Frantziako Tourra. Mikel Nieve. Mitchelton-Scott taldeko txirrindularia

«Ez dakizu ziur osasuntsu zauden ala ez; beti duzu zalantza hori»

Nieve sentipen gazi-gozoak izaten ari da koronabirusak baldintzatutako Tourrean. Protokoloari ondo hartu dio neurria, eta, errepidean, Adam Yatesen maillot horia defenditzen jardun du; indarge sentitu da, ordea.

«Ez dakizu ziur osasuntsu zauden ala ez; beti duzu zalantza hori».
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Itzuli handietan, erabateko bermea eskaintzen du Mikel Nievek (Leitza, Nafarroa, 1984). Langile leiala da, eta, aukera duenean, ehiztari fina ere bai; horren adierazgarri dira Italiako Giroan irabazitako hiru etapak, eta 2010ean Espainiako Vueltan lorturikoa. Tourreko ale preziatua falta zaio, eta hori eskuratzen saiatuko da datozen bi asteetan. Horretarako, hori bai, lehen etapan hartutako kolpeetatik osatu beharko da lehendabizi. «Minez» izan da orain arte, eta ezin izan du nahi beste gozatu. Hori hala, ez du gorriz azpimarratutako etaparik bide orrian. «Pixkanaka, nire mailara hurbilduz joan nahiko nuke, aurrerago ahal den lekuan ahalegintzeko».

Zer moduz sentitu zara lasterketako lehen astean?

Ez oso ongi, egia esan. Eroriko bat izan nuen aurreneko egunean, eta, geroztik, bizkarreko minez ibili naiz. Nahi baino gehiago ari zait kostatzen sentsazioei buelta ematea. Eskertu dut atseden eguna; espero dut on egitea aurrera begira. Ea egun pare bat lasai hartu, eta etapa gogorrak iristen direnerako hobeto nagoen.

Ez zara lurrera joan ostean gozakaitz aritu den bakarra. Zergatik dute erorikoek hainbesteko eragina errendimenduan?

Kolpea dezentekoa denean, gorputzak nabaritu egiten du. Giharrak kontrakturatu egiten dira; minak sortzen dira han eta hemen, eta gorputzari kosta egiten zaio bere onera itzultzea. Erori eta hurrengo egunerako osatuta egon nahi izaten dugu, baina, batzuetan, hori ez da posible izaten, eta ezin duzu indar betean aritu.

Lehiara itzuli aurretik, PCR probak egin zizkizueten, atzo. Bi positibo aski dira talde oso bat lasterketatik kanpo gera dadin. Horrek kezkatu egiten zaituzte?

Kezka baino gehiago, ezjakintasuna sortzen digu. Ez dakizu ziur osasuntsu zauden ala ez, eta beti dabilkizu buruan zalantza hori. Etxera joan behar izatea baino okerragoa iruditzen zait positiboak izatea bera. Ondo dakigu zer egoeratan gauden, eta neurriak onartu egin behar ditugu. Ez dago besterik.

Zeresana eman du zenbait zalek Pirinioetan izandako jarrerak. Batzuk ondo-ondoan eta maskararik gabe izan zenituzten garrasika. Kutsatzeko arrisku handia ikusi duzu?

Arriskua beti egongo da, behar diren neurri guztiak hartu eta errespetatzen badira ere. Pirinioetan, jende asko elkartu da, eta gehienek maskara jantzia zuten. Egia da bazirela beste batzuk maskararik gabe, eta gertu oihuka. Ez dakit kutsatzeko zenbaterainoko arriskua dagoen halako egoeretan. Zalantza hori hor dago.

Antolatzaileek nahikoa neurri hartu dituztela uste duzu?

Bai, protokoloa zorrotza da, eta arriskuak ahalik eta gehien gutxitzea du helburu. Egunerokotasunean bezala, norberaren esku dago tentuz aritzea eta arauak betetzea.

Txirrindulariak burbuila moduko baten barruan ari zarete lehiatzen. Hoteletan, guztiz bakartuta zaudete, eta podiumeko zeremonia ere moldatu egin da, kontakturik egon ez dadin. Oso arraroa ari zaizu egiten?

