Vueltan irabaztea erronka handia da gonbidatutako taldeentzat, baina ez da ezinezkoa, Xabier Murielek (Zaldibia, Gipuzkoa 1981) ondo dakienez. Muriasekin bi garaipen lortu zituen bi urtetan, eta orain arrakasta horiei segida eman nahi die Caja Ruralen. Nafarroako taldeak zortzi urte daramatza Vuelta irabazi gabe, baina badu esperantza kirol zuzendari eta prestatzaileak: «Badakit posible dela, eta ideia horrekin hasiko dugu Vuelta».
Osasun egoerak baldintzatuta egongo da Vuelta, aurreko lasterketak bezala. Baduzue kezkarik segurtasunaren kontura?
Batek daki zer bilakaera izango duen egoerak. Behintzat protokolo zorrotza ari gara betetzen, Vuelta behar bezala lehiatu ahal izateko. Jakinda pandemiaren bigarren olatua urri partean iritsiko zela, beti izan dugu zalantza hori, Vuelta jokatuko zen ala ez. Baina hori ez zegoen gure esku; gure esku zegoena: ondo isolatzea, segurtasun protokoloa betetzea eta prestaketa ona egitea zen. Ez dakigu osorik jokatuko den, baina egin ditugu etxeko lanak.
Normalean baino lasterketa egun gutxiago pilatuta iritsiko zarete Irungo irteera marrara. Nolakoa izan da prestakuntza?
Arraroa. Dena da arraroa aurten. Abuztuan lehiatzen hasi ginenean, ez genekien jarraituko genuen ala ez. Zalantza ugari izan zen. Baina egia da irailera arte aukera izan dugula ondo lehiatzeko. Gero, atseden txiki bat hartu dugu, eta, ondoren, Vueltako taldeko %90 altueran egon dira entrenatzen. Ez daukagu aitzakiarik, beraz.
Lau garaipen eta postu on asko lortu duzue denboraldi honetan. Vueltan, ordea, baduzue halako madarikazio bat: zortzi urte daramazue irabazi gabe. Presiopean ariko zarete?
Helburua etapa bat irabaztea da, hori ez dago ezkutatzerik. Baina estatistikoki frogatuta dago oso zaila dela etapa garaipen bat lortzea. Muriasen bi etapa irabazi genituen bi urtetan, baina jakitun naiz hori zer zaila den, eta ez dut zamarik. Azkenean, faktore asko batu behar dira itzuli handi batean irabazteko. Baina, era berean, oso lan ona egin dugu, Muriasen egin genuen bezala, eta badakit gertu ibiliko garela.
Denboraldiko azken lasterketa izango da Vuelta. Garaipena ohi baino garestiago egongo da?
Vueltan beti dago garesti. Itzuli handietan ez dago besterik. Giroan ihesaldi asko ari da iristen helmugara, baina gonbidatutako taldeak garaipenik gabe daude oraindik. Hor ikusten da zeinen zaila den halako lasterketetan irabaztea. Aukerak izateko, gure bertsiorik onena eman behar dugu, eta den-dena alde eduki. Baina ni baikor nago; uste dut badugula gaitasuna.
Nolako zortzikoa aurkeztuko duzue?
Zortziko orekatua dela esango nuke. Egunero dugu lehian sartzeko norbait; esprintetarako Jon Aberasturi dugu, klasiko itxurako ibilbideetarako Gonzalo Serrano, ordekarako Hector Saez eta Aritz Bagues, eta etapa menditsuetarako Jonathan Lastra, Julen Amezketa, Jefferson Cepeda eta Jhojan Garcia. Oraindik fresko dagoen jendea eta hotzarekin ondo moldatzen dena aukeratu dugu. Zortziko lehiakorra dugu.
Lehen astean jokatuko dira Euskal Herriko etapak. Hortaz, zailagoa izango da etxeko etapetan distira egitea?
Bai, normalean oso zaila izaten da lehen astean ihesaldiek arrakasta izatea. Bigarren astetik aurrera handitu ohi dira irabazteko aukerak. Baina urte oso arraroa izaten ari denez, baliteke normaltasunetik kanpoko gauzak gertatzea, eta lehen astean ere ihesaldiak helmugara iristea. Hasieratik egon beharko dugu adi, badaezpada.
Nor jotzen duzu lasterketa irabazteko faboritotzat?
Indarrak eta egingo duen eguraldia kontuan izanda, uste dut Roglic eta Carapazen arteko borroka bat izango dela. Baina horren berandu izanda, ezustekoak izateko aukera asko dago. Ikusteko dago Roglic nola osatu den Tourrean egindako esfortzutik. Oraintxe, Vueltak mimatuen duena Carapaz da. Sasoi onean iritsiko da, eta gainera jakina da oso ondo moldatzen dela eguraldi txarrarekin.
Kirol zuzendari eta prestatzaile fisiko gisa aritu zinen Muriasen, baita orain Caja Ruralen ere. Ohikoa al da bi zereginak bateratzea?
Salbuespena naizela esango nuke. World Tourrean, behintzat, bi zereginak banatuta egoten dira. Caja Ruralek deitu zidanean, bi ardurak hartzeko eskatu nuen. Nire adarren kontrola gainetik eramaten dut. Adibidez, zuzendari bezala ez ditut hainbeste egun pasatzen kanpoan. Taldeko beste bi zuzendariek 120-130 egun pilatzen dituzte; nik, ordea, 70-80 inguru.
Badakizu zein den Vueltan irabazteko sekretua; itxaropena izan dezake Caja Ruralek.
Perspektibarekin ikusita, meritu izugarria du Muriasen egin genuenak. Talde apal bat genuen, auzolanaren bidez eraikia, eta begira zer lortu genuen. Izugarria da, eta, denborak aurrera egin ahala, geroz eta balio handiagoa dauka. Eta, noski, esperantza ematen dit aurrera begira: dagoeneko bi aldiz irabazi dudanez, badakit eta transmititzen dut posible dela. Ideia horrekin hasiko dugu Vuelta.
Espainiako Vuelta. Xabier Muriel. Caja Rural taldeko zuzendaria eta prestatzailea
«Ez dakigu Vuelta osorik jokatuko den, baina egin ditugu etxeko lanak»
Etapen peskizan ariko da Caja Rural, azken zortzi urteetako idortea eteteko asmoz. Garesti izango du garaipena etxeko etapetan, hasieran jokatuko baitira; haatik, Murielek uste du ezustekoak gerta daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu