Ez dago sekreturik

Waltary-Gixandutek eta Ospital-Ducassouk binakako trinket txapelketako aurreneko finalerdia jokatuko dute gaur, Angelun

Mathieu Ospital pilota astintzeko prest, Batita Ducasouren begiradapean, Baionako Moderne trinketan. I. MIQUELESTORENA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Binakako trinket txapelketa azken txanpan sartuta dago, eta bi finalerdiak gaur-biharretan jokatuko dira. Biek itxura ezberdina dute, batak oso orekatua dirudien artean besteak faborito garbia duelako. Lehenbizikoa gaur jokatuko da, Angelun (Lapurdi, 19:00), eta bertan Waltary Agustik eta Peio Gixandutek, Mathieu Ospital eta Batita Ducassourekin neurtuko dituzte indarrak. Bigarrena, bestalde, bihar izango da, Hazparnen (Lapurdi, 17:00): Peio Larraldek eta Bixintxo Bilbaok, Antton Monce eta Thierry Arizmendi izango dituzte aurkari. Finalerdi bakoitzeko irabazleek hilaren 28an jokatuko dute finala, Baionako Moderne trinketan.

Gaurko finalerdia da bietan orekatuena, eta era berean sekreturik gabea. Ospital-Ducassou eta Waltary-Gixandut bi bikote klasiko dira, eta azken urteetan makina bat aldiz neurtu dituzte indarrak hainbat txapelketa eta torneotan. Azkenekoa, urrunago joan gabe, lehen faseko ligaxkan. Ospital eta Ducassouk 40-38 irabazi zuten martxoaren 11n Donibane Garazin jokaturiko partidan. 20-12 galtzen hasi, eta buelta eman zioten partidari.

Hori euren arteko azken partida da, baina iragan udan, esaterako, Baionako Masterseko finalean ere neurtu zituzten indarrak, eta Ospital-Ducassouk 40-19 irabazi zuten. Duela bi urte ere finalerdietan egin zuten topo, eta, orduko hartan, Waltary-Gixandutek 40-36 irabazi zuten, Angelun ere bai. Mastersekoa kenduta, ia beti emaitza estuak egon dira bi bikoteen arteko partidetan, eta gaurkoa ere partida gogorra izango dela dirudi, bi bikoteak sasoi onean daudelako.

Ospital eta Ducasosuk buruz buruko finala jokatu zuten, eta,haren ondoren, binakakoa irabaziko zutela hitzeman zion Ducassouk lagunari. Bada binakakoaren ligaxkan lau partidatik hiru irabazi dituzte, eta sendo iritsi dira. Waltary-Gixandutek, berriz, bi baino ez, baina azkenekoan 40-8 gailendu zitzaizkien Monce eta Arizmendiri, eta fresko daude kolpez. Eskarmentua ere alde dute. Iaz, txapeldun izan ziren, eta, duela bi urte, txapeldunorde.

Ustekabea, zail

Gaurko finalerdia irekia bada, biharkoan Larraldek eta Bilbaok ez irabaztea ezusteko handia litzateke. Moncek eta Arizmendik badakite lan zailak dituztela, eta, horretarako, ligaxkako partidan baino hobeto aritu beharko dute, 40-19 galdu baitzuten gaurko aurkarien aurka. Partida bakarra irabazi zuten ligaxkan, eta, horren eraginez, Bigarren Mailako lehen sailkatuen aurkako kanporaketa jokatu behar izan dute. 40-24 irabazi zieten Alexis Intxauspe eta Antton Amuleti.

Larralde eta Bilbaoren ligaxka, bestalde, erabat ezberdina izan da. Txapelerako hautagai nagusiak dira —2017a txapeldun izan ziren elkarrekin jokatuz—, eta partidaz partida berretsi dute, baita Bilbaok bizkarreko minarengatik jokatzerik izan ez duen partidetan. Laurak alde handiz irabazi dituzte: 40-19, biharko aurkariei; 40-20, Ospital-Ducassouri; 40-25, Waltary-Gixanduti, eta 40-18, Etxegarai-Lanberti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.