Ez daude oparitarako

Primoz Roglicek eta Jonas Vingegaardek eraso egin diote Sepp Kussi, eta hark ozta-ozta eutsi dio lidergoari. Esloveniarra nagusitu da Anglirun. Mikel Landa bosgarrena da nagusian

Ez daude oparitarako.
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Sepp Kussek (Jumbo Visma) 29 urte bete zituen atzo, eta gogotik egin behar izan zuen putz. Ez kandelak itzaltzeko, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaard taldekideei Angliruko malda tenteetan jarraitzeko baizik. Kussek darama soinean Vueltako liderraren elastikoa, baina Roglicek eta Vingegaardek ere jantzi nahi dute, eta atzo, beste behin ere, estu hartu zuten estatubatuarra. Hainbeste, ezen zortzi segundo eskasengatik eutsi baitzion hark sailkapeneko lehen postuari. Ustekabeko aliatua izan zuen Kussek: Mikel Landa (Bahrain). Arabarrak zeukan guztia eman zuen etapa irabazi nahian, eta garaipenak ihes egin zion arren, Jumbokoekin parez pare lehiatzen bakarra izan zen. Merezi izan zion ahaleginak, bosgarren postura igo baitzen sailkapen nagusian.

Ezohikoa eta harrigarria da bi txirrindulari lidergoan den taldekide bati eraso egiten ikustea. Txundigarria den bezala goi mailako lasterketa bat talde bereko hiru txirrindulariren artean jokatzea; are gehiago, lasterketa hori itzuli handi bat bada. Kuss, Vingegaard eta Roglic aurkari guztien gainetik dabiltza, eta Anglirun, Tourmaleten gertatu zen moduan, etapako lehen hiru postuak bereganatu zituzten. Atzo, Roglicentzat izan zen garaipena. Ez zen erabat gustura geratu, ezin izan zuelako Vingegaard atzean utzi. Kussek, ordea, hemeretzi segundo galdu zituen, laugarren izan zen Landak bezala. Liderrak zortzi segundora du orain Vingegaard, 1.08ra Roglic, 4.00ra Juan Ayuso (UAE), eta 4.16ra Landa.

Borroka horretatik kanpo dago Remco Evenepoel (Soudal), Aubisquen gora hondoratu zenez geroztik. Etapa garaipenak eta mendiko sailkapena ditu orain begiz joak, eta atzo ere ihesari eman zion etapa hasi orduko. Dagoeneko ez du Jumbo Visma taldea mehatxatzen, baina badaezpada ere, kate motzean lotu zuten flandriarra. Ekin eta ekin aritu zen hura, eta azkenean, Mattia Cattaneo taldekidearekin eta Lorenzo Germanirekin (Groupama) batera egin zuen alde.

Coladiella zen eguneko hiru mendateetan lehena, eta hara bidean, aurreko hirukoteak garondoan sentitu zuen multzo nagusiaren arnasa. Maldan gora hasita, ezinean gelditu zen Germani, eta erritmoa baretu egin zuten tropelekoek. Hori horrela, Evenepoel 2.40ko aldearekin iritsi zen tontorrera, Cattaneoren babespean. Atzetik Marc Soler (UAE) zuten jarraika, tropelean eraso egin ondoren. Kataluniarra minutu batera hurbildu zitzaion Soudal taldeko bikoteari, baina esfortzua alferrekoa suertatu zitzaion azkenerako.

Cattaneori egindako lan eskerga eskertu, eta suziria bezala abiatu zen Evenepoel Cordaleko lehen aldapetan. Helmuga 26 kilometrora zeukan, eta tropela, oraindik ere hiru minutu ingurura. Bahrainek, baina, lasterketa gogortzeari ekin zion mendate horretan. Flandriarrak, hasiera batean, sendo eutsi zion atzekoen oldarrari; ordea, tentu handiz ibili zen Cordaleko jaitsieran, eta 1.20ra hurbildu zitzaion tropela Angliru igotzen hasi baino lehen.

Lehia bizia lainopean

Helmugatik 5,6 kilometrora harrapatu zuten Evenepoel. Bahrain taldeak jarraitzen zuen tira egiten, eta Wout Poelsen erreleboak askoren ahulezia bistaratu zuen. Herbeheretarrak distira egin zuen berriro Anglirun. Ayuso, berriz, sufritzen hasi zen, eta ondoren, Enric Mas (Movistar) gelditu zen ezinean. Bederatzigarren eta hamargarren bukatu zuten hurrenez hurren, 1.40tik gora galduta.

Onenen arteko borroka azken hiru kilometroen barruan eta laino artean piztu zen. Erritmoz aldatu zuen Roglicek, eta Landak zuloa ixteko ahalegin antzua egin ondoren, esloveniarrarekin bat egin zuten Kussek eta Vingegaardek. Roglicek estutu egin zuen berriro, eta jarraitu egin zion Vingegaardek; ez, ordea, Kussek. Indartsuenak irabaz beza. Landak Kuss harrapatu zuen, eta aurretik zirenekin bat egiten saiatu zen. Ahalegin hori lidergoari eusteko baliatu zuen Kussek. Beste defentsa saio gogor bat izango du gaurko etapa menditsuan; La Cruz de Linareseko igoeran bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.