Nekez topa daiteke bere kirol ibilbidean Ander Iturraspek (Abadiño, Bizkaia, 1989) baino gorabehera gehiago izan dituen jokalaririk. Onena eta txarrena eskaintzeko gai da. Hala uste dute, behintzat, hura gorengo mailan zuzendu duten entrenatzaileek. Athleticen daramatzan hamar denboraldietan, taldeko nagusia izateko dohainak erakutsi ditu bolada batzuetan, baina zelaian ia agertu ere ez da egin beste sasoi batzuetan. Etzi, Las Palmasen aurka, 300. partida jokatuko du Athleticekin.
San Mamesen ere ez dira ados jartzen harekin. Jarraitzaile askorentzat hamaikakoan lekua bermatua izan beharko lukeen euskarria da. Iturraspek Athleticen ez jokatzea luxu bat dela pentsatzen dute. Baina kontrakoa iritzi diotenak ere ez dira gutxi. Jokatzen hotza delako eta, batez ere, jarraitutasun faltagatik, taldean ez daukala lekurik esaten dute horiek. Eztabaida aspaldikoa da.
Iturrasperen talentua ez du inork zalantzan jarriko. Futbolean erraz jokatzen duen erdilaria da. Teknika ona dauka, eta baloia duenean argitasuna ematen dio Athleticen jokoari. Aurkariaren armiarma sarean lehen zuloa aurkitzeko aproposa da. Sortzeko gaitasuna dauka. Hortaz, esan ohi da Iturraspe ondo ari denean Athletic ere ondo ari dela.
Baina Iturraspek baldintza egokiak behar ditu bere dohainen berri emateko. Konfiantza handia behar du. Garrantzitsu sentitu behar du jokorik onena azaleratzeko. Eroso ez badago, asko jaisten da haren maila. Bidean galtzen da. Gainera, gauzak ondo ateratzen ez zaizkionean, ez da taldeari beste arlo batzuetan laguntzeko gaitasuna duen futbolari bat. Ez da oldarkorra, ez du jokatzen grina handiz, eta ez da baloi bakoitza bere kirol ibilbideko azkena izango balitz bezala borrokatzen duten horietakoa ere. Gisa horretako futbolariak estimatuak izaten dira bai entrenatzaileen artean, baita talde zuri-gorriko zaleen artean ere. Mikel Rico izan daiteke adibiderik garbiena. Baina Iturraspe ez da horrelakoa.
Konfiantza sentitu behar du
Iturraspe ondo zaindu behar da martxan jarri eta taldearen motorra izan dadin. Jose Angel Ziganda Kuko-k ahalegin hori egiteko borondatea erakutsi du. Denboraldi-aurrean, prentsa aretoan, haren aldeko keinuak egin zituen: «Iturrasperekin ilusio handia daukat», esan zuen udako lagunarteko baten ondoren. Futbolari «berezia» dela ere adierazi zuen beste agerraldi batean.
Aukera izan duenean, haren aldeko apustua egin du. Sasoi hasieran arazo fisikoak izan zituen, eta Mikel Vesga, Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria izan zituen aurretik. Baina, aspaldian, Iturraspe da zelai erdiko nagusia. Ricok lan zikina egiten du, eta hari egokitzen zaio erasoko jokoa antolatzea. Oraingoz, bere kirol ibilbidearen antzekoa izan da sasoi honetan egin duen ekarpena: neurketa osoak egin ditu, baina izan dira gutxi agertu den partidak ere. Bartzelonaren kontrako partida eta, batez ere, Alavesen kontra jokatutakoak oso onak izan ziren. Laudorioak jaso zituen. Iturraspe onena bueltan zela zirudien. Gasteiztarren kontrako lehiaren ostean, Iturrasperi berari galdetu zioten horren inguruan: «Bueltan ni? Ez, ni ez naiz inoiz joan», erantzun zuen, ohiko patxadarekin. Beharbada, segida izateko aukerarik eman ez dioten etengabeko lesio txikiak eta entrenatzaileen babes falta egongo dira erantzun horren atzean.
Joaquin Caparrosek eman zion Espainiako Lehen Mailan debutatzeko aukera, 2008ko irailean. Baina Caparrosek ez zuen haren alde egin. Hala, bere balioa erakusteko aukeren faltan, Athletic utzi eta Sportingera joatear egon zen. Baina etxean geratu zen, eta Marcelo Bielsa fitxatu zuen klubak. Haren kirol ibilbidean mugarri izan zen, Iturrasperen onena atera baitzuen. Taldearen iparrorratz bihurtu zuen, eta Athleticek Europa ligako eta Espainiako Kopako finalak jokatu zituen denboraldian ikusgarria izan zen nola jokatu zuen Iturraspek. Ernesto Valverderen lehen urtean ere antzera ibili zen. Vicente del Bosquek 2014ko Brasilgo Munduko Koparako lehen zerrendan sartu zuen, baina gero ez zuen eraman.
Ordutik gaur arte, ordea, gain behera joan da haren kirol ibilbidea. Valverdek konfiantza galdu zuen haren jokoan, eta San Joseren sendotasunaren alde egin zuen. Nafarrak baliatu egin zuen aukera, eta Iturraspek oharkabean pasatu ditu azken hiru sasoiak. 29 urte betetzear da, eta baliteke futbolak eskain diezaiokeen azken trena izatea oraingoa. Ezin jakin aukera aprobetxatuko duen, Iturraspe ezberdina baita. Athleticeko gaztetxoetan ari zela, taldea utzi eta herriko taldean lagunekin jokatzea lehenetsi zuen. Urtebete baino ez zuen iraun beroaldiak.
Ez dauka erdibiderik
Ander Iturraspek denboraldi ikusgarriak izan ditu, eta denboraldi hitsak: mutur batetik bestera ibili da euskarri dotorea. Etzi, Las Palmasen kontra, 300. partida jokatuko du Athleticen elastikoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu