Niko Mindegia. Pick Szegedeko jokalaria

«Ez diogu geure buruari mugarik jarri nahi»

Hiru euskal jokalari ariko dira gaurtik Polonian, Europako Txapelketan: Julen Aginagalde, Eduardo Gurbindo eta Niko Mindegia. Azken hori estreinakoz ariko da.

«Ez diogu geure buruari mugarik jarri nahi».
Julen Etxeberria.
2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Azken unera arte tentsioan egon da Niko Mindegia (Doneztebe, Nafarroa, 1988). Behin baino gehiagotan egon izan da Espainiako selekzioaren lehen deialdian txapelketa handi batean aritzeko, eta gero, azken unean tokirik gabe geratu da. Oraingoan ez. Horrexegatik dago «ilusio handiarekin».

Oraingoan bai, oraingoan egin dizu Espainiako hautatzaileak toki bat azken deialdian.

Hala da, baina azken unera arte egon naiz urduri. Bizpahiru alditan gertatu izan zait lehen deialdian egon, eta azkenean, etxean geratu behar izatea. Eta ez da egoera samurra. Oraingoan, ordea, hautatzaileak aintzat hartu nau. Arrunt pozik nago. Ederra da selekzioen arteko txapelketa handi bat jokatu ahal izatea.

Alemania, Suedia eta Eslovenia; horra zuen multzokideak.

Multzo zaila da, txapelketako parekatuena ziurrenik.

Lautik hiru sailkatuko dira. Aukera handia da hori.

Bai, baina ez da lan samurra izango, bizpahiru selekzio kenduta, antzeko maila dugu guztiok. Gainera, partida guztiak oso garrantzitsuak izango dira. Halako lehiaketa sistemarekin, postuak zerikusi gutxi du lehen ligaxka honetan; lortutako puntuak dira benetan balio dutenak: zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Eta guk hori lortu nahi dugu, ahal dugun puntu gehien eskuratu.

Frantzia koska bat dago guztien gainetik?

Bai. Selekzio bikaina da, azken urteetan lortu dituen emaitzei erreparatzea besterik ez dago. Egungo Europako, munduko eta olinpiar txapelduna da. Danimarka eta Kroazia daude hura baino koska bat beherago. Espainia dator gero, eta, harekin batera, hamaika selekzio. Parekotasun handia dago, eta urtero egon ohi da ezustekoren bat.

Zein helburu duzue?

Ez diogu geure buruari mugarik jarri nahi. Azken txapelketetan dominen lehian egon gara sartuta, eta oraingoan ere hor egon nahi dugu.

Horretarako prest zaudete?

Bai. Konfiantza handia dugu geure buruarengan. Prestaketa oso ona egin dugu. Lagunartekoetan emaitza oso onak lortu ditugu, eta jokoa ere oso serioa izan da. Pozik gaude egin dugun lanarekin.

Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako txartel bat dago ere jokoan. Horri begiratzen diozue?

Gezurra esango nuke ezetz esango banu. Kirolari batentzat ez dago Olinpiar Joko batzuetan aritzea baino gauza hoberik.

Nolako selekzioa da Espainiakoa?

Baliabide askotarikoa. Denetarik dugu: jaurtitzaile petoak, aurkariei izkin egin zaleak, defentsako espezialistak... Hori da gure benetako indargunea.

Eta horretan guztian zein betebehar duzu zuk? Hautatzaileak ezer zehatzik eskatu dizu?

Ez dut harekin bakarrik solastatu. Hala ere, oso ondo dakit zein den nire egitekoa: erasoko jokoa antolatzea. Hori da nire lana.

Gustura ari zara?

Bai, hagitz gustura, eta oso suelto.Denbora daramat min hartu gabe, eta hori igarri egiten da, noski; bizi-bizi nabil.

2015aren hasieran lesio larria izan zenuen. Osatu zara?

Bete-betean ez, baina gutxi falta zait. Gero eta hobeto ari naiz.

Hirugarren sasoia duzu jada Hungarian, Pick Szegeden. Erabat egokituta egongo zara, ezta?

Bai. Halere, berehala egokitu nintzen. Azkar ikasi nuen hungariera, eta egun, gai naiz bizitza arrunta egiteko.

Tituluren bat irabaztea, horixe da falta zaizun bakarra?

Hala da, baina Hungarian oso zaila da. Veszprem nagusi da hemen, harentzat dira titulu guztiak. Baina itxaropentsu nago denboraldi honi begira. Aldea gero eta txikiagoa da. Txapeldunen Ligan, berriz, ondo ari gara ere. Aurreko sasoian final-laurdenetara iritsi ginen. Ea aurten gutxienez antzeko bidea egin dezakegun.

Denboraldi honen amaieran bukatzen zaizu kontratua. Berritzeko asmorik duzu?

Oraindik ez gara horren inguruan solastatu kluba eta biok.

Hungarian jarraitzea da asmoa?

Prest nago jaso ditzakedan eskaintza guztiak aintzat hartzeko.

«Onartuta daukat etxetik urrun egin beharko dudala nire kirol ibilbidea»; horixe aitortu zenion BERRIAri elkarrizketa batean iaz. Horri eusten diozu?

Bai. Gaur-gaurkoz, zaila da Asobal ligara itzultzea. Ziurgabetasun asko dago, eta aldaketarik egon ezean, ez dut epe labur batean neure burua bertan ikusten. Bizpahiru urte barru agian bai, baina orain ez.

Aldaketa hitza aipatu duzu. Nafarra izanik, zer iruditzen zaizu bertan gertatu den aldaketa politikoa? Iritzirik baduzu gaiaz?

Jakina. Niretzat, beharrezkoa zen aldaketa bat Nafarroan. Denok eskertuko dugu, batez ere euskaldunok, euskara bazter batean egon baita urte aunitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.