Ez dago jokoz kanpo

Oscar de Marcos Athleticen lekua duela erakusten ari da. Orkatileko arazoak gaindituta, freskotasuna eman dio taldeari eskuinetik. Sasoi amaieran kontratua amaituko zaio.

De Marcos Elxeko jokalari bat gainditu nahian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Athleticek Camp Nou bisitatutako du gaur gauean (21:00, La Liga). Talde zuri-gorriak hirugarren aldiz jokatuko du Messi eta enparauen kontra azken hilabete eskasean. Marcelino Garciak zazpigarren neurketa izango du Athleticen aulkian.Bartzelonaren kontra zuzendu zuen lehen neurketa, Errege egunez. Athleticek bere aginduetara galdu duen lehia bakarra izan da. Ordutik ona taldeak izan duen bilakaera sinestea kosta egiten da. Jokatu duen dena irabazi du. Tartean Espainiako Superkopa poltsikoratu zuen, eta horretan zerikusia izan du taldearen lanak ez ezik, hainbat jokalariren banakako ekarpenak ere.

Izan ere, Marcelino da zuri-gorrien itxuraldaketan laudorio gehien jaso duena. Entrenatzailearekin batera, Muniainen, Raul Garciaren eta Williamsen ekarpena nabarmendu dute. Baina ez dira bakarrak izan. Izen gutxiago duten futbolariak ere bikain ari dira. Oskar de Marcos da haietako bat. Ez du izarrek izan duten ingurua izan, baina futbolari garrantzitsua izan da Athleticek azken hamarkadan eskuratu dituen lorpenetan. Eta asko izan dira.

De Marcosek talde guztietan ezinbestekoak diren futbolarien rola betetzen du. Talentu gehien dutenek distira egiteko bere esku dagoen guztia egiten duten jokalarien taldekoa da. Futbolari langilea, borrokalaria eta konpromiso handikoa. Taldearen mesedetan kilometro asko egindakoa da. Eta inoiz ez du trukean ezer eskatu.

Bere betebeharra ingurukoak nabarmentzea dela onartu, eta itzalean jardutea egokitu zaio bere kirol ibilbide osoan. Eta, hala ere, behin baino gehiagotan piztu du Athleticek baino kirol maila hobea eta gaitasun ekonomiko handiagoa duten taldeen interesa. Hala ere, ez du inoiz zalantza egin. Athleticen dago bere lekua. Klub zuri-gorriak eman dion guztia konpromisoarekin eta leialtasuarekin itzuli gura izan du. Bere lehen urratsak Alavesen egin arren, bihotza zuri-gorria baitu hegalekoak. Bost taldekiderekin batera sortu duen Orsai taldeak kantatzen duen gisara ez dio klub zuri-gorriari «bidea bakarrik egiten» utziko. Bere premia duenerako prest dagoela, alegia.

Eta hala izan da beti. Athleticek sailkapenean zailtasunak zituenean ez zuen kale egin. Orkatilan arazo larriak izan arren, jokatzeko eskatu zion Gaizka Garitanok taldea zulotik ateratzenlaguntzeko. Hala egin zuen. Inflitratu egiten zuten jokatu ahal izateko. Gerora ordaindu egin zuen. Izan ere, orkatilako minak ez dio luzaroan bere onena ematen utzi. De Marcosen eta Athleticen arteko harremana azkenetan egon zitekeelazirudien, baina jokalariakasko duela emateko erakutsi du.

Golak ere bai

Abenduan hamaikakoan lekua egin ziotenetik, taldeko onentsuena izan da. Baloi gabe etengabe ari da bere taldekideei aukerak ematen. Horretaz gain, defentsan asko ari da laguntzen. Eta, gainera, Superkopako finalean gola sartu zuen, baita aurreko astelehenean Getaferen kontra ere. Zelaian ematen ari denagatik eta zelaitik kanpo balio duen guztiagatik taldean lekua merezi duela ari da erakusten.Futbolarekin gozatzen ari da berriz, eta harrobiko jokalariei jarraitu beharreko bidea zein den erakusteko maisu hobea nekez aurkituko du klub zuri-gorriak.

Gaur ere hamaikakoan izan daiteke.Athleticek, bi hamarkadaren ostean, ligan irabazi nahi du Camp Noun. Iñigo Martinez osatu da. «Superkopan oso aukera gutxi sortu zizkiguten. Hori da bidea. Ilusioarekin eta lan handi bat egiteko uste osoarekin goaz», adierazi zuen atzo Marcelinok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.