2016ko irailean Jordi Ribera katalanak Espainiako selekzioaren ardura hartu zuenetik, Iosu Goñik (Barañain, Nafarroa, 1990) ez du hutsik egin txapelketa garrantzitsu bakar batean ere: munduko bi eta Europako beste bi jokatu ditu; baita azken biak irabazi ere. Horregatik, gaur Egipton hasiko den Munduko Txapelketan zer gerta ere, Espainiak ziurtatuta du Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzea. Eta han egon nahi du Goñik. Estreinakoa luke. «Sekulakoa litzateke, baina, horretarako, ahal dudan ondoen egin beharko dut selekzioarekin eta Chamberyrekin».
Munduko Txapelketa hasiko da gaur, Egipton. Koronabirusaren pandemia eragiten ari den guztia kontuan hartuta, berri ona da lehia ez etetea, ezta?
Bai, baina ikusteko dago ea nola doan dena. Gauzak egun batetik bestera aldatzen dira [Txekia atzo erretiratu zen, koronabirusean hamabost positibo baititu, eta Mazedoniak ordezkatu du].
Nola daramazue?
Denboraldia hasi zenetik, jakitun gara bat-batean egoera goitik behera alda daitekeela. Eta saiatzen ari gara horretara ahal dugun ondoen egokitzen: gure eskuetan dagoen guztia eginez, arduratsu jokatuz, eta sasoiari eusten ahaleginduz. Eten asko egon dira, eta jende askok geldirik egon behar izan du, batzuk behin baino gehiagotan. Ez dakit selekzio guztiok karta berberekin jokatuko dugun, baina halakoxea da egoera.
Zer baldintzatan egongo zarete Egipton?
Hasteko, iritsi bezain laster, PCR proba bat egingo digute. Eta gero, gure multzokideekin egongo gara hotel berean, burbuila batean. Hasieran, ikusleak izango ziren harmailan partidetan, baina azken momentuan atzera egin dute, eta ez da ikuslerik izango.
Hatzak gurutzatuta edukiko dituzu PCR probak negatibo eman dezan, ezta?
Bai, eta gero, agian, nire hitzak jan beharko ditut, baina ni, ustez, lasai nago, duela gutxi pasatu baitut koronabirusa. Zaila da berriz ere kutsatzea, defentsak baititut. Baina selekzioan badago pasatu ez duen jendea, eta erne egon beharko dugu. Faena handia litzateke iritsi orduko baten bat jokatu ezinik geratzea. Asko zaindu behar gara, eta zorrotz bete neurriak.
Nola kutsatu zinen, eta nola pasatu zenuen?
Nimesen aurka jokatu genuen, eta talde horretako zenbait jokalarik positibo eman zuten. Segidan, gure taldeko guztiok pasatu genuen. Ni izan nintzen sintomak izan zituen lehena: sukarra izan nuen egun batez, eta gero, dastamena eta usaimena galdu nituen bost bat egunez; horrek izorratu ninduen gehien. Baina ez nuen asko sufritu, eta ez nuen ondoriorik izan. Erabat osatuta nago.
Zer itxura hartzen diozu txapelketari?
Batetik, ikusteko dago ea selekzio bakoitzari nola eragin dion egoera honek guztiak. Ondoen egokitzen denak asko izango du irabazia. Baina hori alde batean utzita, Munduko Txapelketa bat da, eta azken urteetan gero eta parekotasun handiagoa dago. Edozeinek ahal diezazuke estu hartu.
Tunisia, Brasil eta Polonia dituzue multzokide. Aurkari zailak dira hirurak.
Bai, eta horrek are eta erakargarriagoa egiten du lehia.
Egoera honetan, inoiz baino gehiago joan behar duzue partidaz partida?
Hala da, baina guk denbora daramagu hala jokatuz: burua hurrengo partidan soilik izanda eta umiltasunez arituta. Horrela lortu ditugu emaitzak. Horrek ez du esan nahi anbizioa ez dugunik: handia dugu. Urrutira iritsi nahi dugu.
Zer gerta ere, Espainia sailkatuta dago Tokioko Olinpiar Jokoetarako. Horrek presioa kentzen dizue?
Hautatzaileari, agian, bai, baina jokalarioi ez, selekzioak baitu tokia ziurtatuta, ez jokalariok. Denok egon nahi dugu, eta, horretarako, ahal dugun lanik onena egiten saiatuko gara. Niretzat ametsa litzateke lehen aldiz Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Zaila da, hamalau jokalari joaten baitira, eta ni hamazazpigarren jokalaria bainaiz sarritan; sartu eta irten nabil. Bai selekzioan, bai taldean, ahalik eta lanik onena egiten saiatuko naiz, tokia izateko.
Taldea aipatu duzu. Aldatu egin duzu: PAUCetik Chamberyra joan zara. Zergatik?
Ni gustura nengoen PAUCn, eta kluba pozik zegoen nirekin, baina jokalari asko zituen nire postuan, eta ezin izan zidan eskaintzarik egin. Pena izan zen, baina halakoak gertatzen dira kirolean. Baina oso gustura nago Chamberyn, taldean eta hirian. Iruñearen traza hartzen diot, mendi artean baitago. Bi urterako sinatu dut.
Eta etxera itzuli, noiz?
Selekzioarekin aritzeko, goi mailako liga batean jokatu behar dut, eta Frantziakoak maila handia du. Egun, ez dut itzultzeko asmorik, baina gustatuko litzaidake etxean jokatzen amaitzea.
Iosu Goñi. Chambery taldeko jokalaria
«Ez dakit guztiok karta berberekin jokatuko dugun»
Gaur hasiko da Munduko Eskubaloi Txapelketa, Egipton. Bi euskal herritar ariko dira: Sergei Hernandez atezaina eta Iosu Goñi ezker albokoa. Urrutira iristeko, Goñik «funtsezkotzat» jo du osasun egoerara egokitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu