderantziz.
Hori ona zen pilotarako?
Dudarik gabe. Oso ona izan zen pilotarentzat, guretzat eta enpresarentzat. Kantxan lehia hori genuen, baina kantxatik kanpo ez genuen ezer elkarren aurka, eta harreman ona genuen. Jendeak ez du sinisten, baina egia da. Lehia horrek biei mesede egin zigun; hobeak egin gintuen. Nik, adibidez, jokamoldea aldatu nuen, eta emaitza hobeak lortu nituen.
Damutzen zara zure jokatzeko era lehenago ez aldatu izanaz?
Bai, batez ere buruz burukoan. Lehenago aldatu izan banu, agian, beste txapelaren bat izango nuen. Hala ere, gauza bat da aldatu nahi izatea, eta beste bat aldatu ahal izatea. Zorionez, nik aldatu nuen, eta emaitza hobeak lortu nituen.
2005ean irabazi zenion buruz buruko finala izan zen mugarria?
Bai. Oso berezia zen: lehena nuen buruz buru; ez nuen uste inoiz buruz buruko txapel bat irabaziko nuenik; finalean, tarte handiarekin hasi nintzen galtzen [8-16], eta, gero, buelta eman nion [22-18].
Igandean jokatuko dute Jokin Altunak eta Unai Lasok lau eta erdiko finala. Zer itxura hartzen diozu?
Bi pilotari gazte eta ikaragarri dira. Edozeinek irabaz dezake. Ziur sasoi eta joko onarekin iritsiko direla; horregatik daude finalean. Garrantzitsuena da egun eta une jakin horretan zein dagoen ondo. Bezperako edozer detailek zeresan handia izan ohi du.
Laso enpresakidea duzu. Hark irabaztea nahi duzu?
Jokinekin oso tratu ona dut, baina normala da enpresakoak irabaz dezan nahi izatea. Gainera, Unai eta biok askotan entrenatzen gara elkarrekin. Berriro hasi da, eta denbora darama goian. Pilotarentzako ona litzateke hark irabaztea.
Baikoko pilotari gehienek egindako grebari esker itzuli da Laso. Zuk ez zenuen bat egin grebarekin. Burua lasai duzu?
Oso. Nik pena hartu nuen enpresakide batzuk jokatu gabe egon zirelako, baina hasieratik oso argia izan nintzen alde guztiekin, eta ez nuen inoiz iritzia aldatu. Nik haien iritzia errespetatu nuen, eta haiek nirea. Lasai nago. Ez da arazorik egon gure artean.
Finalera joateko edo telebistaz ikusteko asmoa duzu?
Ez dakit. Ea nola doan bezpera.
Eta zure azken partida ikusiko duzu? Ala zure partidak ez ikusteko ohiturari eutsiko diozu?
Aspaldi ez ditudala ikusten nire partidak edo niri buruzko kontuak telebistan, eta beste horrenbeste egiten dut prentsako berriekin. Nahiago dut neure kasa ibili, eta nitaz diotenari kasurik ez egin.