Ez dio beldurrik arriskuari

Bihar hasiko da Mendi Lasterketen Europako Txapelketa. Han izango da Joseba Iraola pilotua, Euskal Selekzioa taldearekin. Onenen artean egotea du helburu nagusi.

Joseba Iraola pilotua, autoa aurkeztu zuten egunean. EUSKAL KIROL FEDERAZIOEN BATASUNA.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Andres Vilariño, Pantxo Egozkue, Aitor Zabaleta... Mendiko automobilismoak garai loriatsuak izan zituen aurreko mendeko azken bi hamarkadetan Euskal Herrian. Hiru pilotuak puntan zebiltzan Europan, eta Euskal Herrian hainbat eta hainbat proba jokatzen ziren. Zaleek bete egiten zituzten mendi bazterrak haiek ikusteko. Ander Vilariñok segitu zuen haien arrastoa, eta, orain, Joseba Iraolak. Galdakaoko pilotuak Mendi Lasterketen Europako Txapelketa korrituko du, Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin abian jarri duen Euskal Selekzioa taldearekin. Asteburu honetan izango du lehen lasterketa, Frantzian: Saint Jean du Gard-Col Saint Pierre. Eta itxaropentsu dago.

Urte asko zeramatzan halako egitasmo baten bila. «2018tik buru-belarri jarri nintzen. Angel Gurrutxagak, Euskal Federazioen Batasuneko presidenteak, hasieratik izan zuen interesa. Bazekien nola lan egiten nuen, eta asko lagundu dit hau lortzen. Asko eskertzen diot. Espero dut hau hasiera izatea etorkizunean hemengo pilotuz osatutako talde indartsu bat izateko».

Ibilbide oparoa du Iraolak.Ehundik gora lasterketa irabazi ditu: besteak beste, bost aldiz gailendu da Jaizkibelgo igoeran. Eta bosgarren izan zen Portugalen jokatutako Munduko Txapelketan. Sasoiko iritsi da, gainera, txapelketara, duela gutxi Aiako igoera irabazi baitzuen, orain arteko markarik onena lortuta.

Europako Txapelketa bederatzi lasterketaz osatuta dago. Frantzian, Suitzan, Txekiar Errepublikan, eta Italian lehiatuko da. «Gogotsu eta itxaropentsu» helduko dio txapelketari. «Helburua da lehen lasterketatik puntuak biltzen hastea». Oinak lurrean ditu, hala ere. «Jakitun gara zaila izango dela nabarmentzea. Pentsa, lehen lasterketa honetan 215 bat auto daude izena emanda, eta horietako asko baliabide handiekin».

Munduko Txapelketako denborei erreparatu die helburuez hitz egiteko orduan. «Han onenak zeuden, eta hiruzpalau segundora geratu nintzen. Hori asko da automobilismoan. Beraz, argi dago zaila dela lasterketa bat irabaztea. Baina posible ikusten dut podiuma zapaltzea».

Lehen lasterketa honetako zirkuitua ezagutzen zuen. Izan ere, han lehiatzekoa zen 2018an. «Baina azkenean ezin izan nintzen lehiatu, ia irteera arrastoan nengoela autoak matxura bat izan baitzuen». Ibilbidea «gogorra» dela nabarmendu du. «Batez ere gorabehera asko dituelako, eta dena bihurguneak direlako. Gainera, euri asko egin du azken egunetan».

Asteazkenetik han da. «Ibilbidea ikuskatzen ibili naiz. Nahiko zorrotza naiz arlo horretan. Txirrindularitza mundutik nator,eta asko entrenatzen naiz. Halako zirkuitu batean gora eta behera ordu eta erdi daramazunean, sabela nahasten hasten zaizu. Beste pilotuek ez dakit, baina nik asko sufritzen dut horrekin». Horrenbestez, lasterketa aurreko egunak antzekoak dira: «Normalean, pare bat ordu entrenatu eta ohera sartzen naiz, tripak nahastuta amaitzen baitut, esan bezala. Ondoren zerbait arina jan, eta berriz entrenatzen naiz. Itzultzean, berriro ere lo egiten dut. Askok esaten didate gehiegi entrenatzen dudala».

Baina argi du: «Hau ogibide bat da niretzat, eta bizi egiten dut». Orduak egiten ditu bizikletan, eta kartean ibiltzen da astean behin. «Bizikleta oso gustuko dut. Pisuari eusten laguntzen dit (64-65 kilo), eta lasterketak ahazten». Bada, egoera fisikoak nolako eragina du lasterketan? «Teoriak dio fisikoki zenbat eta hobeto egon, eta pultsazioak zenbat eta baxuago eduki, orduan eta arreta handiagoa duzula errepidean». Erreflexuak lantzeko, enduroko motoarekin entrenatzen da. «Gustuko dut».

Autoarekin gustura

Pilotuak beti daude arriskuaren alanbrean. «Baina nik uste dut txapelketa honetan parte hartzen dugunon artean pilotu bakar batek ere ez diola erreparatzen horri. Pilotu izatea eta beldurra izatea bateraezinak dira». Bakarrik doa autoan. «Horrek lasaitasuna ematen dit. Iaz, adibidez, hainbat rallytan aritu nintzen emaztearekin, eta hor bai ez nuela ondo pasatu. Normala da etxekoek gaizki pasatzea ere. Orduko 270 kilometroko abiaduran noa, mendi errepide batzuetatik».

Pilotuak baino gehiago, ibilgailuak du batez ere eragina gaur egungo automobilismoan. Lehian erabiliko duen autoarekin urtebete darama lanean. «Ondo» ikusten du. «Harekin lehiatu naizen lasterketa guztiak irabazi ditut, Munduko Txapelketakoa izan ezik. Pixkanaka, asko hobetzen ari gara, eta nire gidatzeko erara egokitzen. Ostiralean bertan [gaur] hitzordua dut ingeniari batekin eta mekanikariarekin, gauza batzuk hobetzeko». «Eramaten zaila» dela nabarmendu du. «Potentzia oso bizkor eta bat-batean ematen du, eta oso erraz gurutzatzen da. Ez da erraza kontrolatzen. Auto urduri eta bizkorra dela esan ohi dut nik, pilotu ausart eta gazteentzat dela, etengabe lehian doazenentzat». Argi du. «Ditugun baliabideekin, eduki dezakegun autorik onena da. Ezin dezakegu hainbat taldek dituzten aurrekontuekin». Adibide argigarria jarri du. «Nire autoaren motorrak 55.000-60.000 euro balio ditu, eta nire hainbat aurkarirenek, hori halako hiru». Hobetzeko aukera gutxi ikusten dizkio. «Egia esan, tarte eta baliabide gutxi dugu horretarako. Baina ez diot horri erreparatu nahi. Ziur nago lehiakor izango garela, eta hori da helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.