Ez, gauzak normaltasunez ari naiz bizitzen, errutina nahiko antzekoa baita. Egia da ez dugula inolako harremanik kanpoko jendearekin; baina normalean ere, itzuli handietan, ez gara jende askorekin elkartzen, taldekideez aparte. Hoteleko gelan bakarrik gaude, eta hori desberdina da. Bestela, ordea, ez dut desberdintasun handirik ikusten. Ez naiz aspertzen ari egunero aurpegi berak ikusteaz; azkenean, denbora asko pasatu nuen taldekideekin elkartu gabe.

Zer laburpen egingo zenuke orain arte errepidean ikusi denaz?

Roglic eta Pogacar oso indartsu daudela ikusi da azken egunetan. Ematen du haiek direla lasterketa irabazteko faboritoak. Oso maila altua erakutsi dute Pirinioetan. Edonola ere, parekotasun handia dago lehen hamarren artean. Antzeko mailan dabiltza denak, eta aldeak ez dira batere handiak. Dena oso irekita dago oraindik.

Ez dago nagusi den talderik, aurreko aldietan ez bezala. Jumbo Visma izan da nagusi orain arte, baina ez du garai bateko Skyren ahalmenik. Gusturago zabiltzate horrela?

Nik Jumbo oso indartsu ikusi dut; Skyren pare, edo gainetik ere bai, lasterketa kontrolatzeko unean, behintzat. Beharbada, nagusitasun horri etekina ateratzea falta izan zaie, oraindik ez dutelako lortu alde handirik. Ikusi beharko da zer gertatzen den datozen bi asteetan, baina, oraingoz, dena erabakitzeko dago.

Talde batzuek ez daukate babeslerik datorren urterako; ahalik eta gehien probestu behar dute Tourreko erakusleihoa. Zuek, ordea, badakizue datozen bi sasoietan ere Mitcheltonen sostengua izango duzuela. Ez duzue halako presiorik.

Ez, orain, taldearen etorkizuna ez dago airean, Mitcheltonek emana baitu pausoa. Hortaz, larritasunik gabe gabiltza, nahiz eta, talde guztiek bezala, ahalik eta emaitzarik onenak lortu nahi ditugun. Nik ziurtatuta daukat datorren urteko kontratua, baina aurten bukatuko banu ere, gauzak ez lirateke asko aldatuko. Azkenean, ongi ibiltzea da norbere esku dagoena, eta, ongi ibiliz gero, errazagoa izaten da dena. Kirolaren esparruan egin dezakedanari begiratzen saiatzen naiz beti, bestelako kontuetan arreta galdu gabe.

Galtza bete lan izan duzue azken etapetan, Adam Yates lidertzan izan baita lau egunez. Nolakoa da maillot horiaren defentsan aritzea?

Oso ardura polita da. Aurpegia ematea tokatzen da, baina zentzu onean, helburu eder bati begira. Modu asko dago hor aurrean azaltzeko, eta hau politenetako bat da.

Yatesek igandean erantzi zuen elastiko horia. Hortaz, aurrerantzean, askatasun gehiago izango duzu etapen bila aritzeko?

Etapen ehizan aritzea zen lehen helburua, maillot horia lortu genuen arte. Hemendik aurrera, ikusi beharko da. Indar kontua izango da askatasun kontua baino gehiago. Hankak ondo baditut, saiatuko naiz zerbait egiten; bestela, nahikoa lan izango dut hor eusten.

Baduzu begiz jotako etaparik, edo egun bakoitzean duzun gorputzaldiaren arabera mugituko zara?

Oraintxe bertan, nagoen bezala egonda, kolpeetatik ondo osatzeari ematen diot lehentasuna. Pixkanaka, nire mailara hurbilduz joan nahiko nuke, aurrerago ahal den lekuan ahalegintzeko.

Hemendik aurrera, zer bilakaera uste duzu izango duela lasterketak? Zer apustu egingo zenuke?

Esan bezala, Roglic eta Pogacar gainontzekoen gainetik ikusi ditut orain arte, baina aurtengoa denboraldi oso berezia da, eta normala litzateke gorabeherak izatea. Gainera, oraindik etapa gogorrenak falta dira. Ikusi beharko da igotzaile petoak nola moldatzen diren mendate luzeagoak eta gogorragoak etortzen direnean. Mikel [Landa] bera, adibidez, oso ondo molda daiteke Alpeetako etapetan. Orain arte, oso txukun aritu da, haize babesetan denbora galdu zuen etapan izan ezik. Onenekin izan zen igandean bertan ere, eta ziur gogoa izango duela beste pauso bat emateko. Ea lortzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.